donostia - Orain arte ipuinak besterik idatzi ez dituen arren, Agustin Zubikarai bekari esker kontakizun luzeago bat sortzeko aukera izan du Garazi Kamiok (Andoain, 1979). Orube abandonatuak nobela da idazlearen bigarren lana, Elkar argitaletxearekin plazaratua, 2012an Igartza bekarekin Beste norbaiten zapatak ipuin-liburua kaleratu ostean.
“Orube abandonatuak hari batean dauden hiru korapilo dira, batzuetan elkarrekin korapilatzen direnak, elkarren artean istorioan zerikusirik ez duten arren”, esan zuen idazle andoaindarrak. Izan ere, bere lehen eleberria hiru kontakizunez osatuta dago, hiru garaitan kokatuak, “baina gauza asko konpartitzen dituzte, etxea, adibidez”. Lehenengo istorioa Mariorena da, 1941ean kokatua, konzentrazio esparru batetik itzultzen denean. “Ez da euskal literaturan asko erabili den gaia”, aipatu zuen Kamiok. Bigarren istorioa berriz, 1989an kokatua, Mirenena da. Drogarekin arazoak izan ditu eta bakarrik bizi da, gose da eta ez dauka dirurik, baina etxetik ateratzeko beldur da. Hirugarren istorioaren protagonista Maider da, eta gaur egun gertatzen da. Maider langabezian dago, baina amari eta lagunei lana duela esan die, eta gezur hori aurrera eramateko istorio bat asmatzen du. “Konturatzen da gezurra sinesten hasi dela”, aurreratu zuen egileak. Gaineratu zuen gaiak eta denborak oso desberdinak direla, “baina hala ere, hiruretan azaltzen diren gauza txiki asko daude, forma desberdina duten arren”.
Gai amankomunari dagokionez, lotsa azpimarratu zuen, “eta nola iristen den jendea beste bati bizkarra ematera lotsagatik”. Adibidez, garai batean drogarekin arazoak zituztenak bakarrik uzten zituztela azaldu zuen. “Gaur egun, bestalde, iritsi gara puntu batera non geure buruari bizkarra ematen diogun”, adierazi zuen, eta hori egin beharrean, porrotak onartzen ikasi behar dugula gaineratu zuen.
Formatuari dagokionez, hiru istorioak tartekatzea erabaki du Kamiok, bakoitzari kapitulu bat eskainiz. “Guztiek dute izenburu desberdina, eta errepikatzen den bakarra Gaua da, bakoitzaren lehen gau hori azaltzen duena, istorioaren muina”.
Ipuingintzatik datorrela ere nabari da liburuan. “Beste lanetan oso kontzentratua dago informazioa, orain gehiago zabaldu behar izan dut”, esan zuen. Hala ere, ipuingin-tzari keinua egin nahi izan dio. “Behin girotuta, kontakizunean gauzak aldatu ditut, eta bukaerak bilatu, ipuinetan bezala”, onartu zuen.