BILBO - Euri eta txalo zaparrek bat egin zuten Noticias Taldeak eta Bilboko Rekalde aretoak urtero antolatzen duten Ortzadar-Rekalde Komiki Lehiaketako (KMK) sarien banaketan. Aurten euskal lurraldetik kanpora joan da saria, Coruñako Uxia Larrosa Villanueva gaztearen eskuetara, hain zuzen ere, Pluto komikiari esker. “Bere lekua bila-tzen du Plutok, guztiok bezala, eta unibertsoaren handitasunean txiki sentitzen da”, azpimarratzen zuen atzo irribarretsu irabazleak, Rekalde Aretoko pareta zuriak apaintzen dituen akuarelazko lau orri horiei pentsakor begira.

Txori erraldoi bat da Pluto, bizitza osoan zehar bere tamaina dela eta eguneroko bizitzan arazo ugari dituena. Mundu osoan zehar bidaitu ondoren espaziora bidaiatzea erabakitzen du, bertan bizitzea, amak esandakoa gogora ekarrita unibertsoaren handitasunean txiki sentituz.

“Udako egun batean pentsatzen hasi eta berehala etorri zitzaidan burura istorioa”, azaldu zuen Larrosak, “laster eduki nuen argi zer kontatu nahi nuen eta nola”. Istorio oso bat lau orritan eraikitzen duen komikia osatzeko akuarela aukeratu zuen, oso eroso sentitzen baita marrazketa material horrekin. Galiziarra izanda, euskararekin izan duen kontaktu bakarra nerabezaroan Berri Txarrak taldea entzutea izan zela aitortzen du Arte Ederretako ikasle honek barre artean, baina fakultateko lagun nafar batek testua euskarara itzultzeko proposamena egin zionean ez zuen bi aldiz pentsatu eta lehiaketan parte hartzeko martxan jarri zen.

“Pare bat astetan osatua zegoen jada Pluto, eta hasieratik funtzionatuko zuenaren sentsazioa eduki nuen, ez zelako laburtutako istorio bat, hasieratik labur izateko pentsatutakoa baizik”. Iritzi berekoak dira epaimahaikideak, istorio labur honen puntu poetikoa eta literarioa goraipatuz. Pernan Goñiren hitzetan, “bere gaia haize freskoa da; leuna da kolorea eta istorioa, baina ez inozoa edo moñoñoa”. Adur Larreak, bide beretik, akuarela eta marrazketa fina nabarmendu ditu, “gidoian kontatzen denaren irudia transmititzeko era egokia” direla iritziz.

Komikietako binetetan eraikitako unibertso txiki horien artean beste lau aukeratu ditu Goñik eta Larreak osaturiko epaimahaiak abenduaren 6ra arte Bilboko aretoan ikusgai egongo den erakusketaren parte izateko: Telebista, Javier Oruel donostiarrarena; Barakaldoko Piedad Ortiz de Urbinaren Faseak pieza; Alai Zubimendiren Iheslaria; eta Joxemielen urtebete-tzea, Juan Antonio Zubeldia tolosarrarena.

OLARIAGA, OMENDUA Urtero legez, KMK lehiaketak euskal komikigin- tzaren munduko pertsonaia bat omendu nahi izan du, eta aurten Antton Olariagaren txanda izan da. Beste askoren artean Ere, Zeruko Argia eta Anaitasuna aldizkarietarako idatzi duen ilustra-tzaile eta komikigileak Ohorezko Saria jaso zuen atzokoan, eta bere lana egituratzen duten hiru ardatzen -komikia, umorea eta euskara- inguruko hitzaldia eskaini zien ondoren entzule bilbotarrei. Olariagarentzat urtero komikigintzari emandako bultzada hau “ezinbestekoa” da “bere ezagutza zabaltzeko”. “Honetan ibili garenok urtetan zehar gure lanarekin disfrutatu dugu eta honelako azpiegitura dela medio guri omenaldi hau egitea eta saria ematea ikaragarria da”, adierazi zuen hunkiturik.

Miren Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak hartu zuen hitza hasieran, eta ilustra-tzaileei egindako omenaldi honen ibilbidea baloratu zuen: “Pixkanaka sendotzen goaz eta urtetik urtera gero eta gehiago asmatzen eta ikasten dugu”. Era berean, sormen mota hau euskararekin uztar-tzen jarraitzeko konpromisoa gogoratu nahi izan zuen.

Bingen Zupiria Noticias Taldeko komunikabide guztien izenean hitz egin zuen, guztiek partekatzen baitute 19 urteko ibilbidea duen Ortzadar kultura-gehigarria, lehiaketako antolatzaileetako bat eta “gaur egun euskaraz argitaratzen den produktu guztien artean zabalkunderik handiena duena”. Zupiriak aipamen berezia egin nahi izan zion aurtengo omenduari, Olagariari esker ikasitakoa eskertuz: “Langile eta behargina izan da komikigintzaren eta ilustrazioaren arloetan, eta horregatik merezi zuen gaurko omenaldia”. Egunkarietan hura bezalako marrazki-pentsalariak asko estima-tzen dituztela aitortu du, “aktualitateko gertakizunei gertutik erreparatu, gogoeta egin, lana erraztu eta esaldi batzuen bitartez zeozer esatea bila-tzen dutelako, ahal bada umorez eta zer pentsatua emanez”.

Non?: Rekalde Aretoa (Bilbo)

Noiz?: Azaroaren 6tik abenduaren 6ra arte.

Atzera begirakoa: Aurten, lehenbiziko aldiz, irabazlearen lanaz eta hautatutako lau komikiez gain, aurreko hiru urteetako garaIleen piezak ere ikusgai izango dira, lehiaketaren atzera begirako txiki bat osatuz.

Antton Olariaga: Omendutako komikigile eta ilustratzailearen lana ere erakusketa honen parte izango da, Zakilixut bere pertsonaia ezagunenaren tira ezberdinak eta beste hainbat material batuz.