Nobela berria. Mikel Peruarena Ansa idazleak bere bigarren eleberria plazaratu du Susa argitaletxearekin, Su zelaiak izenburua daramana. Hernaniarrak Lehen Mundu Gerran kokatu du liburua, Euskal Herrian 6.000 lagun hil baitziren garai horretan, belaunaldi oso bat sakrifikatu zen. Baionako infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak aletuz, krudelkeria neurririk gabeko haren kontakizun gordina dakar eleberriak. Soldadu saldoa da protagonista, infernuko zelaietan sarraski kolektibo baten kiskalia. Eta soldado guztien artean da Filipe Luro ikazkina ere.