Donostia - Akatsa sisteman (5Gora) izeneko diskoa kaleratu berri du Lurra taldeak. Ereñozuko Aieka estudioan grabatu dute Iñigo Muguruza (gitarra) eta Ane Garciaren (ahotsa) bigarren lana, Carlos Zubikoa (baxua) eta Iban Larreburu (bateria) taldekideen laguntzarekin. Berriz ere, formatu akustikoari eutsi diote, baina jorratu dituzten estiloak ani-tzagoak dira: indie-folk, world blues, reggae, ragtime, ska, jazz, dub... Gainera, Xabi Solano, Petti, Maite Neighbor, Jon Elizalde, Jontron, Sergio Patxuko, Oskar Benas eta Xabi Dols lagunen elkarlana izan dute.
Promozioko orria egin duen Kirmen Uribe idazlearen ustez, “giro eta kolore ugariko diskoa” osatu dute, “orain bihotzak bare-bare egiten ditu taupadak, orain lauhazka doan zaldi baten larritasunarekin”. “Disko hau xehetasunez beteta dago, soinu ñabardurak alde batetik eta letra ikusgarriak bestetik, eguneroko bizitzatik irudi argigarriak jasoz”, esan du bizkaitarrak. Hitzak Ane Garcia eta Iñigo Muguruzarenak dira, eta musika Muguruzak berak eta Carlos Zubikoak egin dute.
Duela bi urte sortu zen Lurra taldea. Iñigo Muguruzak (Kortatu, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Sagarroi) bere ikaslea zen Ane Garcia ezagutu zuen eta bere ahotsarekin txundituta geratu zen. Orduan erabaki zuten proiektua abian jartzea.
Aurkezpen kontzertuak gaur hasiko dira Hondarribiako Banakon 21.30ean. Besteak beste, Errenteriako Mikelazulon (azaroak 8) eta Irungo Kabigorrin ere arituko dira (abenduak 20) datozen asteotan. - N.G.