Azken asteotan erantzun bera eman diot bitan, hirutan, enegarrenez egin didaten galdera berari: "Ez, ez dut Ocho apellidos vascos ikusi". Ikusiko dudanari eta eskainiko didaten umoreari buruzko aurreiritziak ditut? Interes falta da nirea, denbora urriaren aitzakiarekin ezkutatutako nagia? Bat-bateko arrakasta handiei diedan errezelo patologiko samarra ote dut eragozpen? Denetik egongo da zerbaitxoren bat nire gogo faltaren almazenean, seguru. Eta seguru badaudela orain bururatzen ez zaizkidan beste arrazoi ezkutu eta ez hain ezkutu batzuk ere, hainbestetan erantzuteko, ia barkamen eske bezala: "Ez, ez dut Ocho apellidos vascos ikusi". Nire zortzi deituretatik, bigarrena, Esnal, aditu batek baino gehiegok defendatzen du gaskoina ote den. Zortzigarrena, Brit (edo Britt) irlandarra omen: legenda familiarrak dioenez, orain hiru bat mende Dublingo marinel ilehori bat Pasaiako neska beltxaranen batekin maitemindu zen; bikotea ez zen egongo lotan, marinelaren deituradun dezente bizi baita Donostiako inguruetan. Ez daukat, beraz, beste euskaldun batzuen pedigreerik. Sei deitura baino ez ditut euskaldunak, eta ez dakit horrek euskaldun seikia egiten nauen. Edo zazpikia, baldin frogatuko balitz Esnal ez dela gaskoina, euskal esne benetakotik eratorritako deitura bat baizik. Ez dut Ocho apellidos vascos ikusi, ez naiz ezagutzen ez dudana juzkatzen hasiko. Baina ezagutzen dudana debatea da: filma estreinatu ondoren suspertu bada ere, satorra bezala bizi da gure imajinarioaren lurpean, eta ziklikoki berpizu egiten da gure euskal sorotxoan tontortxoak eta deskalabrotxoak utziz han-hemen.
Debateak bi adar nagusi ditu. Lehendabizikoak eztabaidatzen duena da arrotzen eskubidea -erdaldunena, alegia- euskaldunon bizkar trufa egiteko. Bigarren adarra da: topikoetan oinarritzen den produktu batek topikoa ez den zerbait eraiki eta eskain dezake?
Dabilen debatean bi adarrak elkarrekin kateatzen dira. Adarrok bi ahari desberdinenak dira, ordea. Lehendabiziko ahariak -arrotzen bertakoak juzkatzeko eskubide eta gaitasunari buruzkoak-, artearen unibertsaltasuna jartzen du talkan. Muturreko galdera ezagunaren arabera, judua ez den batek zilegi du holokaustoari buruzko begirada umoretsua ematea? Kontzentrazio eremu batean bizitzaren puska txiki batzuk ederrak izan daitezkeela esatea, umorez eta samur, izugarrikeria banalizatzea da? Roberto Benigni ez da judua, baina La vita è bella filma oparitu zigun. Bigarren ahariak topikoak talkatzen ditu. Bertako/kanpoko debatea zortzi deituren topikoarekin berdintzen bada, zortzi deitura izateak mugatzen du euskaltasuna? Euskal jatorriko deitura bakar bat ere ez duen euskaldun asko bizi da euskaraz gure plazetan eta plazetako kale-kantoietan. Horiek ez dira, nonbait, irria eragiteko gai. Topikoak ez du ez salbuespenik ez xehetasunik onartzen. Topikoak tipikoa bilatzen du, diferentziak ezabatzen ditu, berezitasunak berdintzen. Umorea ere adimenaren aktibitate bat da. Mundua ulertzen lagun dezakeen trepeta bat. Umorea topikoetan oinarritzen bada eta betiko topiko-sorta areago gizentzen badu, algarak eragingo ditu, formula seguru samarra da. Ez du, ordea, munduaz dugun pertzepzioa aldatzen. Onenean, barrezka jartzen gaitu, barruan daukagun korapiloren bat askatzen digu, liberatu egiten gaitu. Xaloa ez den ondorio batekin: koipeztatu egiten du gure topikoen makinaria berdintzailea. Kafka umoregile aparta zen, Kafka umore klabean irakurtzeko aholkatzen digu Kunderak. Eta hala egiten denean, mundua hankaz gora ikusten dugu, ez dago zirtotik ihes egiten duen auzirik, herrenik gabeko pentsamendurik, gaiztakeriaren bat ezkutatzen ez duen bertuterik. Mundua txantxa kosmiko bat da, txantxa kosmiko baten erdian bizi gara. Umorearen egitekoa da -ez bakarra, baina bai nagusia- errealitate horren ertzak erakustea, baina ez dramatikoki edo tragikoki, komediaren bidez baizik. Hori eskaintzen zaigunean, dibertitu egiten gara gure buruak paradero horretan ikusita, baina, aldi berean, asko ikasten dugu gure buruak paradero horretan ikusita. Umorearen muin-muinean dago Horazioren prodesse et delectari hura (irakatsi eta atsegin eman): mundua hankaz gora ikusten dugunean, barre egiten dugu hasieran, deseroso sentitzen gara gero. Mundua barregarri ikustetik, laster pasatzen gara gure buruak ikustera barregarri. Gure buruak diot. Ez besteenak; edo ez, behintzat, besteenak soilik. Irakurle, abisatu dizut hasieran: ez, ez dut Ocho apellidos vascos ikusi.