Donostia - Zalduaren azken liburua duela 14 urte hasitako ibilbidean mardulena da. Guztira, 41 ipuin bildu ditu -kontrazalekoa barne-, azkeneko zortzi urteetan idatziak. Ohi bezala, askotariko gaiak eta estiloak jorratu ditu ipuinlari donostiarrak, betiere zorroztasun, fikziorako asmamen izugarria eta ironia-dosi handiz hornituak.
Ia 300 orrialdeko liburua da, hiru zatitan banatuta. Hiru ipuin liburu ezberdin izan zitezkeen?
-Ez, ez dut uste. Ipuinlari baten ipuin liburu bat da, eta ipuinlariok hori egiten dugu maiz: ipuinak metatu, gorde, eta itxaron kantitatea, metatzearen metatzeaz, kalitate bihurtzen den arte. Eta, orduan, kimatu, ipuinak kendu. Neurri batean, Etorkizuna (2005) haren jarraipena dela esango nuke.
Fantasia eta errealismoa uztartzea gustuko duzu? Helburu ezberdinarekin erabiltzen duzu bata eta bestea?
-Ez bereziki. Errealismoa konbentzio bat da, genero fantastikoa bezainbeste, eta batzuetan sinestezinagoa suertatzen da fantasia batzuk baino. Eta gogoratu Borgesek zioena: "literatura guztia da fantastikoa, edo, denborarekin, fantastikoa bihurtzen da".
Zenbait ipuinetan literatura autobiografikoaren arriskuei buruz idatzi duzu eta Twitterreko ipuinaren protagonista Iban Zaldua da...
-Nire buruaz barre egiteko, lehenik eta behin. Eta, bestetik, autofikzioaren moda horretaz pixka bat trufatzeko, orobat, nire izena egoera jakin batzuetan ipinita argi eta garbi fikzioa egiten ari naizela adierazi nahi dudalako. Oro har, liburu honek fikzioaren aldarrikapen bat izan nahi luke, egile batzuk, gero eta sarriago, "fikzioaren nekeaz" kexatzen ari diren garaiotan.
Arazoren bat izan al duzu inoiz egiazko gauzak eta gertuko pertsonen istorioak zure ipuinetan kontatu izanagatik?
-Bai. Nork ez, azken batean. Faulknerrek zioen amari lapurtu behar bazion ere, idazleak ez zuela zalantza egin behar. Nik, ziurrenik, askotan egin dut zalantza, baina egin ez dudanean ordaindu behar izan dut. Normala den bezala.
Capoteren aipua erabili duzu narrazio baten hasieran: "Idazleak duen material bakarra ezagutzen duena da". Ados zaude?
-Ez beti. Batzuetan, zorionez, materialerako beste iturburu batzuk daudela pentsatzen dut.
Eta zeintzuk dira zure iturburuak? -Ez dut uste horretan orijinala naizenik, idazle gehienonak direla esango nuke. Bizitakoa iturburu bat izaten da, noski, baina baita irakurritakoa ere, edo film batean ikusitakoa, edo kontatzen dizuten zerbait; inoiz, oso tarteka, amestutako zer edo zer, baina oso gutxitan: mesfidantza eragiten didate ametsez abusatzen duten idazleek?
Umorea da zure narrazioen ezaugarri nagusietako bat, betiere tragedia eta absurdoarekin nahastuta.
-Posible da, bai. Ez ezaugarri bakarra, baina bai horietako bat, asmoz behintzat. Baina umorea beti irakurlearen kontu bat da, ez egilearena. Horregatik da horren zaila asmatzea umorearekin. Poztuko nintzateke hala balitz, baina ez dakit lortzen dudan.
Umorea da zure narrazioen ezaugarri nagusietako bat, betiere tragedia eta absurdoarekin nahastuta.
-Posible da, bai. Ez ezaugarri bakarra, baina bai horietako bat, asmoz behintzat. Baina umorea beti irakurlearen kontu bat da, ez egilearena. Horregatik da horren zaila asmatzea umorearekin. Poztuko nintzateke hala balitz, baina ez dakit lortzen dudan.
Identitatearen arazoa ere maiz agertzen da zure kontakizunetan, bai zentzu ideologikoan, bai pertsonalenean (diruditena ez diren pertsonaiak)?
-Ez dakit. Aspaldiko obsesioa da. Agian "traidore" hitza maiz entzun dudalako nire inguruan, eta, ondorioz, bikoiztasuna kontu interesgarria bihurtu delako, niretzat. Bikoiztasuna, eta hirukoiztasuna, eta laukoiztasuna?
Metaliteratura oso presente dago berriz ere. Beste obsesio bat da?
-Irakurketaren gaixotasunaren albo-kalteak dira, ziurrenik. Metaliteratura irakurmaniaren sukarra da, neurri batean.
Berriz ere, euskal gatazka ukitu duzu ikuspuntu askotatik: presoak, bizkartzainak, etakideak, senideak, biktimak, torturak? Zerbait argitu duzu edo 'Nire buruarekin eztabaidan'-eko pertsonaia bezala geratu zara?
-Gauzak gero eta lausoago ikusten ditut, adinean aurrera egin ahala. Argiago ikusiko banitu ziurrenik ez nituzke ipuinak idatziko, saiakera burutsuak baizik. Auskalo zer izango litzatekeen egokiago?
Erdiko zatian, hau da gatazkaren metafora politenetakoa: "Urrats batzuk eman nituen zelairantz, baina berehala gelditu behar izan nuen, takoiak tinko itsatsita geratzen ari zitzaizkidalako lokatzetan".
-Ba pozten naiz, metaforetarako oso baldarra naizelako. Seguru asko nahi gabe atera zait ondo?
Zailagoa al zen indarkeriaz idaztea ETAk armak uztea erabaki baino lehen?
-Niri, behintzat, garai batzuetan oso zaila egiten zitzaidan. Baina oraingo egoerak baditu bere arriskuak ere, perspektiba galtzea edo banalizaziora jotzea adibidez. Nik uste dut guretzat beti izango dela zaila, alde batetik edo bestetik.
Saizarbitoriaren aburuz, "harrikada bat dira" zure ipuinak. Zer izan behar du ipuin on batek? Harridura sortzea da inportanteena?
-Gauza askok egin dezakete on ipuin bat, zorionez, baina are gehiagok hondatu. Horregatik huts egiten dute ipuinak idazteko dekalogo edo prezeptiba gehienek. Sorpresa erabiltzea ohiko baliabidea da, baina inportanteagoa da, amaierako ezustekoa bera baino, ezusteko hori nola kudeatzen duzun. Baina ageriko ezustekorik gabeko ipuinak, carvertar motakoak adibidez, besteak bezain eraginkorrak izan daitezke, edo gehiago, ni ildo horretan horren trebe sentitzen ez banaiz ere?
'Nobela nazioak, ipuin herrialdeak' epilogoan ipuinaren apologia egin eta zera diozu: Euskal Herria ipuin herrialdea dela eta ez nobelaren nazioa?
-Hipotesi bat da, egun batzuetan gehiago sinesten dudana beste batzuetan baino. Baina badu oinarririk, euskal ipuingintzaren sendotasunak frogatzen duen bezala: hor daude Uxue Apaolaza, Ana Malagon, Eider Rodriguez edo Xabier Montoia bezalakoen narrazioak, besteak beste?
"Nik, badaezpada ere, ipuinak idazten jarraituko dut", diozu amaierako paragrafoan. Nobela mardul bat zergatik ez?
-Ondo dakidalako zer jatorri duten: biak ala biak, azken batean, gaizki irtendako ipuinak dira! (Barreak) Dena den, ez dut esaten atzera bekatu egingo ez dudanik. Gutxi fio idazle batek bere lanari buruz egiten dituen iragarpenekin?
Beraz, 300 orriko nobela idazteko gai ikusten duzu zeure burua?
-Auskalo. Oso genero ezberdinak dira, eta, salbuespenak salbuespen, ipuingile onek ez dute maila bera ematen nobelagintzan, eta alderantziz. Edonola ere, nobela bat ez, baina hirurehun orrialdeko fikzio bat ida-tzi dut jada: liburu hauxe. Ipuin liburuek, beren osotasunean hartuta, ez dut uste lan gutxiago ematen dutenik tamaina bereko nobelek baino. Lana eta denbora hori kudeatzeko modua, hori bai, oso ezberdina da.
Zer duzu eskuartean orain?
-Oraingoz, autoitzulpengintzan arituko naiz. Uda honetan Biodiskografiak gaztelaniatzen amaitu nahi nuke. Hori da nire helburu hurbilena. Gero, gerokoak?