zaborren eta obramenduen ez dakit zenbat tonez osatutako bola alimaleko bat omen dago Londreseko estolderietan, kontrolatzen zaila dena, erremediorik jartzen ez bazaio handitzen eta handitzen joango dena, lehergailu sekulako baten neurriko zaparta eragin dezakeena. Gaizki kudeatutako zaborrak, gantzek eta olioek omen dute bola alimaleko hori sortu izanaren kulpa. Fatberg (gantz-mendi) deitzen diete lur azpiko halako zabor-metei.
Albisteak metafora baten indarra du. Bizi-tza eta historia ulertzera eraman gaitzakeen alegoria batena. Bizi garen zorupean estolderiak dauzkagu. Dickensek deskribatzen zituen bezalako zulo septiko zikinak, gure obramenduei eta materia ustelenei bide emateko hodi-sare lurpekoak. Obratzen duguna gure osasun-sistemak baztertutakoa baita, ez zaigu gustatzen. Zikina da ikusteko, kiratsa dario. Hortik estolderiak eraikitzeko premia. Bizi garen zoruaren azpian, zulo septikoa. Zilegi da: higieneak hala eskatzen du.
Zilegi ez dena, kaka bera ere zikintzea, fatbergak sortzeraino. Harri Lamek, Graham Greeneren Hirugarren gizona pelikulako protagonistak, Vienako estolderiak baliatzen ditu hiri okupatuko lau lurraldeetara iritsi eta penizilina adulteratuarekin trafikatzeko. Ez zaio estolderietako kiratsa gustatzen. Estolderiei esker lortzen duen diruarena, bai.
Durangaldean "kaka dauko" esaten omen dute gertakari edo historia lohi gordinen bat bizi izandakoarengatik. Denok dauzkagu zer gordeak, ganbaran ezkutatzeko moduko pasarteak. Ez ditugu haizeratzen, ez zaigu inork gogoratzerik gustatzen. Sanidade psikologikoak premiazkoa du diskrezioa.
Gizarte batek, hiriek bezala, estolderiak ditu, higieneak hala eskatzen du. Baina homo faber bat homo fatberg ere bihurtzen denean hasten dira arazoak. Gizartearen estolderietan gizarteak onartzen eta kontrolatzen ez dituen materia adulteratuak sor-tzen direnean, gizartearen beraren etorkizuna arriskuan jartzeraino. Ustelkeria politikoa da adibide bat. Alderdi politikoek kontrolatu ezin duten -edo desegin nahi ez duten- fatberga kolokan jartzen ari da behin eta berriro gizartearen burujabetza (eta propio ez darabilt demokrazia hitza). Ustelkeria askok dirua du motore, baina ez beti. Boterea pilatu nahiak eragindako ustelkeriak desmasia antidemokratikoak eragiten ditu. Ez gaude adibideen faltan.
Indarkeriarena da beste fatberg bat. Betiko atzean uzteko esperantza hauspotu nahi genuke, baina ikusten ari gara: gaur bero delako eta biharko hotza iragarri dutelako, baldarki eta ausardiarik gabe ixten badugu kapitulu hura -egiari begietara begiratu gabe- fatberg bat gizentzen segituko dugu gizartearen burujabetzaren zoru azpian eta kaltetan.
Eduki adulteratuz adostutako zoru etiko batek oso hurbil du zulo septikoa itsutu dezakeen gantz-mendi baten arriskua; eduki gizalegezkoekin adostutako zoru batek baino askoz ere hurbilago. Areago: adostasun etiko laburreko gizarteetan zulo septikoak laster egiten du gainezka, eta gizartearen kaleetan barrena barreiatzen da olatuak bezala. Eta kontu jakina da olatuak ziklikoki agertzen direla.
Bizitzen ari garen egoeran, eta ETAk armak noiz utziko zain, derrigorrezkoa da egindako kalteari buruzko aitorpen garbi bat. Aldiz, gizarte burujabe baten sen eta mami demokratikoak on osasungarria du eskuzabaltasuna. Mendekuzko jardunik gabea, denok bertan kabitzeko moduko etorkizun bat bilatuko duena.
Elkarbizitza saneatzeaz gainera, hainbestetan gertatu zaigun tamala ere utzi nahi dugu atzean. Atzean utzi nahi dugu zulo septikoko ur zikinek zoru etikoa nola gainezkatzen eta estaltzen duten ikusteko errutina.
Berlin inguruetan badira alemanek deabruaren muinoak izendatzen dituzten ehun-berrehun metroko tontortxo batzuk. Belar berde distiratsuz estaliak, jendeak estimu handitan ditu duna itxurako tontorrak, nahiz uda partean goitibeherekin ibiltzeko, nahiz neguan eskiatzeko. Tontorron historia ez dakienak, uste du muinoak naturalak direla, hantxe egon direla mundua mundu denetik. Bertakoek, aldiz, oso gogoan dute nola sortu ziren: Bigarren Mundu Gerrak Berlinen utzitako hondakinak daude belazeen azpian.
Tontorren gainean, jendea paseatzen, bizi-tza aurrera doala dioen egunerokotasun naturala gozatuz. Belar distiratsuaren azpian, gerraren hondakinak. Tontorren izenak -Deabruaren muinoak- gordetzen du jendearen baitako memoriaren oihartzun publikoa. Deabruak uxatzeko modu eraginkorra da deabruak ez ahaztea.