Bilbo. Sarrera guztiak agortuak ditu Orioko Bardoak, bere diskoa barneratua duen publiko fidelak egin diezaioketen gorazarre txikiaren seinale. Dagoeneko kontziente da bere kantugintzak euskal kulturan izan duen garrantziaz. Baina berak nahigo du kultura hitzaren zentzu hertsia gainditzea: "Kultura jaiotzen garenetik bizitzan egiten dugun guztia da, gure kulturaren ondorioa gara, onerako edo txarrerako".
Hainbat alditan jo duzu Arriaga an-tzokian, zer nolako esperientziak izan dituzu bertan?
Oso onak, antzoki ederra da eta gustagarria da horrelako antzoki klasiko batean jotzea.Gauza horiek beti dute halako lurrin historiko bat, nahiko erakargarria egiten dena.
Inoiz aitortu duzu disko berri baten aurkezpena egin baino lehen kantak publikoarekin probatzea gogoko duzula, horretarako paradarik egongo al da Arriagako kontzertuan?
Ez, momentuan gauza berri batzuk idazten ari naiz, patxadaz eta lasai. Baina oraindik eszenatokian aurkezteko moduan ez daude, ez baitaude bukatuak. Letrekin ari naiz.
Dagoeneko publikoarengan zure abestiek nolako eragina sortzen duten asmatzea lortu al duzu?
Ibilaldi luze baten ondoren bai. Belaunaldiak berritu diren arren publikoa joaten da kontzertuetara, eta horrek esan nahi du belaunaldiez gain denboraren filtroak pasa dituzten kantuak baditudala.
Badaramazu denboratxoa 'Oroimenaren oraina' oholtza gainean aurkezten, zerbait berezirik sumatu al duzu azken disko honekin?
Kantuak egin ahala, paseatu egin nituen. Gogoratzen dut diskoa grabatu aurretik, sei edo zazpi bat kantu emateko gai nintzenean, jendeak grabaketa batzuk eskatu zizkidala zenbait kontzertutan. Kantuak kontakizunak bezalakoak dira, oso intimistak, badute halako lurrin poetiko bat eta horiek entzuteko garaian jendea posizionatu egiten da. Horrelako zerbait sumatzen dut grabatu eta gero ere. Diskoa atera dela pasatu da denbora, eta, orain, kantuak Bilbon eman nuen lehen kontzertuan baino barneratuago daude.
Aldarrikapen politikoen gainetik, zure musikaren letrek orain dela 40 urte helarazi nahi zuten mezu berdina dutela uste al duzu?
Garaian garaiko kontzeptuak izaten dira. Garai batean pentsatzen genuen kantua zuzena, politika kutsua duena, erreibindikatiboa... izan behar zuela. Orain kantu pertsonalagoak egin nahi ditut. Politikaz mintzatu naiz publikoan behin baino gehiago, baina gero kantuak nire konstanteen isla izatea nahiago dut, eta horretan nago. Gauzak modu askean kontatzen direnean, gizakiaren joerak zeharka agertzen dira. Baina ikusten ditut asko errotu diren kontzeptu batzuk; adibidez, kulturaz hitz egiten denean atal bat kubritzen da. Eta beste gauza batzutaz hitz egiten denean kulturarekin zerikusirik ez dutela uste da. Kultura jaiotzen garenetik bizi-tzan egiten dugun guztia da, ez du jendeak pentsatzen duen bezala konnotazio onuragarririk. Denok gara bizitzan zehar egiten dugun guztiaren ondorioa. Gure kulturaren ondorioa gara, onerako edo txarrerako.
Gure kulturaren ondorioa gara beraz; baina kolektiboki ala indibidualki?
Indibidualki egiten dugunak oihar-tzuna du; hau da, ondorioa. Berez egokiena da ispilua begiratzea baina zure burua ikusteko eta ez ispiluari begira egoteko. Gutako bakoi-tza besteentzako ispilu gara; beraz, egiten dugun horren araberako izaera dugu. Horrek eragina du zugan eta besteengan ere.
Egia da edadearekin norberak gauzak erreprimitzeari uzten diola?
Aspaldi samar deskubritu nuen munduari buruzko gauza sakratuetaz hitz egiten, baina oso garbi daukat gauzarik sakratuena gure askatasuna dela. Askatasunak ez du esan nahi bakarrik besteek ezarritako arauen arabera bizi ez izatea, askotan tiranorik handiena gure baitan dugu. Ona da, zerbait pasatzen zaizunean, guzti hori zertara datorren begiratzea; nik askatasuna horretan ikusten dut. Gauzak erreprimitzeak ez du onurarik ekartzen, askotan itxurakeriagatik erreprimitzen dira. Pentsatzen ditudan gauza asko esango banitu publikoan, baldintza okerretan, ziur aski, gaur ez, baina beharbada duela hirurehun urte plazan erreko ninduten. Inteligentea baldin bazara ez diezu aukera hori ematen, gorde egiten duzu zuretzako. Hori erreprimitzea da ala inteligentea izatea da? Barne senetik baino ez da ikusten, eta ez ezagueratik eta erudiziotik.
Kontziente al zara euskararen eta euskal kulturaren transmisioan zure musikak izan duen garrantziaz?
Izango zuen, bai, egia da. Mende erdi bat daramat kantuz eta horrek esan nahi du denboraren filtroa pasa dudala. Hori egia litzateke, gertatzen dena da ez zaidala gehiegi interesa-tzen horri begira egotea, azkenean tontotu egiten zaituelako. Berez harro egoteko arrazoirik ez dago. Hori lotuta dago askotan gizakiak esaten duen horrekin: "Helburua zoriontsu izatea da". Zoriontsu izatea erraza da momentu batzuetan. Nik behintzat badakit jendea zoriontsu egiten, tranpa eginda ere: laudorioak ematen dizkiozu, bere egoa salbatzen duzu eta kontent doa. Baina halako batean, beste batekin topo egingo du eta harek guztiz kontrakoa esango dio eta ikaragarrizko kaskarrekoa hartuko du. Ez dut hori jorratzen. Egoerarik interesgarriena serenoa da eta gauzei begiratu behar zaie zeharka, erlatibizatuz.
Denboraren filtroa gainditzeaz ari zarela, uste duzu gaur egun ere filtro hori gainditzen duen musika egiten dela?
Beti izan da, baina portzentaia bat, gutxiengo bat. Denbora gainditzeko talentua mundu guztiak balu orduan beste gizaki mota bat izango ginateke. Maila ezberdinak daude, ba-tzuk sortzen dira talentu konkretu batekin eta hori behar bezala jorratu baldin bada islatu egiten da. Beti egon da jende eternoa.
Zure musika euskal kantugintzaren aro baten ikur dela esaten da; horrela bada, hurrengo aroaren ikur nor den esaten ausartuko zinateke?
Ez, nik ez daukat baritarik hori esateko. Azkenean gauzei begiratzen diegunean zure pertzepzioa jartzen duzu, eta zu ez zara mundu guztia. Gauza bitxiak ikusi ditut nire ibilbidean, bere garaian baloratu ez nituenak eta gero eztanda egin dutenak. Beti kontatzen dut anekdota moduan Bizkaia maite diskotik atera genuela, orduko biniloek muga zutelako. Azkenean sartzea lortu genuen eta begira zer gertatu zen! Baina guk ez genuen baloratu. Nor naiz ni esateko zerk gaindituko duen denboraren filtroa?
Ez dago horrelakoak aurreikusteko modurik, orduan.
Garai hartan pentsatzen genuen gauza baliotsuak egitea asko kostatzen zela. Bizkaia maite 20 minututan egin nuen kantua izan zen, horrek eragin zidan pentsatzea ez zuela larregi balio, engainatu egin nintzen. Ta geroztik dakit, gauzak erraz ateratzen direnean gauza horiek urrutira heltzen direla. Nola egiten diren kantuak? Egonez. Zure gogoa dago prestatua gauza horiek bideratzeko. Baina azkenean bizitzaren jarrera bat da. Nik lotan ere ikusi ditut kantu batzuk. Ez zait gehiegi gustatzen horretaz hitz egitea. Loa kendu didaten kantuekin borrokan ibili izan naiz, goizeko hiruretan jaiki, estudioko kajoia ireki, testu bat hartu eta doinu hori horretarako zela konprobatu. Ez dakit zergatik pentsatzen dut kanta batek bere bizitza propioa duela, eta ari zen nire gogoaren ate joka, eta ez zidan loa hartzen uzten. Ikusi nuenean doinu hori letra horretarako zela oheratu nintzen eta segidan lo hartu nuen. Gauzek misterio handia dute.
Zure ibilbidean zehar egin nahiko zenukeen zerbait egiteke duzu oraindik?
Ez dakit zer daukadan egiteke... ez dut ordena hori jarraitzen. Egiten diren proiektu guztiak denborarekin loturik dauden konpromisoak dira. Nora ailegatu nahi duzu? Ez dut inora ailegatu nahi! Jendeak beti pentsatzen du gauzak bilatu egin behar dituela eta bilatzen ari den une horretan ari da bere kartzela egiten. Gauzen bila zabiltzanean ez duzu behin ere lortzen, edo bilatzen dituzu denbora baterako gauzak. Baina askotan esaten da: "Nik nahi dut maitasuna". Eta horrelako gauzak, psikologiari lotuta daudenak, ezin dira bilatu. Bilatzeari uzten diozunean, dena etorri egiten zaizu. Utzi gauzak datozen bezala hartzen.
Sinesten al duzu damuak zerbaitetarako balio duela?
Ikusi behar da damua zein erreakzio mota den. Zerbaitetan hanka sartu baldin baduzu, kritika egiten duzu; eta damua hori da, horren kritika egitea. Egin duzuna gorrotatzen duzunean, orokorrean, garbitu zara erabat. Hortaz, oso zaila da berriro hori errepikatzea. Azkenean ego horri begirada bat botatzea da.
Kontzertu gutxi batzuk dituzu aurreikusita hurrengo hilabeteetarako. Hautakorragoa bilakatu al zara?
Ez, gertatzen dena da egoera ikaragarri aldatu dela. Uste da krisiarekin gauzak ezin direla egin, baina askotan ezaguera edo interes falta da. Nire kontzertuak, zorionez, jendeak finantzatzen ditu lehiatilatik pasa-tzen denean. Ez du fundamenturik esatea: ezin dugu, ez dago dirurik... Nik ez diot eskatzen inori opari gisa kontzertu bat emateko. Nik ez daukat esan beharrik, beraiek ikusi beharko lukete inbertsio ona den ala ez. Gauza asko esango nituzke honi buruz. Zenbait tokitan ikusi da, herrian jende askoren nahiaren kontra egiten dela, udaletxeetatik ez dutelako ezer egin nahi. Horrelako egoeran bizi gara une honetan.