Donostia. Lauaxeta, Lizardi eta Lete. Euskal poesiaren munduan erreferentzia izan diren hiru idazleen lanak agerian mantendu daitezen esfortzua egin dute Anjel Lertxundi eta Antton Valverdek. 3L izeneko DVD bat kaleratu du bikoteak Pamiela argitaletxearekin, irailean antolatutako Poesia Orduak ekitaldian Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan eskainitako kontzertuaren grabaketarekin. Bertan, "hiru idazleak zentzu sakonenean erakusten ditugu", adierazi zuen atzo Lertxundik proiektuaren aurkezpenean. Hala ere, poeta bakoitza modu desberdin batean ageri da, egileek azaldu zutenez. Idazlea eta musikaria "litemusika" deituriko arloan kokatu dira lan honekin, Lertxundik hiru poetei buruzko hitzak jarri baititu, sarrera moduko bat idatziz, eta Valverdek hauen poesiak musika-tu ditu. Euskal idazle hauen olerkien bildumarako, Valverdek jada landuta zituen abestiak erabili dituzte gehienbat, "betiere hari bat jarrai-tzen saiatuz", baina hiruzpalau abesti gehiago ere musikatu ditu. "Proiektu honek gehien landu ditudan poeten lanak uztartzeko beta eman dit", aitortu zuen musikariak. Lertxundik bere adiskidearen lana goraipatu zuen. "Antton oso ona da erritmo espiritual batera iristen bere musikarekin, irakurle on baten musika egiten du eta poesiaren barnera eramaten gaitu", adierazi zuen. Bestalde, bere rolari buruz hitz egiterakoan, bere egitekoa "artista hauek kokatzea" izan dela azaldu zuen, "bai kulturalki, bai poetikoki". "Ni naizen irakurlea, idazlea eta literatura irakaslea ikus daitezke nere lanean", gehitu zuen idazle oriotarrak.
Hiru poeta hauen lanaz gain, beste gehigarri bat ere badu liburu batez lagundutako DVD honek. Izan ere, Ricardo Arregiren poema bat ere sartu dute, "gaur egunarekin pasalelismo bat sortuz", Lertxundik adierazi zuenez.
lete abiapuntu Proiektu hau orain dela hiru urte inguru jarri zuten abian. "Xabier Lete hil eta berehala, Anttonek eskaintza bat izan zuen Iruñeako hizkuntza eskolatik Leteren hainbat kanturen emanaldi bat emateko", gogoratu zuen Lertxundik. Musikaria nagi samar zegoen bakarrik egiteko, eta idazlearengan pentsatu zuen, bera ere Leteren laguna baitzen, eta bere kantuak aurkezten eta sarrera bat egiten lagundu liezaioken galdetu zion . "Azkenean, biok batera antolatu genuen emanaldia", esan zuen idazleak. Biek saio haren oso oroi-tzapen onak dituzte, konplizitate pertsonalaz gain, konplizitate artistikoa ere sortu baitzen beren artean. "Horren ondoren ikusi genuen bide horretatik aurrera egitera geneukala", zioen Lertxundik. Lehenengo unetik argi izan zuten Letek izan behar zuela proiektu horren abiapuntu, baina haratago joatea erabaki zuten. "Biok maite genituen beste bi poeta hartu genituen Leterekin batera oinarri bezala", adierazi zuen Lauaxeta eta Lizardiz hitz egitean, gainera euskaldunon mundu sinbolikoa gogoratzen dutela arrazoituz.
"Lan egiterako orduan, afinitate sentimental, kultural eta estilistikoa dugu", aitortu zuen idazle gipuzkoarrak. Horregatik, biak batera aurrera egitea espero dute biek, "sorkuntzan adinaren mugarik ez dagoela" iruditzen baitzaie.
Datorren urtearen hasieran pare bat emanaldi eskaintzeko inten-tzioa dute. "Hitzartuta ditugu emanaldiak Iruñean eta Gasteizen, baina data jartzea falta da", azaldu zuen Valverdek.
Bestalde, urrutirago begiratzen dute eta balizko proiektu bat ere pentsatzen ari dira. "Gaur egungo poesia aztertzen ari gara orain", aurreratu zuen Lertxundik, "tanteo" bat egiten besterik ez ari diren arren. Biek borondatea dute etorkizunean beste proiektu bati aurre egiteko.