BILBO. Munduko lehiaketarik bitxienetakoa da Bertsolari Txapelketa Nagusia. Badago txapel bat, baina milaka dira irabazten dutenak. Zaleek badituzte beraien faboritoak, baina ez dute nahi inork gal dezan. Bertsolariarentzat berarentzat ere gehiago da autoborroka, eta ez bestearen kontra egiten den norgehiagoka zikina. Guretzat ohikoa den gertakari hau aztertzeko dozenaka ikerlari hurbilduko da bihar Barakaldoko BECera, bertsogintzaren gakoak ete ertzak berta-bertatik ezagutzeko. "Ostiralean -atzo- aurkeztuko dugu BECen Terraza Zientifikoa deitu zaion espazioa, ikerlari gisa datorren jendearentzat jarria (finalaren itzulpen bapatekoa izango dute). Kataluniatik badator hogeikote bat, emakumezkoak gehienak, Galestik eta Nevadatik ere bai, Cambridgeko unibertsitatetik, Alemaniatik, Hungariatik, Oral tradition aldizkariko zuzendaria ere badator, Andaluziatik, Madriletik Kultura ministerioko teknikari batzuk... Guztira 40-60 bat lagun. Jendea kanpotik begira daukagu eta espero dezagun denok elkar aberastea", esan du Bertsozale Elkarteko Iñaki Muruak.
Aspaldi hartu zuten gure bertsolariek atzerrirako bidea, eta orain badirudi alderantzizko joera ere badagoela. "Badugu zer ikasi eta zer erakutsi, eta egin dezagun konplexurik gabe", azpimarratu du Muruak. Udan Mexikon izan ziren, eta han ikusitakoaren ondorioak azaltzen ditu Elkarteko lehendakariak: "Ikusi dugu betiko Estatu indartsu direla diruditen horietan, nola Mexiko, Argentina edo Kuba, bertako kulturak, kultura indigenak gu baino okerrago daudela, iniziatiba pribatu eta indibidualaren menpe; gu, sikiera, taldean antolatuta gaude, eta alde horretatik iruditzen zait ezin garela egon herri bezala ez dakit ze antolaketa eskuratzeko zain, geuk jarraitu behar dugu lanean, eta etorriko da etorriko dena, baina ezin gara kanpotik etorriko denaren zain geratu".
Eta horretan dihardute aspalditik, bertsoaren errotari eragin eta eragin. Hausnarketa eta ibilbide guzti horren emaitzarik ikusgarriena izaten da Txapelketa Nagusia, eta aurtengo jardunarekin pozik daudela azaldu du Muruak: "Saio gehienetan sarrerak agortu zaizkigu, olde horretan gazte asko sumatu dugu, eta gustura gaude bertso plazetan izan den emaitzarekin, sortzaileak gogor saiatu dira, lortu dute umorea, ironia, jendearekin konekta-tzea... Salbuespen batzuk kenduta, saio politak izan ditugu".
Modu desberdinak 2009ko Txapelketa belaunaldi berriaren aldarrikapen gisa hartu izan da maiz. 2013koa, belaunaldi horren finka-tzea? "Erabat. Eta belaunaldi berriak bertsoa egiteko modu desberdinak ekarri ditu. 80. hamarkadan belaunaldien arteko aldea handia zen, hiztegi aldetik, gaiak tratatzeko forma,... Orain, ñabardura askozaz gehiago dago, bakarkako gaietan, esate baterako, egoera oso ireki eta libre bat uzten da eta ia-ia gaia eta bertsoak denak bertsolariak egin behar dituen egoerak plantea-tzen dira. Orduan, gaietan alde handia zegoen, gaiak emateko josturan ere bai, ofizioak oso markatuak ziren... Aldaketa dexente. Oraingo bertsolariak beretik kantatzeko joera gero eta nabariagoa dakar, eta beretik kantatzeko ezin du hainbeste pertsonaiatik aritu baizik eta pertsonatik".
Orain, bertsolaria bersatilagoa da. "Balio aniztasunean eta dibertsitatean mugitzeko gaitasuna dauka. gai desberdinetan ari-tzekoa. Umorean ez dakit Lazkao Txikirik dagoen, baina Lazkao Txiki ez zen umorea bakarrik, eta orain aniztasun horretarako gai den gero eta jende gehiago dago", agertu du Gabiriako bertsolariak.
Gaur egungo bertsolariaren profila nabarmena da, lehendakariaren iritziz: "Gustatuko litzaiguke bere lekua egin duen langile fin bat izatea, informazioa bere bizioetako bat duena eta denbora guztian erantzunaren bila, egiaren bila, gozamenaren bila, ekipoko lanaren bila, arrazoi osagarrien bila dabilen pertsona bat izatea, gizartean bere lekua egiten ari dena".
Euskalgintzari Bertsolaritzak euskalgintzari egin diezaiokeen onura ere agerikoa da, Muruaren ustez: "Euskara ondo erabiltzeko ai-tzakia, arrazoi eta premia bikain bat ematen du bertsoak. Horrez gain, kultura espresio desberdinen arteko lotura izateko aukera du bertsolaritzat; momentu honetan daukan indar erakarlea horretarako erabili daiteke. Eta, azkenik, beharbada, jende gazteari eta unibertsitario gazteei leiho bat eskaintzeko".
Azken urteotan bertsolaritzak izan duen abantea ezin da ulertu kontutan hartu barik bertso eskolen eragina: "Hasieran izan zituen horrek ere detraktoreak, eta batzuk galde-tzen zuten harkaitzekoa edo kupelekoa zen belaunaldi berria, alegia, autentikoa ala kopia, eta ziklo hori ixten asmatzea izan da gure azerturik handiena. Eta gero bertso eskolena dago, jakina. Hezkuntzan eragin dugu horrekin, bertsolaria ezagutaraziz; gero bertso eskola eskaini diegu; aisialdia ere astindu dugu, egundoko aberastea ematen dela hor, benetako loturak sortzen direlako; eta lortu dugu bertso eskola herrian txertatuta egotea eta herriko ekin-tzetan parte hartzea". Emakumezkoarentzat ere bendizioa izan dira bertso eskolak. "Bertso eskoletan eta eskola garaietako adinean emakumezkoaren eta nesken presentzia izugarria da, ia sari denak irabazten dituztela, baina gero bidean galtzen zaizkigu eta aztertu egin behar dugu hori".