barakaldo. Hamar egun baino ez dira falta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren festa mundiala ospatzeko eta tamaina honetako jazoera baten aurrean gailentzen den "poz kolektiboa" hasi da borborrean. Maialen Lujanbio (egungo txapelduna), Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza eta Sustrai Colina, aurtengo zortzi finalistak, BEC aretoan batu ziren atzo finalaurrekoetako 13 saioetan euren bidea egin ostean hilaren 15ean jazoko den finalaren aurrean dituzten irudipenak konpartitzeko asmoz.
Garaiak garai, azken hitzordu honetako sarrerak aspaldi agortu zirela eta, bertsozaleek beste behin ere erakutsitako grina azpimarratu zuten atzokoan. "2009tik 2013ra gauzak asko aldatu dira; ikusten zen aldaketa garrantzitsuak etorri behar zirela, baina ez zeuden argi", adierazi zuen Elortzak azken finala gogora ekarriz. "Orain garai lausoago eta ziurgabeagoa bizi dugu; hori dena atmosferan dago, eta gugan ere bai. Sortzaile moduan interesgarria da", gaineratu zuen durangarrak. Hari beretik tiraka, Iturriagak egunerokoan publikoaren aurreran dabilen jendeak duen "desprestigoa" aipatu zuen. Alderantziz, "zelan da posible gure jardun xume bat lau urtero behin hain erakargarri bihurtzea?", galdegin zion bere buruari bertsolari beteranoenak.
13.500 izango dira finalaz gozatzeko aukera izango duten zorioneko ikusleak. Arzallusentzat txapelak baino gehiago erakarpen handiago du bertaratuko diren horien guztien gogoak: "Bere hizkuntza, herri eta identitatik gertuago egon nahian dator jendea Euskal Herriko zazpi txokoetatik". Mota honetako emankizunetan gailentzen diren une hunkigarriek errazten dituzten esperientzia kolektiboak aldarrikatzean bat etorri ziren bertsolari finalistak. "Euskal Herrian gutxitan izaten ditugun poz kolektibo bat bezala ikusten dut Txapelketa. Gu gara hor elkartzeko aitzakia, baina inportantea litzateke aitzakia izateaz gain arrazoi izatea eta poz horri eduki batzuk ematea", adierazi zuen Beñat Gaztelumendik.
Zeregin horretan ere ez dute euren erantzukizuna sahiestu gura eta denek adierazi zuten saio biribila eskaintzeko asmoa zutela. "Izena ematen dugunean kontuan dugu Txapelketak berarekin dakarren guztia", aipatu zuen egungo txapelduna izateagatik zuzenean sailkatu den Lujanbiok; nahiz eta berak orain arte kantatu ez duen, Txapelketaren norakoa "oso barrutik" bizi izan duela adierazi zuen. Euren jarduna kulturgintzararen eta, azken finean, bertsolaritzaren norabidea finkatzeko bultzada izateko nahia adierazi zuen, behar horretan urte guztiko plazaz plazako lana goraipatuz.
sasoi ona Azken datuen arabera, "bertsoaren artea elikatzen eta iraunarazten duten oinarriak sendo baino sendo dabiltza". Halaxe adierazi zuen Ana de Castrok, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak, egun Bertsozale Elkarteak 2.500 bertsolari inguru batzen dituela aipatu ostean. Jokin Castaños, Bertsolari txapelketa Nagusiko Elkarteko lehendakariaren esanetan, elkartearen lana ezinbesteko bilatu da azken urteotan bertsozaletasuna sustatzeko zereginean. Izan ere, jadanik 15.000 dira bertsolaritza lan-tzeko programetan parte har-tzen duten haur eta gazteak.
Zifren indarra agerikoa izan da BEC aretoak bertsozaleak har-tzeko aurkeztu duen txikitasunean ere, finalerako sarrerak duela hilabete bukatu baitziren. Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakariaren esanetan, "pozgarria da jendeak Txapelketari eman dion lehentasuna"; baina gogoeta egiteko beharra agertu zuen, asko baitira kanpoan geratutakoak. Hala ere, horregatik "haserre-tzeak bere zentzu positiboa" ere baduela adierazi zuen, "bertsoa maite duen jende asko" dagoela adierazten baitu.
Halako jende andanaren arretapean irabazleari txapela jartzearen betebeharra Joanito Dorronsoro (Ataun, 1936) bertsolaritzaren eragile garrantzitsuarena izango da. Bertsolaritza hezkuntzan txerta-tzeko lehen urratsak emateaz gain, berari zor zaizkio, besteak beste, doinuen sailkapenean egindako hainbat ikerketa. Epaileei dagokienez, finalerdietan ibilitako berberak arituko dira, hau da: Eneko Bidegain, Karlos Ibarguren, Martin Aramendi, Nerea Bruño, Ekaitz Elorriaga, Mirari Azula eta Josu Telleria. Bestetik, Joana Itzaina, Saroi Jauregi, Zuriñe Iarritu eta Alaitz Errekondo gai jartzaile lanetan arituko dira.
Goiz (11:00etan) eta arratsaldeko (16:00etan) saioa izango da finalekoa, bazkaltzeko tartearekin. Finalerako sarrerarik lortu ez dutenek ikuskizuna ETBko Hitzetik Hortzera saioaren edota bertsoa.com atariaren bidez jarraitzeko aukera izango dute.