Hannah Arendt Jerusalenera joan zenean Eichman-en epaiketaren hurbileko segizioa egitera, osatuta zekuan Mossad-eko morroiek Argentinan bahitutako naziaren argazki robota. Literaturak, zineak eta propagandak gizendutako nazien argazkia zeraman Arendtek ere hegazkineko eskailerak igo zituenean: kriminala zen Eichman, fanatikoa, bihozgabea, kalkulatzailea, odolzalea? Munstroaren argazki horri erantsi beharra dago, nola ez, Hannah Arendt pentsalariaren judu izaera, judu izate soilagatik haren herriak sufritutako mina.
Munstroa zenbat eta munstruago marraztu, iruditzen zaigu oso urruti gaudela berarengandik, distantzia salbaezina dagoela haren eta gure artean. Munstro baten barne mekanismoak ulertzeko nahiak eraman zuen Arendt Jerusalenera. Handik hilabete batzuetara, ordea, gaizkiaren banalitateari eta izugarrikeriaren atzean egon litekeen arrunkeriari buruzko tesia buruan zuela itzuli zen New Yorkera. Bi hegaldien arteko tartean, epaiketak iraun zuen hilabeteetan, pentsalariak Eichmani begiratzen zion, haren hitzei erreparatzen zien, haren diskurtsoa eta arrazonamenduak analizatzen zituen. Aurkikuntza batek harrituta zeukan Arendt: arrunkeria zen gizon harengan ikusten zuen ezaugarri nagusia, arrunkeria zerion gizonari bere izaeraren joskura guztietatik. Bidegabekeria izugarrienen atzean, Arendtek ez zion arrunkeria baino ikusi akusatuen aulkian zeukan munstroari; dena gristen zuen arrunkeria triste mortala.
Margarethe von Trottaren Hannah Arendt filma ikusi nuenean (pelikulak ikusle asko izan omen ditu gurean, baina aipagarria egiten zait, eta tristea, isiltasuna gertatu izana utzi duen ondorio publiko ia erabatekoa), beste Anna bat etorri zitzaidan burura, baina oraingoan fikziozkoa nuen filmak gogora ekarritako emakumea. Tolstoi Anna Karenina idazten hasi zenean -ordurako idazlea emana zegoen Ebanjelioen irakurketan inspiratutako jardun anarkista mistikoari-, burgesia errusiarreko hainbat emakume ezkonduen inmoraltasuna salatzea zeukan buruan. Izan ere, Tolstoik pentsatzen zuen emakume ezkonduen fideltasun faltak, matrimonioa puskatzeaz gainera, familia osoak hondatzen dituela, familiaren balioak suntsitzen. Bada, idazleak fideltasun ezaren kalteetan argi egitea zuen helburu. Baina nobelaren idazkuntzak bere lege propioak ditu, eta Tolstoi, oroz gainetik, idazle-idazlea zen. Eta nobela, hain bereak dituen prozedurei esker, bere bide propioa egiten hasi zen: Tolstoi idazlea nagusitu zitzaion Tolstoi ideologoari, eta Anna adulteroaren ustezko arrunkerian zentratu ordez, batere arruntak ez ziren ertzak argitu zituen. Nobela, adulterioaren kondena izan beharrean, Anna Karenina ulertzeko eta salbatzeko saio bat da, adulteriotik suizidiora bitarteko haren guruzbide gero eta mingarriagoan.
Aurreiritzien bidetik jotzen duten obrek batere mesederik ez ongiari: argi egiten duten lanparak izan ordez, ilundu egiten dute ingurua, beren fokua desbideratuz deserosoak edo zikinak iruditzen zaizkigun zokoetatik. Baina literaturaren egitekoa -eta, oro har, pentsamenduarena- fokua jartzea da; baina ez ohiko topiko eta aurreiritzien arrunkeria normala dela esateko edo trapu zikin etxekoak ezkutatzeko, ordu arte argirik ikusi gabeko txoko, zirrikitu eta arrakalei erreparatzeko baizik.
Aztertu eta argitu nahi denari buruzko hurbilketa ahalik zuzenena (justuena) da idazkuntza: mundua juzkatzea bainoago, mundua ulertzen saiatzea du helburu.