Betidanik gustatu izan zaio idaztea Jokin Oregiri (Soraluze, 1970). Zaletasun horrek kazetaritza ikastera eraman zuen gaztetan, baina laster ohartuko zen ofizio hark ez ziola bere sormen nahia asebetetzen. Antzerkia beti izan zuen begiko, baina oso arrotza zitzaion, izan ere "Soraluzen torloju eta bestelakoen lantegiak besterik ez zeuden". Kazetaritza ikasten ari zela ezagutu zuen gaur egun bere emaztea den Ana Meabe, eta biek ere aktore izateko ametsa zutela deskubritu zuten. Hala, Basauriko Antzerki Eskolan izena eman zuten, antzerkiaren abenturan murgilduz. Bost urteko ikasketak egin zituzten bertan, dramaturgia, dantza, interpretazioa edo gorputz adierazpena lantzen, besteak beste.
Ikasketak amaitzear zirela etorri zen bere debuterako ordua, honela laburtzen du: "Maskarada taldearekin, Oscar Wilde handiaren Ernesto izatearen garrantzia obra, zortzi aktoreko lantaldearekin, Arriagako chaise-long batean eta neuretzako kamerino eta guzti! Eta pentsatzen genuen handik aurrera antzerkia hala izango zela, alfonbra gorriz jantzia (kar, kar)", kontatzen du Oregik. Horren ostean, jada kazetaritza amaituta zuela, kazetari lanerako deitu zioten: "Baina, gauzak zer diren, neuk idatzitako testu bat hartu eta taldetxo batekin entseatzen nenbilen ordurako, eta ezezkoa eman nion lan-eskaintzari. Harrezkero ez zidaten gehiago deitu". Pausokan hasi zen lanean geroxeago, Goenkale telesaileko gidoigile lanetan. Duela hamar urte pasatxo, ordea, erabaki sendo bat hartu zuen eta lanaldi erdia eskatu zuen, egunaren beste zatia antzerkiari eskaini ahal izateko.
Istorio onak kontatzea helburu Oregik ez du bere burua idazletzat hartzen, "izatekotan idazle kakotx artean, zeren eleberri bat eta an-tzerki lan bat bi eskultura desberdin dira, eta horiek egiteko bideak desberdinak dira". An-tzerki idazle izatera iristea ez omen da erraza, "Euskal Herrian egoera oso prekarioa da eta ez dago horretan erakutsiko dizun eskolarik. Niri asko lagundu zidan, esaterako, dramaturgiako irakasle Felipe Lozak, asko ikasi nuen harengandik. Gero zine gidoigintza ikastaroak egin nituen, Joseba Macias edo Mitxel Gaztanbiderekin". Baina, antzezlanak idazteko teknikak batez ere liburu batetik hartu izan ditu: "Beti gomendatzen dudan liburu bat da, Eugene Vale-ren Técnicas de guion para cine y televisión, 50ko hamarkada inguruko liburu bat da eta oso liburu kuriosoa da. Bertan azaltzen dute zer dagoen antzezlan guztien oinarrian, antzerkiaren atzean dagoen filosofia, zeintzuk diren lan bati funtziona dezan laguntzen dioten mugimenduak eta ezaugarriak, aurrerazko mugimendua, pertsonaiak eta suspensea; baina batez ere, publikoak momentu oro pentsatzen duena, zeren hutsune handia dago horretan, ez baitugu beste partea kontuan hartzen, publikoak nola hartuko duen alegia. Eta antzerkia prozesu komunikatibo bat dela ezin dugu ahaztu, idazleak kanporatzen duena publikoak barneratzea helburu duena".
Jokin Oregik horien guztien gaindiko helburu bat du, ordea, "idazle on bat izatea eta istorioak ondo kontatzea; ahaztu egiten da horren atzean ofizio bat dagoela; arotz batek egurra lantzeko bezala, dramaturgo batek ere jakin behar du tresnak erabiltzen". Baina ondo landu ahal izateko, lehengaiak ere ona behar du izan. "Kontatzeko zerbait eduki behar izaten dut, istorio potente bat". Gainera, beti bilatzen du hunki-tzea: "Hunkidura lortzen denean oso gauza magikoa gertatzen baita, bai komedian, bai draman; izan ere, denok daukagu beharra barre egiteko eta denok daukagu beharra elkarrekin negar egin eta hunkitzeko".
Antzerkiarekin sortzen diren harremanen inguruko hausnarketetan dabil azkenaldian soraluzetarra: "Idazleok, edo nire kasuan behintzat, idazten dugunean jakin nahi dugu ez gaudela bakarrik mundu honetan; beraz, idazten ditut gauza intimoak edo dena delakoak eta eskain-tzen ditut, eta baldin badago jendea hori gustuko duena, babestuagoa sentitzen naiz -azaltzen du-; publikoari gauza bera gertatzen zaio, antzezlan bat ikustera joan eta autore ezezagun horrek piztu badio zerbait barruan edo bere emozio edo sentipen propioekin bat egiten badu, horrek esan nahi du badagoela beste pertsona bat munduan berak sentitzen dudan bezala sentitzen duena. Konexiorik ez dagoenean minduta ateratzen garen moduan, konexioa egoteak ondo sentiarazten gaitu, antzerkia horregatik da oso gauza terapeutikoa, hori gertatzen denean behintzat".
Komediarena da kasu argiena, "funtzionatzen duenean, konexio berezi bat sortzen da, tribu baten parte sentiarazten gaituena, bai aktore eta ikusleen artean, bai eta ikusleen beraien artean ere. Konplizidade bat sortzen da eta horrek eroso sentiarazten gaitu". Txikitako oroitzapenak datozkio gogora: "Umetan, nire aitarekin Charles Chaplin, Harold Lloyd eta Buster Keaton ikusten, haiek bai barreak! Oraintxe ohartzen ari naiz hortik datorkidala antzerkirako maitasuna, aitak eta biok zelan gozatzen genuen oroituta, biok barrez lehertzen Chaplin, Lloyd eta Keatonen filmak ikusten. Gauza handia da elkarbanatutako barre algara batean edo malko batean lortzen den konplizitatea".
Tartean, lagun artean Gaur egun Oregi Tartean Teatro konpainiaren hanketako bat da. 2001ean elkartu ziren Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek osatutako Ez dok hiru konpainia eta Oregik eta Meabek sortutako Marie de Jongh konpainia. "Marie de Jonghekin martxan genbiltzan jada -argitzen du idazleak-, baina gertatzen zen helduentzako testuak idazten nituenean, ezin genituela geuk taularatu, Ma-rie-n familia osoarentzako lanak egiten baititugu. Horregatik elkartu ginen, geuk sortutako gauzak geuk egin ahal izateko". Hala, Tarteanen indargune garrantzitsuena horixe dela dio, "bi autore egotea, Telleria eta neu, eta geuk sortutako lanak geuk taularatzea, prozesu guztia gure gain egotea. Ez dugu beste autoreen obrarik hartzen eta guk zerbait ateratzen dugunean, kontatzeko zerbait dugulako da, ez antzerkia egiteagatik soilik. Eta egia esan, arrakasta lor-tzen dugu horrela, mundu mailako konpainiekin lehiatzen ari gara".
Tarteanek hainbat lan mugitu ditu jada plazaz plaza eta antzokiz antzoki: Euskarazetamol, Lingua Nabajorum eta Larria Kutsakorra Mendebaldekoa, besteak beste. Testu irakurketak eta beste hainbat estilotako lanak ere plazaratu dituzte eta bidean da Pankreas ere, Patxo Telleriak euskaraz eta bertsoz idatzitako testu harrigarria duen ikuskizun berria. Baina, aipa-tzekoa da, Marie de Jonghek edukitako arrakasta itzela, oso denbora gutxian Estatuko maila gorenean egotea lortu baitute. Espainia mailan antzerki jaialdi nagusienetakoa den Feten jaialdian hiru sari lortu dituzte Marieren ekoizpenek: 2008ko Ikuskizun Onenaren Saria Zer duzu, negarrez, Marie? lanarekin, 2010eko Interpretazio Onenaren Saria Robot Maitea obrarekin eta 2012ko Ikuskizun Onenaren Saria Alabatxo antzezlanarekin. Horretarako gakoa "istorio potenteak kontatzea" dela dio, "eta aktore onekin lan egitea -gaineratzen du-; ulergarritasun maila altua eskatzen dute gure lanek, zenbaitek dio haurrek ez dutela ulertuko, eta agian ez dute dena ulertuko, baina, uste duguna baino askoz gehiago bai. Ulertzen dute eta hunkitzen dira". Beretzat, "gozamena" da saio berean ikustea gurasoak eta haurrak, denak hunkituta edo denak barrezka. Marie de Jonghen lanak, gainera, mutuak dira eta beraz, errazagoa dute nazioartera jauzi egitea. Hala egingo dute egunotan Alabatxo antzezlanarekin, Herberehetan eta AEB-etan ariko baitira. Abenduaren 29an estreinatuko dute, bestalde, Kibubu, euren lan berria.
Antzerkiaren osasunaz galdetuta, baikorra da. "Orain, esaterako, Arriagan La Cubana eguna joan eta eguna etorri betetzen ari da", aipatu du. "Egia da Euskal Herrian ez dagoela an-tzerkirako joera handirik, ez dago antzerki kultura hedatu bat, bertsolariek frontoian lortu dutenaren antzekoa, esaterako". Baina ziurtasun osoz dio: "Antzerkiak beti du lekua. Istorioak kontatzearena premia bat da, fikzioak betetzen duen funtzioa oso inportantea delako, antzerkiaren, ipuinen, zinearen, kanta baten, poema baten edo koadro baten bidez. Pertsonak istorioak emateko eta jasotzeko premia duen artean, antzerkiak beti izango du lekua".