Bere burua zuritu du esanez ez zuela intentzio txarrik. Ez dut publizitate handiegirik egiteko asmorik, ederki famatu baita bera bakarrik inoren laguntzarik gabe; beno, bai, espainolen aspaldiko errotiko higuina laguntza handia izan du, agidanez. Ezaguna egin da Ana Cabanillas kazetaria duela egun batzuk Diario de Navarran (lan egiten duen egunkarian, alegia) iritzi-artikulu bat eman duelako, "Un chino vaskito".
Idazkiaren lehen esaldia irakurtzearekin, gogoeta zintzurretik gora datorkio edonori. Interpretazio sakona (berr)egiteko aukera ematen digula esan behar nuen, baina asko inferitu beharrik ez dago andaluziar ausart honek mamitu duen ahalke gutxiko sasi-gutunetik; sobera garbia izan da bere agerkizunean, ez du hitzaren dohaina bera ere maneiatzerik izan sotilago eta eleganteago (erraza zen) agertzeko. Eta hitz horiei dariena, pentsamolde horrek agertzen duena, erretratu distiratsua da.
Hizkuntza batenganako, eta hala, herri batenganako iraina eta erdeinua, ez da beti hain garbi ageri gure begietara. Neska honekin gure odol-errekak irakin lezake erraz, baina, oharkabean larriak ere badiren beste hamaika egoera bizitzen ditugu eta ez diegu kasu handirik egiten. Egunero egiten dugu topo hizkuntzen (gurearen nabarmen) errespetua zanpatzen duten jarrerekin; hasi eta, "ez noa musika-kontzertu horretara, ez baitakit euskaraz" esaten duen horrengan sumatzen den aurreiritzitik; segi eta, "ze mania duten euskaldun hauek euskaraz aritzeko!" dioen ustezko inozentearekin; "gaztelaniaz idatzi beharko zenuke denek uler dezagun" esaten duen, berez, asmo oneko harenarekin jarrai.
"Bai zail egiten duzuen gero, gaztelaniaz hain erraz esan badaitezke gauzak!", eguneroko menua denak.
Aztergai dugunera gatozela, Aimery Picauden bertsio modernoa da kazetari hau, tamalez. Erromesak gutxienez, hitz zerrenda luzexeagoa ikasi zuen denbora tarte txikiagoan, hala jaso baitzituen ogi, arraiñ, etxea, iaona, andrea, elizera, gari, erregia, Iaona domne Iakue? eta ez Geldialdi Eskatua bakarrik. Eta hala, biek ere euskararenganako arbuio bera ageri dute; aspaldiko hark, "hitz egiten entzunen bazenitu, zakur zaunkariekin gogoratuko zinateke, hizkuntza barbaroa egiten baitute" idatzi baitzuen, eta XXI. mendeko beste honek, "lehen eta azken letra bereizten ahal ditut, ez eskatu gehiago; tartean zer dagoen? Alfabetoaren nahaste-borraste bat erre, zeta eta ka askorekin" adierazi baitu.
Ohituegi gaude besteenak justifikatzen, irain gogorrak broma txikitzat hartzen, erasoak minimizatzen eta enpatia ulergatitz batez joka-tzen. Desagertzeko arriskuan dagoen hizkun-tza izaki gurea (Unescoren txostenetan bildua), adarjotzeak ez dira ongietorriak, eta halako komentario ergelei ez zaie irribarrea zor. "Geldialdi eskatua" egin beharko luke kazetari honek, idazki honen ondotik. Ez dugu beha-tzaile gehiagorik behar.