satorrak oso kaltegarriak baitira baratze eta zelaientzat, gizakiak satorren aurkako tranpa eta pozoi eraginkor asko asmatu ditu. Ezin zitekeen beste modu batera izan, logikak agintzen du. Eta asmakizunok eraginkorrak dira, jakina, baina inola ere ez sator-meta baten aurrean aitzurra airean duela orduak eta orduak zain eta zain dagoen baserritarraren irudia baino esankorragoak. Baserritarra geldi-geldi dago, ia arnasik hartu gabe, lurra noiz mugitzen hasiko, lurrak harrotzen ari zaion sator madarikatuaren lurrazpiko mugimendua noiz antzemango, aitzur-buruarekin kolpe lehor bat eman eta sator malapartatua akabatzeko. Satorra, itsua izanagatik ere, ez da ergela, eta usaimena eta entzumena garatu ditu etsaiaren hurbila zaintzeko. Baserritarrak, ordea, ez du presarik. Irabaztekotan, pazi-entziak irabaziko dio satorraren senari. Baina pazientzia modu horretan biltzeko, zer pasatzen ote da baserritarraren burutik, zer-tzuk okurritzen ote zaizkio, zer imajinatzen eta asmatzen ote du itxaroa arintzeko?

Buñuelen El discreto encanto de la burguesía filmeko eszena batean, soldadu aldra bat bazkaltzen ari da landetxe batean. Harmonia oneko jan-edanaren erdian daudela, militarburuen mezulari bat agertzen zaie etsaiaren kontra tiroka hasteko aginduarekin. Mezularia erretiratzen denean, mahaikideek ez dakite zenbatekoa den aginduaren larritasuna, eta, soldadu-buruak bere azken ametsa kontatzeko agintzen dio mahaikideetako bati. Soldadua hiztun aparta baita, Mila eta bat gauko miraria gertatzen da eta denak ahazten dira mezulariak ekarritako aginduarekin, tiroka hasteko betebeharrarekin, etsaiaren hurbiltasunarekin. Fikzioak tiro-hotsak itzali ditu, soldaduaren kontakizunak gerrarena ez den beste denbora bat inauguratu du.

Azken urteetan arrakasta handia izaten ari dira gure gizartearen presa neurrigabea eta patxada falta kritikatzen duten iniziatibak, liburuak, filosofia. Slow (mantsoa) mugimenduaren haritik datoz. Uste genuen teknologia berriek lana arinduko zigutela, lan-orduak gutxitu, aisialdia aberastu. Ez da horrela gertatzen ari, aitzitik baizik: lana duenak, orain berrogei urte baino berrehun ordu gehiago sartzen omen ditu urtero lanean. Ordu libreetan ere piztuta dauzkagu mugikorrak, emailak begiratzen ditugu, zeregin sortu berriei eran-tzuten diegu. Online bizi gara lanarekin, atzorako omen diren zeregin larriekin, ordulariarekin, gure erritmo kardiakoarekin. Lanbide guztietan, hala ez bada, halatsu, lanbide guztiek dute beren estresa: anbulatorioetako medikuek minutu batzuk doi dituzte gaixo bakoi-tzarekikoak egiteko; asko dira lanaren ondorioek erantzukizun penala izan dezaketen ofizioak; gero eta gehiagok egin behar du lan konpetentziaren edo audientziaren ezpatapean?

Askotan pentsatzen dut azkarra ez ote geniokeen deitu behar mantsoari, pazientzia hartzen duenari, aitzurra gora jaso eta bere baitako kabutan satorra noiz agertuko dagoen baserritarrari: des-kuiduan satorrak izkin egingo balio, etxean beti izango ditu gazta-mutur bat eta sagardo pitxar bat zain. Honainokoa oso nostalgikoa izango da, eta ezinezkoa ere bai, baina kontsolamendu amesti pixka bat aurkitu beharra dago hain mundu presati neurotikoaren atzaparretan.