Bilbo
DEABRU beldurgarriak, lamia borrokalariak eta bulartsuak, gerlari gi-hartsuak, errege zonbiak, mamu begi-zabalak edo eskeleto hutsezko morroi koitaduak, denak sortzen dira ezerezetik; hobeto esanda, Igor Mugerzaren irudimenetik. Ermuko gazteak ia hogei urte daramatza mundu ilun eta fantastikoak marrazten, eta azken hamar urteotan disko ugariren portadak egin ditu.
Betidanik marraztu omen du Mugerzak, baina gogoan du 10-11 urterekin pasatu zela "zirriborrotik marrazkira". Superheroiak eta gerlariak izan ziren hasieran, baina laster hasi zen bere pertsonaia propioak sortzen: "Bikingoak, erromatar soldaduak, mamu itxurako zaldunak... Hasieran kopiak egiten nituen, baina ikusi nuen ez nituela ondo egiten eta neure marrazki propioak egiten hasi nintzen. Haurtzaroko marrazkiak, gehienak behintzat, amak bota zituen zakarrontzira, kriterio onez" (barreak).
Gaztaroan Conan eta antzerako pertsonaiak hartu zituen eredutzat, baita B Serieko pelikula italiarrak ere. "Oraindik ere miresten ditut, baina bestelako ereduak ere baditut, tartean Luis Royo, Frank Frazetta edo Juan Luis Landa bera", azaldu du artista bizkaitarrak. Musika ere badu inspirazio-iturri, batez ere heavya, hard-core musika edo thrash metala: "Su ta Garren jarraitzailea ere banaiz, eta horrelako musika en-tzuten dut batez ere. Musika horrek inspiratutako munduak sortzen ditut gero, eta bai, nahikoa ilunak ateratzen dira irudiak, klixe batzuk eskatzen dituelako musika mota horrek".
2000. urtean etorri zen aldaketa nagusia, Igor Mugerzak ordenagailua erosi zuenean: "Jauzi garran-tzitsua izan zen niretzat, ordura arte akuarela erabiltzen bainuen marrazkiak pintatzeko. Geroztik Photoshop erabiltzen dut, eta tableta digitalizatua, Wacom zahar bat; tresna erosoak dira eta eragingarriak oso. Hori bai, marraztu pantailari begira marrazten dut, ez tabletari begira".
HASIERA
Saltzaile txarra
2002an bere irudi pare bat eskegi zituen webgune batean eta segidan atera zitzaion lehen enkargua: "Ciudad Realeko talde batek deitu zidan eta berehala egin nien portada bat. Berserk zuen izena taldeak, eta hasiera izan zen niretzat. Ordutik portada ugari egin ditut, eta ez bakarrik portadako marrazkiak, diskoaren diseinuaz ere arduratzen bainaiz sarritan", esan du Mugerzak.
Marrazteko badu berezkoa er-muarrak; promoziorako, ostera, dohain gutxi: "Onartzen dut, bai, eta askotan esan didate, baina nagia ematen dit kontu horrek, ez bainaiz saltzaile ona. Ea aurtengo urtea amaitu baino lehen blog bat egiten dudan, nire marrazkiak eskegi eta gero sare sozialetan erakusteko".
Diskoen portadak marrazteagatik egin da ezagun Mugerza, baina bestelako kontu txikiak ere egiten ditu isil-gordean, askozaz ere pertsonalagoak diren proiektuak: "Orain Huesca eta Logroñoko talde biren-tzako portadak diseinatzen ari naiz, eta denbora gitxi daukat, baina bestelako gauzak ere egiten ditut, denbora-pasa. Komiki antzeko zer edo zer egin dut, eta marrazki solteak ere bai".
Komiki bat egitea ere otu zitzaion aspaldi, baina ahaleginak ez zion gomuta onik laga. "Internetez egin nuen, aurrediseinuak jarraituz, eta oso garesti ateratzen da horrela. Hortik aparte ez naiz saiatu. Horretara jarri beharko nintzateke, eta ez nago ohituta marrazkia eta gidoia bateratzen, naiz eta gaztetan ipuin lehiaketa baterako aukeratu ninduten", gaineratu du Mugerzak. Erakusketa txikiren bat ere egin du bere herrian, baina momentuz ez du hortik gora jotzeko asmorik: "Hamendik bizitzea luxu bat li-tzateke; momentuz ez da posible".