Joben historia biblikoak etekin handia eman dio literaturari. Ez da harritzeko: bizitzaren misterio lazgarriena -sufrimendua- eta horren aurreko jarrera ditu oinarri. Zer egin bizitzak -Jainkoak, Joben kasuan- bidalitako zoritxarren aurrean, nola ekin oinazeari, nola ulertu sufritu beharra? Jobek, Jainkoaren seme zintzoa baita, egonarri handiz eramaten du gainera etortzen zaion guztia. Zoritxarren metaketak gaina hartzen dion arte. "Nire borrero bihurtu zara!", botatzen dio Jainkoari. Joben protestak galdera bat du oinarri:

- Zergatik niri?

Joseph Roth-en Job nobelan, Mendel Singerrek Jainkoaren zigorra ikusten du bizi duen zoritxar guztian: pobrea da, dena ukatu zaio bizitzan, ez dio azkenik ikusten tunelari. Etsita bizi da, seme elbarri bat du, ez zaio protesta egitea bururatzen. Baina Jainkoaren eskua ikusten duen aldiro, bere zoritxarra areagotzeko da, une itxaropentsu bakanetan, beti agertzen da zoritxarra. Amerikara joateko aukera sortzen zaio, baina horretarako, bere seme elbarria Errusian uzteko baldintzarekin. Dilema gaitza da. Amerikan lortuko ez balu semeari laguntzeko dirua? Amerikan ere porrot egiten du, eta, gainera, semea Errusian utzi izanaren korromioa du lagun bakar. Pixkana-pixkana, etxea, familia, esperantza, dena galtzen du. Harik eta irainka hasten den arte zeruaren kontra.

- Zergatik niri?

Kenzaburo Oé idazle japoniarrak jakin zuenean espero zuten umea hidrozefaliarekin jaio zela eta buruko hodiak kaltetuta zeuzkala, "zergatik niri?" galdetu zuen. Galdera bera egiten du Bird-ek ere, Oé-ren Gorabehera pertsonal bat nobelako pertsonaiak. Zergatik tokatu zait niri, zergatik ume elbarri batek izorratuko dit bizitza, zergatik bota behar ditut kakatara nire proiektuak, amestutako bizitza, etorkizuna? Egonerreak eraginda, fikzioko Birdek -idazlearen alter egoak- infernuetarainoko labarrean behera egingo du. Eta ez da handik irtengo harik eta semea den bezalakoa onartu arte, semearen izena -Hikari- eta semearen gaitzarena -autismoa- esaten ikasi arte.

Le Monde egunkariari eman zion elkarrizketa batean, Oék zioen: frantsesa ikasten hasi nintzenean "dignité (duintasuna) izan zen gehien liluratu ninduen hitza. Pertsona bat bizi daiteke duintasunez baita egoera makurrenetan ere. Krisi epileptiko baten ondoren kordea galtzen duen ume elbarri batek duintasuna kontserbatzen du. Duintasun horretaz mintzatu nahi nuke. Niretzat bi eratako pertsonak daude: gertatuak gertatu beren duintasunari eusten diotenak eta gainerako guztiak".

- Zergatik niri? Baina zergatik ez niri?

Bi galdera. Horrela esanda eta horrela irakurrita, kolpe batean, ez dago bi galderen arteko denbora tarterik. Baina galdera batetik besterainoko bidea egiterako, denbora asko pasatzen da. Lehen galderako protestatik -zergatik niri?- bigarrengo onarpenera -zergatik ez niri?- barne-prozesu luze bat bizi beharra dago, eta bizipen horren iraupena ez da erloju batekin neurtzen.

Eta bizitzaren -bizitzaren arau guztien- onarpenarekin, sufrimenduari duintasunez erantzuteko lehia hasten da.