Bilbo. Hasiera batean, Roberto Castónen Los tontos y los estúpidos proiektuak film tradizionalaren egitura jarraituko zuela espero zen, alegia, kokapen eta eszenatoki ugariekin eta ekoizpen-bitarteko handiekin. Aitzitik, egungo murrizketa egoera aintzat hartuta, "errealitatea inposatu" eta aurrekontuak birdoitu behar izan zituen film luze honen talde-lanak. Gero eta ohikoagoa bilakatzen ari den kontzeptu anglosaxoia mahaigaineratu zuten orduan: crowdfunding.
Horren arabera, egitasmo baten arduradunek dei egiten dute internet eta sare sozialen bidez norberak nahi dituen (diru)-ekarpenak egin ditzan, finantziazio kolektiboa sustatuz. "Crowdfundingak abantailak eta desabantailak ditu, eta sare sozialetan nabarmenki dinamizatzean datza gakoa", adierazi du Roberto Castón zinemagileak.
Verkami webgunearen bitartez (ikus www.verkami.com), 10.000 euro lortzeko xedea ezarri zuten, kopuru hau posprodukziora bideratzeko asmoz. Orain arte 1.775 euro batzeko gai izan dira, baina epea amaitu denez gero eta helburua ez dutenez bete, uneotan stand-by moduan dago diru-bilketa hau.
Dena den, film honen zuzendari eta gidoilari denari jarraiki, bigarren crowdfunding-fase bati ekiteko asmoa dute. Izan ere, arestian aipatutako 1.775 euro horiek beren jabeetara itzuli beharko lituzkete jomugara ez badira heltzen azkenean.
Finantziazio sistema honek hainbat donarirekin eskertzen du ongileen borondate ona. Los tontos y los estúpidos pelikularen kasuari erreparatuz, gutxieneko ekarpenarekin (10 euro), estreinaldirako sarrera bat lor daiteke (Bilbon, Bartzelonan edota Madrilen).
Ehun eurorekin laguntzeak, bestetik, sari sorta ederra dakar: estreinaldirako sarreraz gain, zuzendariaren aipamen berezia sare sozialetan, Castónek berak sinatutako posterra eta DVD-a, baita bere aurreko lanen beste DVD bat ere. Gehienezko ekarpenak (5.000 euro) aurreko guztia ahalbidetzen du eta horrekin batera, alfonbra gorrirako vip sarbidea, kredituetan aipamena (ekoizle gisa) eta lan-taldearekin afari batera joateko gonbidapena, besteak beste.
Edonola ere, Castónek Estatuaren eginkizuna aldarrikatzen du: "Onartezina da krisiaz baliatzea kultura zein hezkuntza bigarren plano batera baztertzeko", gaitzetsi du.
giza-baliabideak Bestalde, Castón erabat kontent agertu da bere bigarren film luze honek kontatzen duen istorioarekin -erabaki okerrak, gezurrak eta itxurakeria ardatz dituena-, baita aktoreen interpretazio-lanarekin ere. Besteak beste, Roberto Álamo, Cuca Escribano, Josean Bengoetxea, Aitor Beltrán, Ramón Ibarra eta Vicky Peña protagonista dira. Halaber, zinemagileak Juanmi Azpiroz argazkilaritza-zuzendari donostiarraren lana goraipatu du: "Argiaz baliatuta espazio ikaragarriak birsotzeko gai da", azpimarratu du.
Aktore-zerrenda bezala, gidoian ere aniztasuna nabarmentzen da, elkarrizketak gazteleraz, euskeraz nahiz frantsesez tartekatzen baitira. "Gidoiaren eskakizunei men egiten dio, ez da apeta soila izan", baieztatu du zuzendariak.