Inor ez dadila harritu gaur iluntzean Bilboko Abandoibarrako ibai ertzean dantzari talde batekin tupust egiten badu. Izan ere, La Fundicion aretoak antolatzen duen Lekuz Leku jaialdiaren barnean hainbat dantza ikuskizun izango dira. Urtero legez, abangoardiako dantzarien proposamen berritzaileenak aurkeztuko dira dantzari euskaldunen eta atzerriko konpainien eskutik.

Aita Arrupe igarobidea, kaia eta Guggenheim Museoko ingurua dira Lekuz Leku jaialdiak espazio eszeniko gisa baliatzen dituen eremuak. Kalea bera agertoki bilakatzen duen jaialdi izanik, oinezko askok kasualitatez egiten du topo dantzarekin. Luque Tagua jaialdiaren antolatzaile eta La Fundicion aretoko programatzaileak argitu du horixe dela hain justu ekimen honen gakoa: "Dantza garaikidea publiko orori gerturatzea da xedea, eta hori lortzeko, normalean halako ikuskizunak har-tzen ez dituzten hiriko guneetara eramaten dira koreografiak. Hiriaren eguneroko martxa eten eta oinezkoa erakartzea nahi dugu", jakinarazi du Taguak.

Hiriaren berezko paisaia eta arkitektura baliatuta, hiriaren, dantzaren eta ikuslearen artean harreman atsegin bat sortu gura du Lekuz Leku jaialdiak, eta horretarako Abandoibarrako zonaldea eremu ezin hobea dela deritzo Taguak: "Trafikorik, zaratarik eta hiriko beste leku batzuek duten iskanbilarik ez duen eremua da eta horrek asko errazten ditu gauzak. Jende gehiena emanaldiak ikustera gerturatzen da, eta askok parte ere hartzen dute. Gainera, hogei minutuko saio motzak izateak dinamikotasuna ematen dio jaialdiari".

Bertoko artistak Gaurko egitarauaren barnean euskal artistek protagonismo berezia izango dute. Hala, 19:30etik aurrera, Olatz de Andres dantzari eta koreografo donostiarrak Privolva landing ikuskizuna estreinatuko du Guggenheim Museoaren inguruan. Jean-Luc Godarden Alphaville filmean oinarritutako obra filosofikoa da De Andresen lana. Isaac Erdoiza eta Pilar de Andres dantzariekin batera arituko da zuzendaria, linboa irudikatzen duen agertoki zuri batean. 20:00etan, Iruñeako Team Rockers taldeak Bboying tailerra eskainiko du. Jarraian, Zaragozako D_Ruses taldeak 5(bost) lana aurkeztuko du Aita Arrupe igarobidean, 20:30etatik aurrera. 21:00etan, Asier Zabaleta koreografoak gidatzen duen Ertza konpainiaren azken lana taularatuko da, kaian. Adiós a los que os habéis ido azken 40 urteetan Euskal Herriko gatazka politikoan bizia galdu duten guztiei eskainitako lana da. Au-rresku dantza tradizionala oinarritzat hartu eta ukitu garaikidea eman dio Zabaletak inor epel utziko ez duen ikuskizun hunkigarri honetan. 21:30ean, Team Rockers taldeak bigarren dantza tailerra eskainiko du. Bukatzeko, 22:00etan egingo den elkarguneak amaiera emango dio Lekuz Leku jaialdiari.

Herrien elkartrukea Europako eta Ameriketako 38 jaialdi biltzen dituen Dantzatzen Duten Hiriak zirkuituaren parte da Bilboko Lekuz Leku jaialdia. Dantza garaikidea publiko zabal bati zuzentzeaz gain, herrien arteko elkartrukea ere bultzatu nahi du ekimen honek. Gauzak horrela, jatorri desberdineko sortzaileen gogoetak partekatzeko aukera eskaintzen da urtero, nazioarteko beste jaialdi batzuetako esperientziak biltzen dituzten bideo emanaldien bidez. Gaur bertan, Txile, Argentina, Australia, Kuba edota Brasileko an-tzeko jaialdietan bizitako esperientziak erakutsiko dira elkarguneko bideo emanaldian.

Hain zuzen, dantzarekin batera bideoa da jaialdiaren ardatz nagusietako bat, nahiz eta bederatzigarren edizio honek ez duen izan beste urte batzuetan egin izan den bideo sorkun-tza lehiaketarik. Izan ere, ez ditu garai oparoegiak bizi Lekuz-Leku jaialdiak, Taguak dioenez: "Finantzaketa arazoak tarteko, iaz jaialdiari egun bat kendu behar izan genion eta hiru eguneko programazioa izatetik bi eguneko egitaraua izatera igaro zen. Baina tira, badakigu nola dauden gauzak gaur egun eta ezin gara gehiegi kexatu", aitortu du.

Zailtasunak ugari badira ere, itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari Taguak: "Aurrera begira ere Lekuz Lekuk bere sorreratik bultzatu duen xedea mantentzen jarraituko du, hau da, hiriaren egunerokotasuna eten eta ibiltariari dantza hurbiltzen. Dagoeneko bederatzi urte dira Lekuz Leku sortu zela eta bistan da jaialdia gai izan dela bere publikoa eratu eta urtetik urtera geroz eta jende gehiago erakartzeko".