Orain hiru egun, Zigoitian, hamar gorpu. Orain hamar bat egun, Urbasako Otsoportillon, beste hainbeste. Eta Berako harrobian. Eta beste hainbat zangatan?

Francisco Etxeberria antropologoaren irudia gelditu zaigu memoriaren begi-ninietan, Urbasako Otsoportillo leizetik irteten polea baten laguntzaz. Oroimenaren zulo beltzenetik zetorren. Hurrengo planoan, antropologoaren eskuek burezur bat hurbildu zuten kamerara, tiro batek egindako sartu-irteneko bi zulorekin. Errezatzea aspaldi ahaztu zitzaigunok ere begiak itxi genituen, faxistek zulo hartatik behera bota zituzten hamar biktimen omenez?

Kontu jakina zen azkeneko gerran faxistek gorpu dezente bota zituztela Zigoitiko zangan, Urbasako Otsoportillo leizera edo Pilatosen Balkoitik: memoria kolektiboak zorrotz gorde du izugarrikeriaren hilobi diren hainbat leize, zanga eta troken berri. Argentinako militarrek ozeanoko sakonera handieneko zuloen parean botatzen zituzten beren biktimen gorpuak hegazkin militarretetatik. Zuloz beteta dago gerra guztien kartografia. Argiak nekez egiten du bidea leize bateko zuloraino, amildegi baten hondoraino.

Itzalak hartzen duen toki bat sakratu bihurtzen dela dio Hawthorne-ren Zazpi teilatuko etxea nobelako narratzaileak. Itzalen eremu ezin propioagoak dira leize eta trokak, amildegiak, harrobiak eta karobiak, sima abisalak. Zuloak, beti zuloak. Itzalak hartutako tenplu makabroak dira, izuzko isiltasun ia erlijiosoaren izarapean ezkutatuta daude. Itzala -misterioa- hasten den tokietan ez da argirik sartzen, egia ezkutatzea dute helburu. Horregatik dio Hawthornek sakratuak direla: ez bizitzaren -argiaren- iturri direlako, heriotzarena -ilunpearena- baizik.

Halako tokiek izua dute zaindari, eta lazgarrikeria aitorrezinenak gordetzen dituzten tenpluak izaki, izuak tabu bihurtzen ditu. Sakratu. Horixe dira Zigoitiko zanga edo Otsoportilloko leizea bezalako lekuak: izuak eraikitako tenplu, heriotzaren ostatu. Eta tenpluok aipatze hutsak fartsazko legearen mendekua izaten zuen zigor, bertako misterioa harrotzeak ondorio gaizto larriak -tartean, heriotza- ekar zitzakeen.

Misterioren bat gordetzen dutelako dira tenpluak, misterioak egiten ditu sakratu. Baina misterioak, misterio benetako batek, bi aurpegi ditu: bizitzarena eta heriotzarena. Zigoitiko edo Otsoportilloko misterioek heriotzarena zuten aurpegi bakarra. Iker-tzaileek, ordea, lapitz bana aurkitu zuten zulo batean zein bestean, hildakoen arropa artean. Apal itxurako aurkikuntza dobleak bizitzaren misterioa islatzen du. Lapitzaren jabeek bazekiten idaztea zer den eta Aranzadikoek lapitzetako bat oparitu zioten pertsonak, asasinatuetako baten bilobak, ere bai: Julia Otxoa idazlea da.

Linterna txiki-txikien itxura hartu genien bi lapitzei eta Kafkaren Fabula labur bat kontakizunarekin gogoratu ginen. Bertan, sagu bat zepoan erori da eta ikusten duelarik katua ia gainean duela, saguak esaten du: "Ai, mundua gero eta estuagoa bihurtzen ari da!". Kafkaren saguak arrazoi du: mundua txikitzen eta txikitzen ari da. Laburtzen. Zulo huts bihurtzen. Baina ilunpeen atzaparretatik libratutako lapitz apal batek argi asko egin dezake munduaren mugak ez daitezen gehiago laburtu, bidegabekeriaren itzal sarriak ez ditzan areago ilundu.