Idazleak ez omen dira jubilatzen; lanerako gai diren bitartean -burua argi samar duteino-, ez omen diote idazteari uzten. Gutxi dira idazkuntzatik dimititzen duten idazle idazleak; eta dimititu izana aitortzen dutenak, are gutxiago. Badira, ordea, salbuespenak. Azken asteotan bi idazle handik agur esan diote idazkuntzari, Philip Rothek eta Imre Kérteszek ez dute borroka gehiago egingo letrari letra josteko ahaleginean.

Onespenaren gailurrean zeuden, irakurle guztiz zaletuak dauzkate mundu osoan, arrakasta handia dute beren obrak itzuli dituzten hizkuntzetan. Baina Philip Rothek dio inspirazioa galdu duela. Kérteszek, aldiz, esan du agortu egin zaiola esateko zeukana, herdoildu eta itxi egin zaiola txorrota. Emandako bi arrazoiek -batek ez omen dauka etorririk, besteak ez omen dauka ekarririk- desberdinak dirudite, baina inspirazioa eta mezua txanpon beraren aldeak dira: idazteko grina eta gauzak esateko premia (mundua nola ikusten duten adieraztekoa) batera datoz eta doaz. Bi idazle handiek formaren eta fondoaren batura klasikoarekin borrokatzeari eman diote, bada, ezezkoa.

Estatus ondo merezia lortu dute, baina presio handia eragiten du. Estatusa galtzen hasteak, berriz, zorabio handia: ulertzekoa da beldurra izatea orain arte emandako maila galtzeari; kritikaren oniritzi erabatekorik eta arrakastarik gabe gelditzeari. Badakigu goi mailako kirolari txalotu asko bere onenean erretiratzen dela: zaletuek gogora ditzatela erpinaren puntan eta ez gainbeheran.

Ez dute gehiago idatziko, edo ez dute gehiago argitaratuko? Bizi osoa idazten pasatu eta gero, zaila egiten da sinestea bizkarra emango diotela idazteko gogoari. Ez dut zalantzarik idazten segituko dutela. Beharbada, ez paperean, baina bai beren kabutan. Egunero etorriko zaizkie ideiak, egunero agertuko zaie pertsonaia edo zirkunstantzia berriren bat beren baitako atean kas-kas jotzen.

Nolanahi ere, inoiz aipatzen ez den beste esparru batera ere eraman nahi nuke hausnarra: batek -Philip Rothek- ingelesez idatzi du bere obra, eta ingelesez idatzi izanak hasieratik zabaldu zizkion mundu osorako ateak. Bigarrenak -Kérteszek-, hungarieraz idatzi du, eta arrakasta ez zitzaion oso berandu arte iritsi, eta ez, gainera, ingelesaren bidetik, alemanarenetik baizik. Baina arrakasta ez zaio berandu iritsi bere obrak Rothenak baino interes gutxiago dutelako, hungarierak ingelesak baino itzal gutxiago duelako baizik. Hizkuntzak badira botere sistemak ere: interes ekonomiko, politiko eta kultural handiak ordezkatzen dituzte. Hizkuntz hegemonikoek eta gainerako hizkuntzek mapa bakar bat osatzen dute, eta mapa horretan, kulturaz gainera, dirutzak eta hizkuntzen prestigioa daude jokoan. Ingelesa ez da hungariera baino unibertsalagoa. Bere boterea bai, ordea.

Rothen eta Kértesen isiltasuna literatura maite dugun guztiok sentitzen dugu. Baina isiltasun horrek eragiten duen galera -kulturala, politikoa, ekonomikoa- ingelesarentzat ez bezalakoa da hungarierarentzat. Finean, Gombrowicz-ek polonierari buruz zeukan kezka bera aplika baitakioke hungarierari ere: "Hemendik ehun urtera, artean gure hizkuntza existitzen bada?".