BILBO. Aurten 253 stand izango dira erakustazokan liburu, disko, teknologia-gai eta bestelako proposamenen artean. Aurtengo kultura gonbidatua kultura ijitoa izango da, eta Argizaiola saria Benito Lertxundik jasoko du, abenduaren 6an.
Azoka aurkezteko prentsaurrekoan Durangoko Elkartegian egin da, eta han izan dira Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea, Aiert Goenaga Durangoko Azokako zuzendaria, Blanca Urgell Jaurlaritzako jarduneko Kultura Sailburua, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Aitziber Irigoras Durangoko alkatea eta babesle pribatu nagusi diren BBK eta Eroskiko ordezkariak eta Tio Manuel Bizarrondo, Kale Dor Kayiko elkartetik.
Antolatzaileek aurkezpenean gogoratu dute mende erdia beteko duela aurki Durangoko Azokak. "Urratsez urrats" eginiko bilakaera horrek Durangoko Azokaren "izaera irekia eta parte-hartzailea" erakusten du, eta azken pausua iaz eman zen, diziplina berriei eskainitako Irudienea (ikus-entzunezkoak), Szenatokia (arte eszenikoak) eta K@bia (teknologia eta adierazpen berriak) guneekin. "Pausu horren jarraipena dator aurten eta gainontzeko guneekin batera, espazio berri hauen finkatzeko ahalegina egin da", gaineratu dute.
Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azokako arduradunek nabarmendu duten beste kontzeptu bat elkarlana izan da, eta, ild horretan, azokaz aparte egokitu diren guneak kudeatzeko ezeze, Gerediaga Elkarteak elkarte, talde, erakunde eta enpresa pribatuen laguntza eta babesa eskertu du.
Krisi ekonomikoak baldintzatuta ere, etxe pribatu batzuek Durangoko Azokaren proiektuarekin bat egitea erabaki dute lehenengoz. Horrela, ahalegin horretan, egongo diren 253 stand-etan, zortzi dira partaide berriak aurten.
Babesle eta laguntzaileak hurrengo hauek dira: Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Durangoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, BBK, Eroski, Euskaltel, Alegria-activity, Berbaro, Ahotsenea, Euskal Idazleen Elkartea, Topagunea, EHAZE, San Agustin Kultur Gunea, UEU, Euskal Wikipedia, Euskal Kultur Erakundea, Albaina Informatika, La Tostadora, Bautista Muebles y Decoración, LESA, Akting, EiTB, Goiena Komunikazio Taldea, Hamaika Telebista, Bizkaia Irratia, Berria, Hitza, Noticias Taldea, Deia, El Correo, Gara eta Diario Vasco.
NOBEDADEAK
Durangoko Azokara begira argitaratzen diren nobedadeei dagokienez (urritik abendura arteko hilabeteetan), 411 izenburu berri argitaratu dira: 289 liburu, 65 bideo, 32 aldizkari, zazpi liburu elektroniko eta 18 bestekoak. Liburu nobedadeetan egon da beherakada txikia, iaz 313 izan baitziren izenburu berriak, baina gainontzeko produktuetan eutsi egin zaio ala gainditu egin da iazko kopurua (434 guztira, iaz).
Partaidetzari dagokionez, 127 argitaletxe, diskoetxe, talde, elkarte eta erakunde izango dira Durangon. Iazkoetatik bederatzi ez dira etorriko, baina zortzi eskari berri onartu dira.
Halaber, egun bat gutxiagoko iraupena izango badu ere -lau egun, bost barik- egitarauan 300dik gora ekitaldi izango dira aurten, eta gune eta espazio ezeberdinetan banatuta. "Azokak inoiz izan duen egitaraurik zabalena izango du aurten", nabarmendu dute.
Azoka bera 10:30etik 20:30era egongo da irekita, baina Ahotsenea guneak 22:00ak arte luzatuko du aurten ordutegia, aurkezpen gehiagori lekua egiteko eta ondorengo Plateruena guneko kontzertuetarako zubi natural gisa funtzionatzeko. Hain zuzen, aurten lehen aldiz, Plateruena Durangoko Azokaren egitarau ofizialaren parte izango da.
KULTURA GONBIDATUA
Aipatu bezala, kultura ijitoa izango da aurtengo kultura gonbidatua. Ehunka urte dira kultura ijitoa euskal lurraldean bizi dela, baina, hala ere, "kultura ikusezin bezain zein urrunekoa" da hainbatentzat. Kale Dor Kayiko elkartea izan da elkarlanaren koordinazioaz arduratu dena beraien aldetik.
Kultur programazio zabala izango da, hala nola haurrentzako tailer, ipuin kontaketa eta jokoak. Emakume ijitoaren eguna eta berauen aldarria, mahai-inguruak, hitzaldiak, erromintxela, musika zuzenean, fusio ikuskizuna eta beste hainbat sorpresa ere izango dira.
Kale Dor Kayiko elkartea irabazi asmorik gabeko kultura elkartea da. 1989an sortu zen eta ordutik kulturartekotasuna eta inklusio jarduerak izan ditu ardatz. Bilboko Txurdinaga auzoan du egoitza eta Bizkaian eta Gipuzkoan egiten du lan. Azokan lehen aldiz 2010ean hartu zuen parte elkarteak, Euskadiko Gazteria Kontseiluko stand-ean.
ARGIZAIOLA SARIA
Aurten Argizaiola saria Benito Lertxundi musikariak jasoko du. Orioko abeslari eta musikaria 1960ko hamarkadatik hona erreferente izan da euskal musika sorkuntzan eta kulturgintzan.
Durangoko Azokarekin izan duen lotura estua izan da hasieratik, bigarren ediziotik egon baita presente. Lehenik Ez Dok Amairu taldeko kide gisa aritu zen, Mikel Laboa, Xabier Lete, Lurdes Iriondo edota aurtengo azokaren kartela egin duen Nestor Basterretxearekin, besteak beste.
Argizaiola abenduaren 6an emango zaio Benito Lertxundiri, Gauean Argi ekitaldian. Jon Maiak zuzenduko du Benito Lertxundi omentzeko balioko duen ekitaldi berezi hau.