GASTEIZ. Egungo haurrentzako liburuak edonor liluratzeko eginak daude. Album ilustratuak, jolasteko liburuak, pop-up gisako nahiz beste sorpresaz jositako ipuintxo entretenigarriak... Irakurle goiztiarrek eskaintza zabala aurkitu dezakete euskal argitaletxetan. "Liburu liluragarri hauen abantaila da liburu-dendetan atentzioa ematen dutela. Edozein aiton-amonek bere ilobari erosiko lizkiokeen liburuak dira", baieztatu du Sabin Gorrotxategi Ibaizabaleko Edizio arduradunak.

Haur eta gazte literaturan espezializatutako editoriala izaki, titulu-zerrenda luzea dakar kurtso berrirako: Leontzio-ren abentura berriak (0-3 urteentzako ipuinak); Mara eta izar-saltzailea, Maribel Aiertzak idatzia eta Ainara Azpiazuk ilustratua (8 urtera arte); Liesbet Slegers-en Kumeak eta Mugi zaitez!, Patxi Ezkiagak euskarara ekarria (0-3 urte)... eta abar luzea.

Elkarrek, bere aldetik, Pirritx eta Porrotxen komeriak, Zer duzu,

Matxangus? (Begoña Ibarrolarena, Miren Agur Meabek itzulia), hala nola Ametsi tripek hitz egiten diote (Antxiñe Mendizabal, Iosu Mitxelenaren ilustrazioekin) edota Familia berria (Arrate Egaña, Jone Tabernaren irudiekin) dakartza, beste askoren artean.

Album ilustratuen arloan, nabarmentzekoak dira Pamielaren proposamen bi: Hara! (Miren Asiain, 2012ko euskarazko album irudidunen Etxepare Saria) eta Hegazti-saldoa (Julia Diaz eta David Alvarez, 2012ko Nazioarteko Album Irudidunen Compostela Saria). Ttar-ttalok ere badu zer eskaini arlo honetan: Iratxoaren txanoa eta Maite nauzu oraindik?, urrian kaleratuko direnak, ipuin mordoarekin batera.

Aldiz, nerabezaroaren atarian daudenentzat, zailagoa badirudi asmatzea, egon badaude titulu erakargarriak. Besteak beste, Jasone Osororen Ezekiel noraezean (Elkar, 13 urtetik aurrera) edota Fernando Morilloren Abbadiaren sekretua eta Zonbia San Mamesen (Gaumin, 11-14 urte bitartekoentzat), zeintzuk gaur aurkeztuko diren, Bilboko Unamuno BHI institutuan.