Urte berriaren atarian bezalatsu jarri ohi gara hauteskundeen aurrean. Asmo osasuntsuak, ordenatu beharrekoa ordenatzeko deliberamendu tinkoa, findu beharrekoari faltarik gabe heltzeko konpromiso sendoa? Bada, ordea, alderik, hauteskundeei dagokienez: urte berriaren bezperan geure buruari ezartzen dizkiogunak, politikariei eskatzen dizkiegu oraingoan.
Gainerakoan, antzera jokatzen dugu: halatsu zapuzten gara, asmo berriei amets zaharkituen kiratsa aditzean; berdintsu iluntzen zaigu begitartea itxaropenaren doinu leunari kirrinkaren tankera hartzen hasitakoan. Eta, gogoz zein gogoz kontra, egunerokotasunaren balada baketsura itzultzen gara, interpretatzen zaila izan ohi den irribarrea (destainak eragina?, etsipenak?, lasaitasunak?) ezpainetan dugula.
Baina hobe genuke, akaso, hain erraz ez konformatzea; akaso oker ari gara etsipen duin baten mozorroa geure gorpuzkerari egokitzeko ahaleginean. Politikagintzatik urrutiratzen gaituen arrakala gero eta sakonagoa dela salatzen dugunean, gu geu jarri ohi gara beti bertan dagoen ertzean: politikagintza da, jakina, gugandik urrutiratzen dena. Eta hala izango da, ziur aski, baina ez dut uste horrek herritar garen aldetik dugun erantzukina batere arintzen duenik. Alderantziz.
Politikari guztiak txarretik (lapur, ezgai, gezurti?) berdintzen dituztenei entzutean, burura datorkit munduan diren eta izan diren diktadura guztiak politikagintzaren ukazioaren gainean eraiki direla (gogoratzen, frankisten "politicastros" destainezko hura?), prin-tzipio ustez betierekoak finkatuz lehen politikak betetzen zuen eremuan: ordena, autoritatea, klase-elkartasuna, aberria, lurreko paradisua? Eta, bestalde, harritu egin beharko ginateke huts berberak eremu pribatuagoetan askoz ere aisago barkatzen ditugunean.
Kontua ez da, noski, zorrotz ez jokatzea ordezkatzen gaituztenak ebaluatzerakoan; aitzitik, zorroztasun hori izan daiteke, halakorik inon balego, konponbidearen mamia. Baina ez zorroztasun etsia; ez zorroztasunez mozorroturiko utzikeria; ez epaia azterketaren aurretik emana duen zorroztasun sasikoa. Informazioan eta gogoetan oinarritutako zorroztasun eraginkorra baizik. Kritikarako bezala, onespenerako malgutasun nahikoa duen zorroztasun ausarta.
Zorroztasun heldua, alegia. Herritar duin egiten gaituen bakarra.
Eta euskaldunok laster izango dugu horretarako bidean urrats irmoa emateko aukera. Saritu dezagun gure bozka ahalik eta kritikoenaz herritarrok benetan era duinean tratatzen gaituena, eta babesa uka diezaiogun botererako bidean morroi nahi gaituena.
Nola bereizi batzuk eta besteak? Nire teknika partikularra eskainiko dut hemen, inorentzat baliagarria balitz: besteen balizko aliantza politikaz baino gehiago, zeharkako akordio benetan zabalak mami-tzeko gaitasuna erakusten duena da saritu beharrekoa. Ertz ideologiko-politiko-identitarioen artean gizarte kohesioaren zubigintzan trebea dena. Euskaltasuna eta aniztasuna bereizi beharrean, identitate ugari bere baitan biltzen duen euskal herritartasuna mamitzeko gai dena.