Giro eta garai ezberdinetan ezagutu ohi dugu, nork bere txokoan, aldarri hori. Euforia alkoholikoaren ingurumarian egokitu zait, gehienbat, horrelakorik entzutea, edo talde jakin batenganako joera amultsuaren adierazpide gisa. Eta, orain arte, irribarrea eragin izan dit, ez niolako balio erantsi berezirik sumatzen, berezko bozkario zalapartatsuaz gain?

Txantxetan esanda ere, esaldiaren erronka-usainaz jabetuta bota ohi delakoan nago, esan aurretiko damu-samin nolabaitekoaz edo barka-eskean bezala.

Bistan da oker nengoela, edo, akaso zehazkiago esanda, ez zela hori erabilera posible bakarra. Izan zezakeela zorioneko oihuak tokirik gipuzkoarren foru legebiltzarrean: Gipuzkoako Batzar Nagusietan oposizio osoak elkar hartuta gaitzetsi berri zuen aldun edo diputatuak gora gu eta gutarrak! esanez itxi zuen aldun moduan batzarkide guztien aurrean egindako azken hitzaldia. "Biba ni eta nire aldekoak" aldarrikatuz, alegia.

Banderizoek Gipuzkoako lurraldeetan garai batean izan zuten aginte eta boterea ekarri zizkidan gogora aldunaren oihuak, eta, horrekin batera, banderizoen izatearen arrazoia: leinuaren lehentasuna, inguruko leinu zein herritarren gainetik. Horrelakoa ote, aldun ohi izateko bidean zenak botatako erronka? Ala -eta ekonomikoagoa deritzot aukera honi- destainak eragindako mendeku moduko bat jaurti nahi izan zion beretarra ez zen orori?

Batean zein bestean, politikagintzarekiko jarrera bitxia erakusten du oihuak, baina baita bizitzarekiko berarekiko ere. Horrelakorik plazan, eta serio arraio, botatzeko gauza denak, seguru asko, lehia eta norgehiagoka baino ez du ikusten inguruan, eta gailendu, irabazi, nagusitu beharrak biziko du; arrazoi osoa nahi izango du bere buruarentzat -eta beretarrentzat, noski-, arrazoia berez jabe ugari -edo jaberik ez- duen unean-uneko konbentzioa dela ahaztuta, eta beretarren banderia eliza bihurtzeraino.

Baina lerrootara ekarri dudan kasu zehatzak badu, bestalde, beste ezaugarri harrigarri bat, gerora aldun ohiaren taldeak aldarrikatu zuenak argi eta garbi erakutsi digunez: batzarkide gehienen gaitzespena baizik eskuratu ez duen politikan tinko jarraitzeko asmoa adierazten zuen, ozenki, gora gu eta gutarrak! horrek, kontsigna edo autoagindu bihurtuta. Eta hori larriagoa iruditzen zait, adierazten duen pobrezia demokratikoarengatik. Izan ere, "zuk nahi duzuna esango duzu, baina hori ez da horrela" arketipo horren ordain bikaina da aldun ohi bihurtzen ari zenak botatakoa, eta nekez asma liteke demokraziaren ukazio nabarmenagorik.

Milan Kunderak nolabaiteko idilio unibertsala helburu zuten ideologiak satirizatu zituen, bere burua sozialismotzat zuen sistemak indarrez -eta indar soilez- munduratu nahi zuen zoriona salatzerakoan. Eta asko du idilikotik, nire ustez, aldun ohiak aireraturiko gora gu horrek: herritarra malgré lui salbatu nahi duena beti eta uste osoz ari da gizadiaren hobe beharrez, baina paradisua non dagoen eta haraxe nola iristen den berak -eta beretarrek, noski- bakarrik jakiteko eskubidearen truke.