DONOSTIA. Historian zintzilik geratu diren kontuak jaso ditu Patxi Zubizarretak (Ordizia, 1964), Hiru gutun Iruñetik (Pamiela) izeneko azken eleberrian. Aurkezpen ekitaldia aste honetan burutu zuten Donostiako Kaxilda liburu-denda alternatibo berrian. Kultura eta aisialdia uztartzen dituen gunea pasa den ostegunean inauguratu bazuten ere, idazle goierritarrak lehenbiziko ekimen ofizialean parte hartzeko plazerra izan zuen.

Zubizarretak iraganera luzatu du begirada plazaratu berri duen liburuan eta 1939ko guda ondorengo urteetan kokatu du. Horretarako, gudaren ondorioak pairatzen dituzten bi pertsonaiez baliatu da. Gabriel Arratibel eta Rafael Zubeldia ordiziarrak dira istorioaren protagonistak. Alde batetik, Gabriel San Kristobaleko gotorlekuan gordeta dago, Iruñean. Preso eramaten dute nazionalen puntura. Bestalde, Rafael esklabo bezala dago Erronkariko langile batailoietan, errepide bat konpon-tzen. Patxi Zubizarretak azpimarratu zuenez, "liburuak dezente du sufrimendutik" eta gertaera horiek irakurlearengana hurbildu ahal izateko asko irakurri behar izan duela aitortu zuen. "Dokumentazio lana aski gogorra izan arren, emozio eta taupada berezi batekin aritu naiz", onartu zuen.

Hainbat eta hainbat liburutako aipamen eta testigantzaz osatu du nobela berria, baina bereziki bi lanetan oinarritu da: Aitor Azurkiren Maizales bajo la lluvia eta Fernando Mendiola eta Edurne Beaumonten Esclavos del Franquismo en los Pirineos. "Liburuotako lekukotasunak oso presente izan ditut. Sarritan, oilo ipurdia jartzen zitzaidan eta ezin izan ditut alde batera utzi. Azken emaitza izugarri aberastu dute".

Zubizarretak bi eleberrietako gudari eta milizianoen hitzak bere protagonisten ahotan jarri ditu eta Azurkiren iritziz, "horrek testigan-tzen unibertsaltasuna islatzen du". "Edozein aitona edo amonaren lekukoak izan daitezke nobelan jasotzen direnak. Ahantzia dagoen gizarte arazo baten aurrean borrokan gaudela eta horrela jarraitu behar dugula erakusten du nobelak", argudiatu zuen. Zentzu horretan, Ordiziako egileak pasarte horien ondotik beste liburu gehiagotara iritsi dela gaineratu zuen: "Kultura transformatzen doa, liburu batek bidea ematen dio beste bati eta euren artean lotzen dira".

Beste idazleen lanek garrantzi handia izan dute Hiru gutun Iruñetik nobelan. Horren harira, Harkaitz Canoren hitzak gogora ekarri zituen Zubizarretak: "Gaur egun, artistak kleptomanoak izan behar dira. Lapurrak, baina era berean gustu onekoak. Norbere lanak nondik elikatu jakin behar dute".

Nobela hiru zatitan kontatua dago eta atal bakoitza pertsona ezberdin batean. Aurreneko atalean bi lagunak elkarri gutunak idazten dira. Bigarrengoa, berriz, hirugarren pertsonan idatzita dago, presoak Bidankozera nola joaten diren eta bertan zer gertatzen den jorratzen baita. Azkenik, hirugarrengoa bigarren pertsonan dago, presoak bere mendeku egoera eta ihesa nola bizi duen kontatzeko.

Askotan hibridoa izan daiteke, "historia, saiakera eta fikzioa bereiztea ez baita erraza". Alabaina, funtsean, liburuak goi mailako literatura jasotzen duela ohartarazi zuen goierritarrak: "Hizkuntza jasoa, baina ulerterraza erabili dut. Protagonisten arteko gutunetan, esaterako, bertako hizkerak eta euskalkiak mantendu ditut".

Ordiziako idazleak ibilbide oparoa du euskal literaturgintzan. Bi hamarkadaz geroztik, euskarri ezberdinetan trebatu da: narrazioan, heldu, gazte eta haur literaturan eta baita antzerkian ere. Guztira berrogei lan inguruk osatzen dute Zubizarretaren bibliografia mamitsua. Horien artean nabarmentzekoak dira helduentzat ida-tzitako Jeans-ak hozkailuan eta Joan nobelak edota haur zein gazteentzako Pantaleon badoa eta Eztia eta ozpina liburuak. Itzulpengin-tzan ere jardun da, batik bat mundu arabiarreko lanak euskaratzen. Aspaldian, ikus-entzunezkoak eta literatura uztartzeko ahaleginean, zenbait ikuskizun edo performance bideratu ditu. Egun, punta puntako egilea da Patxi Zubizarreta, orobat, 1998an eta 2006an Euskadi Literatura Saria eskuratu zuen haur eta gazte mailan.