Donostia. Imanolekin gertatu ez bezala, euskal kulturzale orok maitatua da Mikel Laboa (Donostia, 1934-2008). Guztiek oroitzen dute haren ahotsa, guztiek haren kantakera berezia. "Baina beste fenomeno bat gertatzen da kasu honetan: ezagutu partez, mitifikatzea". Kritika hori jaurti du Juan Gorostidik, sortzaile handiaren inguruan ari delarik. Lau kantari saiakeraren autoreak uste duenez, Txoria txori, Gure bazterrak, Aita-semeak eta bere kanta sorta "famatuenez" aparte, Laboaren ekarpenaren "bizkarrezurra" ezezaguna da.
Baina zer da gehiengoaren begibistatik urrun dagoen aurpegi hori? Esperimentazioaz mintzo da Gorostidi. Oro har haren ibilbide guztian aurki daitekeen ikutuaz, alegia. "Kopla txiki bat kantatzen duenean ere, bide berriak lantzen ditu. Bere lan guztia bilaketa baten barruan dago. Laboaren emana bakarra da, konparaezina", gaineratu du.
Hiru multzotan sailkatu ohi da donostiar kantautorearen obra: kantu tradizionalen berreskuratzea, poeta garaikideen hitzen musikatzea eta Lekeitioak izenburupean ezagutzen diren kanta sorta. Bereziki azken talde horretan sakontzeko gonbita luzatzen du idazleak, probestu beharreko "altxor bat, iturri bat" delako.
Gorostidik Itxaro Borda poeta lapurtarra aipatzen du kantariari azken erreferentzia egiteko. "Bere ustez, XX. mendeko sintonia gordetzen dute Laboaren Lekeitioek. Kontuz! Etorriko dira Alemaniatik edo Japoniatik hori ikertzera eta esango dugu: ez ginen konturatu balio horretaz", gaineratu du. Hori dela eta, "aldarrikapen bat" egin nahi du Lau kantari liburuaren egileak. "Mitoa hor dago, eta ezinbestekoa da hori ere. Baina mitifikazioak errazkeriara eraman gaitzake. Laboa entzuteko ahalegina egin behar da".