sara. "Sotanarekin ezagutu genuen guk. Horrela ibiltzen zen beti. Baina elizatik kanpo ikertzera joaten zenean, laneko arropa janzten zuen". Apaiz bezala gogoratzen dute Saran Joxe Miel Barandiaran, erbestean zen bitartean -1941-1953- Lapurdiko herritxo honetan bizi izan baitzen urte askotan. Jean Pouyet saratarrak aipatu duenez, "gizon ttikia" zen. Eta hala deitzen omen zioten herritarrek. Ez baitzekiten garai hartan, lan espiritualaz gain, zenbaterainoko garrantzia izango zuten eliz-gizon hark egindako ikerketa etnografiko eta arkeologikoek.

Aita Barandiara (1889-1991) Sarara iritsi zenetik 70 urte pasa diren honetan, hainbeste maite zuen herrira itzuli zen atzo "gizon ttikia", omenaldia eskaini baitzioten 28. Euskal Herriko Idazleen Biltzarrean. Ataungo jakintsuak idatzitako Bosquejo etnográfico de Sara liburuaren itzulpena aurkeztu zuten bertan Euskara Kultur Elkargoak eta Sarako Udalak.

Argitalpenaz gain, saratarrek Barandiaran gogoan dutela konturatzeko parada eskaini zuen bilkurak. Jean Pouyetek berak, Sarako Ondarea elkarteko kideak, txikia zela izan zuen Barandiaranen berri, hamar bat urte zituela. "Gu elizako beretterrak ginen -eliz mutilak edo akolitoak- eta horrela ezagutu genuen", azaldu du. Lapurdin egon zen bitartean, Ibartxo Behera eta Bidartea etxeetan bizi izan zen ataundar ikerlaria.

Pouyetek zehaztu duenez, Barandiarani ikerketaren batean ere lagundu zioten, zertarako zen jakin gabe. "Erreketan eta harriak biltzen ibiltzen ginen. Badakit gero mendietan ibiltzen zela. Trikuharrien bila, baina guk hemen ikusten genuen", gehitu du. Bere oroitzapenek diotenez, jendearen "estimua" zeukan Ataungo ikerlariak. "Gizon ttikia esaten genion. Altura gutxi zuen, baina gizon umila eta barnerakoia zen gainera", deskribatu du.

gaurkotasuna Urteen poderioz, baina, herritarrak Barandiaranen ikerketen berri izaten goan ziren. Lan horien artean zegoen Bosquejo etnográfico de Sara liburua, orain euskaraz eta frantsesez irakurri ahal dena. Euskal hizkuntzan, Sara. Ikerlan etnofrafikoa izendatu dute.

Ondarea elkarteko lehendakari Henri Errandoneak aipatu duenez, Sarak, "Iparraldeko baserri guztietan bezala, izugarrizko ondarea" gordetzen du. "Barandiaranek ikusi zuen hori eta ikerketa handi bat egin zuen. Saratarrek orain ikusi ahal dute zein aberatsa zen beren herria eta zein aberatsa den oraino", goraipatu du. Herriko kondaira, esamolde eta ohiturak jasotzen ditu liburu honek. "Oraindik batzuk bizirik daude. Laborantza munduko hitzak, adibidez, oraindik ere erabiltzen dira etxe eta baserrietan. Altxor handi bat da", esan du.