iruñea. Jose Mari Garmendia zenari eskaini zenion saria. Berak zuzendu zuen, hain zuzen, zure liburuaren abiapuntua den doktoretza tesia.

Bai, helduen euskalduntzeari buruzko ikerketa egiten ari nintzen eta gaiarekin zerikusi handirik ez zuen beste atal bat atera zitzaidan, euskaldunon inguruko topikoen inguruan. Geroxeago, idazki horiek berreskuratu nituen eta beste lan bati ekin nion.

Funtsean, literaturak euskaldunok nola islatu dituen ikertu duzu...

Itzalak harturik deritzo liburua, itzala ez baita errealitatea baizik eta ematen den isla. Literatura antzeko zerbait izan daiteke. Euskaldunon errealitatea literaturan nola islatu den azaldu nahi nuen. Horrekin batera, ikertu dut nola topikoz beteriko euskaldun estereotipatu horiek marrazten zutenen atzean ideologia jakin bat egon ohi zen, baita xede bat ere. Azkenik, horren eraginez ere, euskaldunok gure buruaz zer esan dugun ere kontuan hartu dut. Txarrena izan da gauza kontraesankorrak agertu direla eta guk, hein handian, sinetsi egin ditugula.

Zeintzuk dira behin eta berriz errepikatzen diren topiko horiek?

Asko dira agertzen diren topikoak. Nik horietako batzuk aztertu ditut, oso maiz agertzen da itxura fisikoaren ingurukoa, zintzotasunarena, ausardiarena edota euskaldun langileena. Euskararen inguruan ere dezente idatzi izan da.

Itxura fisikoarena zabalduenetakoa da, euskaldun indartsuena, alegia.

Miñanok XIX. mendearen hasieran Penintsulan bizi ziren herri ezberdinen inguruko analisi bat egin zuen, han euskaldun indartsu eta langileak marraztuz. Ehun urte baino gehiago beranduago Frankismoko Alvarez entziklopediak antzeko euskaldunak irudikatu zituen. Aspalditik dator topiko hori eta asko iraun du, nahiz eta topiko guztiak bezala sinplifikazio hutsa izan.

Eta euskararen inguruan zer esan izan da nagusiki?

Euskararen bueltan esan dena mutur batetik bestera doa. Paradisutik zetorren hizkuntza izatetik deabruen morroiena izatera igaro izan da historian zehar. Penintsulako hizkuntzarik zaharrena zenez, paradisutik zetorrela esan izan zen garai batean. Hala ere, zabalduago egon da euskararen zailtasunaren inguruko topikoa. Esaten zen deabruak ere ezin izan zuela euskara ikasi Euskal Herrian egon ostean. Eta horri lotuta deabruaren morroien hizkuntza zela esatera ere ailegatu izan ziren batzuk. Esan beharra dago ez omen zela horren zaila haurrek erraz ikasten zutenean. Ez daude hizkuntza zailagoak, baizik eta norbanakoaren hurbil edo urrunekoak.

Bestalde, aztertu izan duzu nolako eragina izan duten euskaldunon inguruan eraikiriko topikoek gugan.

Esaten denean euskaldunak indar-tsuak direla, norbera sendoa ez bada badirudi ez dela benetako euskalduna. Horrela, estereotipoen gizaki klonikoak bilakatzeko arriskua egon daiteke eta bada. Bestalde, batzuetan esan dena erabat kontraesankorra izan da eta dena modu paregabean. Badirudi era apartekoan izan behar genuela kristauenak, indartsuenak, zin-tzoenak, espainolenak eta indepentistenak. Loiolako Iñigo euskalduna zen Xabierko San Frantzisko bezala; Pedro de Ursua leiala eta Lope de Agirre traidoreak euskaldunak ziren; Peru Abarka eta Maisu Juan bezalaxe. Errealitatea ani-tzagoa eta konplexuagoa da, eta jakin behar dugu euskaldunez historian zehar zabaldu diren topiko askoren atzean interes jakin batzuk egon direla askotan. Ongi da aztertzea zer esan duten eta zer dioten gutaz, baina ez dago itsu-itsuan sinesterik, aldeko eta kontrako interesak baitaude gehienetan.

Diaz de Tuestaren "Euskal Herria atzerritarren ahotan" liburuan euskaldunentzat hitz onak baino ez zituzten apologistak agertzen dira batez ere. Zeuk kontrako iritziak biltzea nahiago izan duzu?

Lan honetan ere horrelako iritziak bildu ditut, baita liburu horretan agertzen diren zenbait aipu ere. Ongi daude aldeko iritziak, baina kontrakoak interesgarriagoak iruditzen zaizkit, nik behintzat horiei erreparatu diet batik bat. Interesgarria da ikustea zer esaten zuen Espainiko literaturak euskaldunon inguruan. Interes handikoa da ikertzea nolako amorrua eragiten zuen gaztelako biztanleengan euskaldunon kaparetasun orokorrak edota nolakoak bota zituzten Frantziako zenbait idazlek euskaldunez hitz egitean.