fokoak ez dira, ziur asko, haiengana zuzenduta egongo Durangoko Azokan. Baliteke, baita ere, idazle kontsagratu gehienek baino sinadura gutxiago izenpetu izana. Aurten lehen aldiz Durangoko Azokako erakustokien atzean egotea tokatu zaien autoreak dira. Erotismoa hizpide duen edizio honetan, lehen aldia bizitzea tokatu zaie. Erreparoa, poza, irribarre ironikoa, naturaltasuna... Postura horrekin gerturatu dira Landako gunera aurten lehen lana argitaratu duten idazleak.
Egunkari honek autore nobel horiekin egon eta hitz egin nahi izan du. Nobatadarik jasan duten ez dute argitu, baina haien liburuez eta publikoaren aurrean jartzean sentitu dutenaz mintzatu dira. Fokoetatik urrun, noski, argiak min egin ez diezaien.
jokin ansorena
"Ordu bietan frontoian"
Kulturaren munduan murgilduta denbora luzea darama Jokin Ansorenak (Donostia, 1963), Tolosako Udaleko teknikari baita. "Iritsi berri-tzat" dauka, hala ere, bere burua literaturaren munduan. Urteak pasa dira -ia 30, zehazki-, Alex Azkue ezizenarekin Poemak olerki liburua argitaratu zuenetik, beraz, ez dio uko egiten autore "nobel" deitzeari. "Tartean hainbeste urte igaro dira...", azaldu du. Ordu bietan frontoian (Alberdania) eleberria defendatu zuen atzo Durangoko joko lekuan.
Literaturan egin duen "sartu-irten" horretako protagonista ere kultur teknikaria da. Narrazioaren kokalekuari, gainera, Tolosaren tankera hartuko diote irakurleek; autoreak berak esan duenez, bere eguneroko bizitzako kontuak hartu ditu oinarri, gero fikzioari atea zabaltzeko. Batek daki azokako bizipenetik istoriorik sortuko ote den.
"Lasai" gerturatu da Ansorena Durangora, gustura baitago orain arte eleberriak egindako bidearekin. "Irakurri dutenei gauza onak entzun dizkiet eta azkenik gustagarria da hori, jendearen eskuetan liburuak balioa izatea", jarri du mahai gainean. Hortik abiatuz, eta autore ezezaguna denez, "ale batzuk salduta" pozik etxeratuko da.
Donostiarraren iritziz, Landako eremuan sortzen den giroa aproposa da ez bakarrik "promozio extra" pixka bat egiteko, baita topaleku gisa ere. "Urte asko idatzi gabe badaramatzat ere, badut harremana mundu honekin. Beraz, jendearekin kontu batzuk esan eta lagun zaharrekin egoteko aukera ere bada. Festa bat bezala hartzen dut".
Normalean literatura erosketak azoka garaitik kanpo egin ohi baditu ere, oraingoan "dozena erdi bat" liburu erosi beharko dituela aipatu du autoreak. Dagoeneko feria aurreko hilabeteetan aurkeztu dituzten liburu batzuk irakurri omen ditu: Trabukoren kantako misterioak, Lertxundiren saiakera saritua... Koldo Izagirreren azken lana dauka, berriz, erosi beharreko tituluen zerrendan.
yurre ugarte
"Gasolindegian"
Joan den udaberriko literatura uztan jasotako fruitua da, baita ere, Yurre Ugarteren Gasolindegian. Erantzun ona izan zuten, argitaratu berritan, liburuak jasotzen dituen istorio bereziek. Tituluak jasotzen duen tokian sortutako narrazioak biltzen ditu eta, batek daki, Landako ere imajinazioari hegan egiten uzteko toki aproposa izan daiteke. "Ez da toki txarra", baieztatu du Ugartek.
Arrazoi horregatik, agian, "asko maite ditu" feria guneak idazle tolosarrak. "Denetarik egoten da, mota askotako jendea, mundu ezberdinetatik datorrena, baina guztiak eremu eta giro batean bilduta", iritzi dio idazleak.
Pozik iritsi zen Azokaren lehen egunean Landako gunera Yurre Ugarte, "urteak" ziren eta bisitari gisa agertzen ez zela. Beste arrazoi bat bertaratzeko: Gurebook liburudenda elektronikoaren proiektuan sartuta dago. Hori horrela, "lana eta gozamena" uztartzeko asmoarekin iritsi zen Durangora.
Liburua argitaratzeko jo zuen atea lehenengoan ireki ziotela aitortu du eta, beraz, arlo horretan zailtasunik ez zuen izan. Durangon, baina, badaki "ezagunak" diren autoreek pizten dutela interes gehien. "Baina nahasketa ona da eta aukera hori ematen du horrelako testuinguru batek", kontrajarri du. Hau da, "mesedegarritzat" jotzen du, edonor izanda ere, Azokan txoko bat izatea.
Maribel aiertza
"Tigreak hondartzan"
Maribel Aiertza (Etxebarria, 1962) ez da erabat iritsi berria liburugintzaren mundura. Aitzitik, Lertxundi euskaradun arte unibertsala (1988) saiakera argitaratu zuen Mikel Lertxundi eskultorearekin elkarlanean. Hori gutxi balitz, ikas-liburuen arloan lan egiten du. Urtero Durangora gerturatzeko ohitura badu, baina aurtengoa berezia izango da. Tigreak hondartzan (Elkar) nobela aurkeztuko du gaur, hiru istorio katramilatzen dituen narrazioa. Atzean, istorio nagusi bat: umea galdu duen amarena.
Idazle bizkaitarra "gogotsu, espektatibaz betea" dago euskal liburu eta diskoaren festa handiaren aurrean. Batez ere "publikoarekin egoteko" esperantza daukalako. Hortaz, "gustura bueltatuko da etxera irakurle batzuk ezagutu eta hitz ba-tzuk egiteko aukera" izaten badu.
Fikzio liburu bat osatzeko lehen esperientzia "gogorra" izan da Aier-tzarentzat, baina ez hainbeste sorkuntza prozesuagatik. "Disfrutatu egin dut eleberria idazten. Kontatu beharra neukan zerbait zen", gogoratu du. "Zailagoa" egin zaiona, bestalde, "aurkezpenak eta komunikabideen aurrean eman beharreko azalpenak" izan dira. "Lehen liburua denean beti izaten da erreparo pixka bat", aitortu du.
Nobelista bezala hasiberria da Aiertza. Autore kontsagratuez gain, baina, Durangon "denentzako" tokia dagoela uste du. "Ezezagunak garenok berritasun puntu bat ere eraman dezakegu. Eta, nire kasuan, udaberrian argitaratutako liburua izanda, aukera berri bat da lana publikoari ezagutzera emateko", gogoeta egin du. Izen ezezagunei lanak publikatzea zaila zaie? "Idazle bakoitzak errealitate ezberdina du", erantzun du.
Badaezpada ere "zerrenda" bat eginda iritsiko da Durangora, "ezin bestela", gastua "kontrolatu" nahi badu behintzat.
Alejandro fernández aldasoro
"Un viajante"
Argitaratu berri duen Un viajante nobela laburra dela medio, Alejandro Fernández Aldasoro autore bilbotarra ere Landakon izan da. Kasu honetan bai, erabat, lehen aldiz. Aitortzeak "lotsa" ematen badio ere, aurretik egon gabea da Azokan. "Ideia berarekin gozatzen duen jende olatu orotara joatea galarazi dit medikuak", adierazi du, eta horregatik ez omen da "manifestazio, paella lehiaketa, U2ren kontzertu nahiz bizilagunen bileretara joaten".
Baina Durango salbuespena izan da Donostian bizi den idazlearentzat. Igandea aukeratu zuen bertan egoteko.
Umore eta ironia puntu batekin mintzatzen da Azokari buruz. "Nire liburua eta sinadura nahi duen jende uholdeak eta Ttarttaloren postu parean sortu daitezkeen histeria irudiek izutzen naute", broma egin du. Aitzitik, arratsalde osoa "han eserita" igaro eta inorrek "kasurik ere ez" egiteak, horrek beldurtzen zuela kontrajarri du. "Bueno, eta nire amak mundu guztiaren aurrean liburuak erosten jarraitzeak ere bai", segitu du.
Azoka aurreko udazken honetan aurkeztu zuen Un viajante, Lucio Egaña agente komertziala protagonista duen liburua. Bilbon, 1970eko hamarkadan, jostundegietarako oihalak saltzen dituen gizonaren istorioa kontatzen du Fernández Aldasorok. Aurkezpenaren ondotik, liburuak "bere bidea" jarraitu duela esan du idazleak. Editoreak esan dioenez, "goiz da salmentak nola doazen jakiteko". Baina horrek ez du itsutzen autore bilbotarra. Nahiago du Durangoko Azoka "festa herrikoi baten modura ikusi, Santo Tomas feriaren modura, gurea den ohitura bat bezala, liburuak eta diskoak ai-tzakiatzat hartuta". "Espero dut inork sabelik ez ukitzea, baserritarrek kapoiekin egiten duten moduan", osatu du, umoretsu.
¿Autore berrientzako aukera da Durangoko azoka? Fernández Aldasorori "senak" esaten dioenez, "autore batek hamar liburu saltzen baditu normalean eta beste batek bi saltzen baditu", Durangon ere "por-tzentaia bera" izango dute. "Baina batek daki. Benetan probetxugarria zera litzateke: idazle kontsagratu bat gerturatu eta liburu bat erostea", plazaratu du.