durango. Kazetariak askotan sentitzen du bere burua trantze horretan. Nola azaldu irakurleari arlo jakin batean -gizartea, kultura nahiz zientzia, berdin da- norbaitek egindako lan zabala? Jasotako sariak aipatzea izaten da ohikoa, pilatutako merituak azpimarratzea, egindako ekarpenak goraipatzea. Baina, zerrenda amaitzean, halako frustrazio bat izaten da askotan; hitzak kamuts direlako zenbait jendek utzitako ondare aberatsa xehetzeko.
Halako sentipen bat gera daiteke 2010eko Argizaiola Sariaren, Imanol Urbieta Beristainen, inguruan hitz egitean. Bart jaso zuen errekonozimendu hori Durangoko San Agustin Kultur Gunean musikari eta pedagogo zarauztarrak. Euskalgintzak omenaldi sentitua eskaini zion, horrela, "umeen euskarazko kantutegiari egindako ekarpenagatik" bereziki. Ez da makala pilatutako merezimendua: hezkuntzaren eremuko disko eta liburu mordoska -70etik gora-, Oleskariak eta Naya taldeetako kidea, Xirula Mirula musika eskolaren sortzailea, Anton Abbadia saria (2007), EHU-Donostiako Orfeoia saria... Zerrenda osatugabe bat gehiago.
Baliteke ordea irakurlearentzat esanahi handiagoa izatea beste lista xumeago batek. Gogoratzen Jon Brown indio txiki bat zen, Mac Mikel, Txiki-txiki-txikia eta Ranrroberra haur kantak? Bai horixe, horien guztien -eta beste askoren- sortzailea da Urbieta. Argizaiola saria jaso aurretik, kanta horien eta sortzaile bizi-tzaren inguruan galde egin dio egunkari honek Zarauzko maisuari.
begirada Andoni Egañak Luzea da bidea (Ibaizabal, 2002) biografian jaso zuenez, Manolo -horrela deitzen diote lagunek Imanol Urbietari- irakaslea klasean sartu zen lehen egunetik "eragin" zien ikasleei. "Segur aski bere ikatz begiek eragin ziguten. Edo bere begiratuak: aldi berean hain gogorra eta hain jolastia", gogoratzen du bertsolariak. Egun hartan Alaken! Alaken! Alapikulatunpaire, errespundelapikulatunpa dioen kanta erakutsi zien.
76 urte ditu gaur egun Imanolek, baina begi horien indarra irakaskuntza ogibide zuen garaietako bera da. Zabal-zabalik mantentzen ditu, bizi, argi, bihurri. Zahartzaroak eta luzean pairatutako gaitzak bastoia bidelagun izatera kondenatu dute. Hala ere "burua argi" daukala aldarrikatu du. Eta ez da gezurra: haurtzarora jotzen du, etengabe, heldu aroko galderei erantzun bat bilatu nahirik edo.
Aitonaren piano zaharraren teklak astintzen hasi zen lehenbizi, zortzi urterekin herriko bandan klarinetea jotzen gero... Txistua ere berehala ikasi zuen. Oso gaztetik datorkio, beraz, horretarako trebezia. Ikasketak, baina Teologia eta Filosofian egin zituen (Arantzazu, Erroma, Valentzia); musika, berriz, Donostiako Musika Kontserbatorioan ikasi zuen.
jatorria Umetan "errebelde edo bihurri" samarra zela oroitu du Manolok. "Garai hartan Manolito deitzen zidaten. Gerora haur batek Imanolo ere esaten zidan", esan du, irribarretsu. Askotan esan izan du "inguruak" eman ziola pedagogian bide berriak irekitzeko "esperien-tzia" eta perspektiba. Eta hor, lehen oroitzapena amarekikoa eta familiarekikoa da. "Etxean hamar senide ginen eta horrek hezi egiten zaitu. Pertsonak kariñoa behar du bere inguruan: amarena, osabarena, aitonarena", azaleratu du.
Eta noiz konturatu zen musika eta hezkuntza eskutik zihoazela? Behin ikasketak amaitu eta haur kantak egiten hasi zenean, "instintoz" lan egiten hasi zen. "Gauza natural bezala hartu dut musika. Ordurako banekien zerbait pedagogiaz eta zer egin behar nuen, baina modu natural batean jokatzen saiatzen nintzen, gitarra hartu eta klaseak ematen. Gerora didaktikak arrazoitu behar nituen eta orduan joan nintzen gauzak deskubritzen", azaldu du.
Barneko senari jarraituz hasi zen abestiak sortzen eta hala jaio zen haurrentzat euskaraz egindako lehen grabazioa: Haur kantariak (1967). "Asko aldatu dira garaiak. Orduan Bartzelonara joan ginen grabaketa egitera. Orain gauzak errazago egiten dira", alderatu du. Hortik aurrera, psikomotrizitatea musikaren bitartez ikertzeko ekimenak etorri ziren, zenbaki eta koloreekin musika irakasteko bideak eta abar. Makina bat maisu eta andereñok jarraitu ditu irekitako bide haiek.
Ranrroberra kanta sortu zuenekoa izan daiteke intuizio horren erakusle. Gogoan du Urbietak eskolan bazuela ikasle lotsati eta isil bat. Eguberriak igaro ondoren, Erregeek zer ekarri zieten galdetzen hasi zen Urbieta. "Haur hark zera erantzun zidan: motorra, traktorea eta ranrroberra, hiru hitzak r-ak j bezala ahoskatuz", zehaztu du. Hala deskubritu zuen "r-a modu hartan ahoskatzeak" uzkurtzen zuela ume hura, "horregatik ez zuela hitz egiten". Hala konposatu zuen Ranrroberra kanta, gaztetxo hari lagundu nahirik edo.
gaur egun Pedagogiak, musikak eta euskarak Urbietaren lanean egin zuten topo. Horri esker ikasle ugari izan ditu urtetan zehar, zuzenean eta indirektoki, Imanol Urbietak. Zarauzko ikastolan lehenbizi; Xirula Mirula eskoletan, gero; baita Euskal Herriko hainbat ikasgelatan ere. Euskarazko materialak falta ziren garai batean hasi baitzen haurrentzako kantei doinua eta letra jartzen. Oraindik ere bere abestiak hamaika haur eskola eta ikastetxetan kantatzen dira. Gurasoek haurrei kantatu ere, zenbat... Askoren txikitako soinu banda osatzera arte.
Argizaoila bezalako errekonozimenduak "esker onez" hartzen ditu Urbietak, baita umiltasunez ere: "Bakarrik ez dut ezer egin. Nire premioa denona da. Hau jarri ezazu, mesedez", eskatu dio kazetariari. Omenaldirik politena ordea, egunero jasotzen duena da. Ez baitira gutxi kalean diosala egin eta abesti hura edo bestea gogoratzen diotenak. "Oso ongi hartzen dut", aitortu du. Ikasle izandakoen "amak" aipatzen ditu Imanolek, baina baita haur izandako haiek ere. "Horietako batek zorion mezu bat bidali dit Internet bidez, bakeroz disfrazatuta, Mac Mikel kantatuz", kontatu du.
Adinean gora badoa ere, musika ezin du burutik kendu Zarauzko maisuak. "Ez dut sekula musika ofizio bezala ikusi", oharrarazi du, agian txikitatik horretan ari delako. Gauaren erdian, erdi lotan, melodiaren bat okurritzen bazaio, adibidez, "esnatu eta apuntatu" arte ez du atsedenik izaten. Ez hori bakarrik, lanean jarraitzen du egunero, pianoa lagun. Maiteminez eta Ez morroi ez nagusi izeneko pieza berriei bueltak ematen dihardu azken egunotan.
Zarauzko jubilatuentzako abesba-tza ere zuzentzen du, eta talde horretarako ere sortzen ditu kantuak. Horrelako taldeei zuzendutako abesti bilduma bat osatzea darabil buruan gaur egun. Berriki, aiton-amonek beren bilobekin abesteko kanta bilduma -Aiton-amonekin kantari- bat ere aurkeztu du, Durangoko Azokako postu batean salgai izango dena.
Noizbehinka kazetarion galdera errepikakorrei erantzuteari ez dio uko egiten, solasean kafea hozten bazaio ere. Zarauzko malekoian paseotxo bat ematen saiatzen da, baita ere, eguraldia lagun duenean: "Getarira begira egotea beti izan dut gogoko", aipatu du. Umeren bat ikusten duenean, berriz, beti izaten du "irribarretxo bat hari eskaintzeko".