Stanley Kubricken 2001: espazioko odisea pelikulako pasarte bateko elkarrizketa idatzi bat eman zioten atzo Miramar jauregiko F3 gelara sartu zen orori. Harriduraz hartu zuten entzuleek eta poltsikoan gorde, etorri behar zenaren esperoan, ahotsaren eta honek hainbat arlotan duen presentziaren inguruan gehiago ikasteko asmotan.
Gotzon Arrizabalaga idazlearen Zer da ahotsa musikan hitzaldiaren ostean igo zen mikrofono atzera Joxe Mari Iturralde ahotsak literaturan duen presentziaz hitz egiteko. Historian zehar argitalpen eta artelan ezberdinetan izandako presentziaz aritu zen, Homeroren Odiseatik hasi, Kafkaren Metamorfositik eta Gregorio Samsaren intsektu ahotsetik igaro eta Mio Cid pertsonaia espainiarraren pasarteetaraino. Cid eta bere kideak Burgosera iritsi eta bertako herritarrei ozen deitu ostean, begiak ateratzeko mehatxupean, bederatzi urteko ume bat bakarrik ausartu zela erantzutera dioen istorioa kontatu zuen. "Niri txundigarria egiten zait istorioaren zati hau".
Horrez gain, gaiaren inguruan interesa duen orok irakurri beharreko obra bezala definitu zuen Edgar Allan Poeren Amontillado upela (1846) eleberria. Bertan Poek nola jolasten duen ahotsa bizitzarekin eta ahotsaren itzaltzea heriotzarekin lotuaz. "Liburu hau ezinbestekoa iruditzen zait", gehitu zuen idazle tolosarrak.
"Azken batean, literatura iceberg bat bezalakoa dela zioen Gabriel García Márquezek", esan zuen bere hitzaldiaren amaieran: "Informazio txiki bat ematen da eta istorioaren %90a ezkutuan dago".
Hal 9000 gizakia
Literatura vs. ahotsa
Mirari Perez foniatraren aurkezpen zientifiko interesgarriaren ostean iritsi zen Bernardo Atxagaren txanda.
2001: espazioko odisea film famatuko pasarte bat kontatzen hasi zuen Zein ote zen On Kixoteren ahotsa? hitzaldia, Sareko hainbat forotan "HAL 9000-ren heriotza" bezala ezagutzen den zintaren zatira iritsi arte. Protagonistetako batek, bizirautea lortzen duenak, ordenagailu adimentsua deskonektatzea lortzen duen unea deskribatu zuen birritan, HAL eta pertsonaiaren arteko elkarrizketa kontatuz. "Pelikula hau ikusten jende ugariri umeldu zitzaizkion begiak zati honetan, zergatik ote? Zergatik sortu zituen horrelako sentimenduak ordenagailu batek?" Atxagaren ustez, gakoa ahotsak dauka. Ahotsak ematen omen dio gizatasuna giza abereari. Asteasuarrak esan zuen eran, behintzat halaxe esan izan da. "Ahotsaren eragina izugarria da, bertan edozer ezarri ahal da, esan daiteke xafla bigun bat dela -azaldu zuen- sexua, aldartea, izaera eta ezaugarriak erakutsi ditzake eta batzuetan pertsonaiak duen estatus soziala ere bai".
Horrez gain, Atxagaren iritzitan, pertsonaia baten eta bere diskurtsoaren arteko harremana entzun daiteke: "Ahotsak pertsona salatzen du, adierazi dezake ziurtasunez, lotsati edo gezurretan ari dela".
Hitzaldian konklusio garbi batera iritsi zen idazlea: "Tinbreari eta ahotsaren testurari esker lortzen dugu gure bakantasuna, horrek egiten gaitu bakar mundu honetan". Hari horri tiraka eta literatura ahotsarekin aurrez aurre jarriz Miramar jauregiko F3 gelako entzuleen harridurarako, esan zuen literaturak ezin duela pertsonaiarik itxi, ez eta paisaia edo ingurunerik zehaztu ere: "Ahotsak edozein testu suntsitu dezake".
Hain zuzen hori dela literaturaren "abantaila edo erakargarritasun" handiena zehaztu zuen amaieran, hori ez dela inondik inora "muga" bezala ikusi behar. "Literaturak hutsunea behar du, hutsunea badu irakurle bakoitzak betetzen duena. Horregatik egingo zaie, hain zuzen,interesgarria On Kixote belaunaldi berriei".