BILBO. Ken Zazpi taldeak Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainitako kontzertuarekin bukatu zuen azken bira, eta dagoeneko hasi ditu 2010eko bukaeran kaleratuko duen disko berriaren grabatze-lanak. Disko berria Elkar-Argiak plataforma berriaren barruan kaleratuko da, eta aurreko disko guztiak ere plataforma horren barruan egongo dira, plataformako iturriek gaur iragarri dutenez.
Talde bizkaitarraren lehenengo bost abestien grabazioa Iñaki Uohoren (Platero y tu, Extremoduro) estudioetan egin da, eta Rafa Sardinak gidatu ditu produkzio-lanak; aurreko diskoa ere berak ekoiztu zuen. Beste kantuen grabazioa uztailean zehar amaituko da, Haritz Harreguyren Hi Gain estudioetan.
Ondoren, Los Angelesen (AEB) amaituko dituzte lan berri honen nahasketak eta masterizazioa. Horrekin batera, Ken Zazpi taldearen diskografia guztia euskarri digitalean sareko plataforma nagusietan dago eskuragarri.