MAñaria eta Iurreta errekek, Durango besarkatuta, Ibaizabalen elkartzen diren moduan, bat egiten dute, Durangoko liburu eta disko Azokan, euskal kulturako izen propio askok. Batasunean datzalako indarrak, zelanbait. Baina 44 urte bete dituen Azokak gizartearen pare egin du aurrera eta honekin batera aldatzen eta eboluzionatzen saiatu da. Gerediaga Elkartea izan zen 1965ean Andra Mariko arkupean antolatutako lehen edizio hartako arduraduna eta, 2009an, berberek jarraitzen dute euskal kulturaren erreferentea den Azokaren antolakuntza lanetan; belaunaldi berriak, baina. Hamarkadak zelan, belaunaldi zaharrek ere, bidea ematen diete gazteagoei eta, hauek, garaiko gizartearen bertute eta akatsak dakartzate berekin.

Garai bateko sentimendu militanteak behera egin du asko eta, horren ordez, ikuspuntu komertizala hasi da indartzen. Hala ere, euskal kulturaren isla izaten jarraitzen du, onerako zein txarrerako, parte hartzaile gehienen iritziz. Azoka anitza da, handiak eta txikiak daude; erraldoiak ere eta kanpoan kokatzen direnak ere bai. Desoreka? Agian. Baina argilunekin ere, erreferente izaten jarraitzen du. Eta ez hori bakarrik: Euskal Herriko sormen kulturalari bultzada beharrezkoa ematen dio oraindik ere.

Nabarra

Aniztasunaren zergatiak

Selektah Kolektiboaren diskoa eta Eusko Jaurlaritzaren azken agiriak; Su ta Garren zuzenezko DVDa eta Nevadako Unibertsitateak Euskal Herriko txistularien inguruan argitaratutako tesia; Pirritx, Porrotx etaMari Mototsen umeentzako DVDa eta Xabier Silveirak egindako bertsolaritza eta raparen arteko maitasun istorioaren dokumentala. Azoka berean hain jite desberdineko lanak aurkitzea ez da batere ohikoa. Horregatik, ere, da berezia Durangoko disko eta liburu azoka.

Xabier Silveira bertsolari nafarraren ustetan, Euskal Herriaren nortasunean datza berezitasun hau: "Azokaren zergati oinarrizkoa euskara eta euskal kultura bera dira. Hizkuntza izanda muina, kontrasteak agertzea erraza da, ez baita gai konkretu batetara mugatzen. Euskaraz egindako edozerk izan lezake tokia bertan eta horrek aniztasuna dakar nahitaez. Are gehiago, aniztasuna eta kontrastea euskal kulturan bertan antzematen da, azokatik kanpo ere. Euskal Herrian ohituak gaude Unai Iturriaga eta Joxe Agirre bezalako bi lagun batera bertsotan ikustera, baina munduan horrelakorik gertatzea zaila da. Horixe da egungo euskal kulturaren ezaugarrietako bat: oso erraz egiten dutela topo tendentzia desberdinek. Horregatik ere, hamabost urte zein hirurogei izan, zeure gustoko zerbait aurkituko duzu mobida honetan".

Gizartearen isla

Onerako eta txarrerako

Azokaren datetan, Durango osoak hartzen du martxa berezia eta, Landako Gunearen aldirietan, hamar gehi bat ekitaldi antolatzen dira. Horiek ere kolorea ematen diote Azokari, horietako asko ere, badirelako euskal kultura. Gune nagusiaren barnean ere, badaude hamar stand dituzten izenak eta etxola bakarra partekatu behar duten zenbait ere. Laguntzen al dio horrek euskal kulturari? Zuzena al da? Zenbat buru hainbat aburu; Silveirak, kritika argia egiten dio horri: "Badago Euskal Herrian eliteko kultura bat eta gero oso xumea den beste bat; horixe bera antzematen da Landakon: glamour aura duten etxolak alde batetik eta apalak beste alde batetik". Handiak mugatu behar? Gotzon Barandiaran, Azokako sortzaileen gunea den Ahotseneako arduradunaren iritziz, "handiak mugatu ez, txikiak gehiago bultzatu" da egin behar dena. "Argi dagoena da, Azoka mota honek handientzat direla onuragarri", gehitu du Larrabetzuarrak. Nerea Mujika, Gerediaga Elkarteko zuzendariak, argitaletxe txikiak oso kontutan hartzen dituztela argi utzi gura izan du, nahiz eta handien presentziak, batzuetan, txikiena lausotzen duela onartu: "Bereziki sentsibleak gara txikiak Landako Gunean ere sartzeko. Stand erdia alokatzeko aukera horren adibidea da. Egia da argitaletxe handiek oso presentzia nabaria dutela, baina oso zorrotzak gara aniztasunarekin eta, txikien zailtasunak ezagutuz, horiek babesten egiten dugu esfortzu handia".

Influentzia ahalmena ez da beti saltokiaren tamainan ikusten; askotan kaletarrentzat antzemangaitzak diren xehetasunetan ere ematen da. Azoka editoreen eta argitaletxeen erakusleihoa da. Guztiz beharrezkoak kulturaren zabalkundean, baina, non da sortzailea? Barandiaranek galdera bera egin zuen duela urte pare bat eta iaz jarri zuen, lehenengoz, Ahotsenearen karpa, beste sortzaile askorekin elkarlanean. Egun bakarrean baino ez zen egon, baina aurten, hiru egunetan zehar egongo da Landako Gunearen parean. "Ahotsenearen proiketua benetan aberasgarria iruditzen zaigu Azokarentzat, funtsezkoak diren lagunen ahotsak daudelako bertan. Ilusio eta ardura handiz integratu ditugu", Mujikaren hitzetan. "Euskarazko literatura eta musika garrantzia galtzen joan da Azokan azken urteetan", dio Ahotseneako arduradunak. "Espainolezko produktuen gailentzea eta musika eta literatura ez diren beste produktu askoren salmenta onartzea, argitaletxe handien eragina izan da. Abagune horretan, euskarazko disko eta liburu egileek lekua borrokatu behar dugulako sortu ginen".

Alberdania da Azokan espazio gehien duten argitaletxeetariko bat. Inaxio Mujikak, bertako editoreak, gogoeta egin du ere stand txiki eta Azokatik kanpo lotu direnen inguruan: "Aldiriak beti sortuko dira mota honetako egitasmoen inguruan. Orain aldirietan daudenak sartuta, aldiri berriak sortuko lirateke. Azken batean, denentzako bilgunea baldin bada ere, leku mugatua da hau. Hala eta guztiz ere, editoreek egiten dugun esfortzu handia ere nabarmentzekoa da; sosa asko arriskatzen baititugu urtero".

Azoka gizartearen isla izateak dituen alde onetaz gain, munduko herrenak ere berekin ekartzea ere dakar. Euskal liburu eta disko azokan gaztelerak presentzia nagusiagoa izatea "egungo problema naguisia" dela dio Martin Ansok, Txertoa argitaletxe txikiko editoreak. "Garai batetan Azoka txikiegia izatea eta produktu gutxi egotea arazoa zen moduan, egun, beste hau dugu eztabaida nagusia. Baina tira, agian hori ere bada euskal gizartearen isla: onerako eta txarrerako". Barandiranek, Ansori erantzunez, "agian euskarazkoa ez dena azokatik kanpo egon beharko luke", bota du. "Eztabaida hor dago", amaitu du Silveirak.

Bateragarria

Beharrizan partekatua

"Txiki, handi, zein ertain, denak gatoz bat Azokaren beharrizanarekin". Martin Ansok ez dauka dudarik. Gotzon Barandiaranek, bere aldetik, "Durangon sortzen den giro berezia" azpimarratu du, "Euskal Herriko euskaltzale oro batzen baititu Azokak". "Euskal kulturaren festa" bezala deskribatu du Inaxio Mujikak ere bai eta "militantziak oraindik duen garrantzia" aipatuz bat egin du Silveirarekin Alberdaniakoak.

Itsasoa azukre koxkor batekin gozotzen saiatzea bezalakoa litzateke kultur eragile euskaldunek desadostasunak batasunaren gainetik jartzea. "Azokarik ez balego asmatu beharko genuke"; hitz argiak Martin Ansorenak. Azken batean, kontraesanak kontraesan eta akatsak akats, Mañaria eta Iurreta errekek Ibaizabalen batu ostean, norabide berean, indartsuago, ailegatzen dira bokalera. Kultur anitzen itsasoan norbait izateko irabazi beharreko lehen eremura. Indarrak batasunean datzalako, bateragarriak dira Azokaren kontrasteak.