Sarean ez zara inor jarraitzaile fidelekin batera etsai itsuak ez badituzu. Nire hater saiatuenetariko batek ohitura xelebrea du: euskal egunkari digital batean Aingeru Epaltza naizen honek izenpeturiko artikulua agertzen den aldiro, amaren abizena ere ez eranstea gaitzesten dit sistematikoki. Ez zaio, nonbait, kontraesana iruditzen niri bigarren deitura ere eskatzea eta berak, berriz, goitizenez sinatzea bere iruzkina, baina ez da hori kontua. Ene arerio anonimoaren ustez, amaren aldetiko Ruiz de Alda “ezkutatzen” badut ez da patriarkatuaren usadioei men egiten diedalako –ni bezalako birigarro susmagarri baten aldetik hain harritzekoa ez litzatekeena, bertzalde– ez bada nire jatorriaren saihets horretatik zaineratua dudan lohi ideologikoa kamuflatu nahian ari naizelako. Orain dut argitzeko tenorea: Falange Española alderdiaren sortzaileetariko bat gure osaba ttikia izan zen, zehatz-mehatz gure aitatxi jeltzalearen anaia. Xaloren batek pentsa lezake ez ote zaidan urrun samar gelditzen delako orbana, baina nire iruzkingile suharrak hari eusten dio ene iritzien kontra arrazoitu beharrean. Egun hauetan, Eduardo Txillidaren mendeurrenaren harira zenbait lumak plazara ekarri dute eskultorearen eta haren familiaren iragan ideologikoa. Tira, ez dadila dena laudorio izan. Inor ez da sakratua. Aho-batekotasuna ez da osasungarria ez inoren ez ezeren inguruan. Hala ere, ez dakit ideia ona den inoren sustraien purutasun ideologikoan aztarrika hastea belaunaldiz belaunaldi gureak adina itzulipurdi ideologikoak ikusi dituen gizarte batean. Benetan, aitaren historial politiko militarra eta gaztetako pasadizo bortitz bat baino hoben larriagorik ez zuen egin bere bizian artista donostiarrak? Susmoa dut bertzelako bekatuak direla zenbaiti Txillidarengan jasanezinak gertatzen zaizkionak. Hurkoaren arrakasta ez dugu ongi eramaten herri honetan.
- Multimedia
- Servicios
- Participación