Aurrekoan lagun batek esan zidan gauza asko galtzen ari garela gizarte honetan, eta horien artean aipagarrienetako bat dotorezia dela, elegantzia. Laguna ez zen pertsonen janzkeraz edo etxe bateko egongela dekoratzeko moduaz ari. Benetako dotoreziaz ari zen, batzuek berezkoa duten izaera eta planta berezi horretaz. Haserre esan zidan ze zaila den elegantzia imitatzea eta, aldiz, zein erraza den zakarkeriaz kontagiatzea. “Jarri elkarrekin hiru pertsona elegante eta baldar bat, eta ikusiko duzu eztabaida zelan zakartzen eta trauskiltzen den”. Guzti hau Espainiako Kongresuko eztabaida baten pasarte batzuk entzun bitartean esan zidan. Minduta zegoen herritarren ordezkarien eztabaida maila urteekin izugarri jaitsi delako eta politikari eleganteenak ere arrunkeriaz kutsatu egin direlako diskurtso hutsal eta demagogikoen artean.

Eta hara, elegantzia galtzen ari garela esan zidan egun batean eta hurrengoan benetan sentitu nuen hala zela, euskal kulturaren munduko pertsona eleganteetako bat hil zela esan zidatenean. Jorge Gimenez Becheditore, itzultzaile, eta euskal kulturaren eragile garrantzitsua. Euskara eta literaturaren maitale, Jorge Gimenez izan da pertsona atsegin, zintzo, errespetu handikoa… Pertsona dotorea guztiaren gainetik. Eta burura datozkit hainbat eztabaida parlamentario oldarkor eta erasokorrak, ezberdin pentsatzea bestea erasotu beharra pentsatzen dutenen artekoa, eta justu kontrako aldean, haietatik milaka kilometrotara, ikusten dut Jorge Gimenez bezalako gizon bat, bere biografia ezagututa eta euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen guztia ikusita, argi utzi zuena argitasun izugarria eta ahalmen berezi bat zeukala bizikidetza eta elkarren arteko errespetua praktikara eramateko.

Batzuetan ez dugu jakiten zer den elegantzia, zerk egiten duen pertsona bat dotore. Besteenganako errespetua eta bestearen iritzia entzuten jakitearekin zerikusi handia duela iruditzen zait. Jorge Gimenezen dohaiak, dudarik gabe. Goian bego.