Hau ez da “euskaraz bizi nahi dut” edo “euskaraz egin behar dugu” aldarrikatzeko artikulua. Pantaila hori aspaldian gainditu genuen. Pentsatzen dut interpelazio abstraktuek, gu-guztioi berdin eragiten digutenak, solidarioki banatzen dituztela ardurak. Ez al da hori inmobilismora jotzeko aitzakia? Erantzukizunen parekatzeak ez al du ekartzen, jeneralean, kulpa guztien deuseztatzea -edo arintzea, bederen-? Iruditzen zait euskararen aferan -ez soilik euskararenean- azkeneko urteetan gehiegitan gailendu izan dela gizarte zati handi baten ikuspegi akritiko eta folklorikoa. Barkatu, arren, probokazioa.

Gorbatak

Euskaldunok hamaika problema ditugu, baina nik lerro hauen bitartez horietako bat identifikatu nahi dut -bat, diot, beste hainbaten artean-: erreferentziala. Rikardo Arregi zenak esan omen zuen euskararen etorkizuna non eta gorbatetan zegoela. Litekeena da metafora zaharkituta gelditu izana, soilik gizonezkoei erreferentzia egiten diolako; hortaz, uler dezagun gorbataren esanahia zentzu zabalenean, emakumezkoak eta gizonezkoak hartuta. Hiritartzeaz ari zen Arregi: baserritar mundua gutxietsi gabe eta hari eskertuta egonda -izan ere, bera Andoaingo baserri batean hazia zen-, urrats kualitatiboa hirietan zegoen; ez, aitzitik, batzuen errealitate bukolikoan (idealizatuan, beharbada). Mugatze horretan datza aipatu dudan problema erreferentziala.

Hamarkada luzeetan arerioek kontra egiteko marko hori baliatu izan dute eta gutako asko, hobe beharrez, tranpan erori gara: euskara batuaren aurkako erasoak ez dira soilik etxetik kanpo etorri eta euskararen folklorizazioa -ez folklorearen euskaratzea- behin baino gehiagotan gure baitan egon da. Gu izan gara gure haurrak hizkuntza aldarrikatzeko baserritarrez jantzi izan ditugunak -euskara, ez beste ezer; ez beste usadio edo ohitura-; guk geuk, maizegi, irudikatu izan dugu euskara batua zerbait artifiziala bezala, arrotza, euskalkien jatorkeriarekin lehiatu ezin zitekeena. Bakarren batek bere burua jatorragoa ikusi du, garbiagoa, deliberatuki akatsak egitean edo fonetikoki idaztean; nonbait, gramatika eta arauak euskaldun berriei soilik aplikatuko balitzaizkie bezala. Gaztelania edo frantsesarekin ez da horrelakorik ematen, aspaldian jantzi izan baitzuten gorbata.

Horregatik, hain zuzen, erreibindikatu nahi dut gorbata gurean; eta horregatik, hain justu, erreguak eta adibideak indibidualizatzea dagokit. Esaterako, politikan, jarduna osorik euskaraz eginda ere, esandakoak medioetan edo sareetan oihartzuna izan dezan, gaztelaniara jotzen den orotan; zehaztasunez kalkulatutako hogeita hamar segundo horiek; den-dena markatzen duen minutu erdia. Konparazio baterako, enpresa-munduan, publiko euskaldun baten aurrean, aurkezpenak edo adierazpenak erdara hutsean egiten direnean -Herri honek, zorionez, enpresari dezente eman ditu; asko eta asko euskaldun-petoak-. Halaber, gu guztiok garen ondasun- eta zerbitzu- kontsumitzaileok, utzikeriaz edo deskuiduz, jasotzen dugun tratuari erreparatzen ez diogun bakoitzean. Zer esanik ez, txokokeriaren izenean, norbaitek apropos idazki bat faltaz josia idazten duenean -inork pentsa ez dezan bera herri euskalduneneko azken baserriko lehenengo euskaldunen biloba ez denik-Oinarrizko ñabardura egin behar dut hemen: euskararen gutxiespenaz ari naizenean ez naiz hizkuntzari egindako mespretxuaz ari; norberak bere buruari egiten dion desprezioaz baizik. Zure hitz egiteko bidea zure nortasunaren -nor izatearen- ardatza bada, erasotua zu zeu zara, ez sehaskan edo eskolan jaso zenuen mintzaira. Era berean, badaezpada, bigarren ñabardura bat egitea egoki ikusten dut: erderaz egiteak ez du berez euskararekiko mespretxua sortzen. Agerian dago ezetz. Modulazio hura da salatu nahi nuena, ez beste ezer: gauza serioetarako, nahitaez, erderara jo behar izatearen sinesmen erratua.

Bidenabar, Arregiren metaforan sakonduta, esan nahiko nuke betiko abandonatu behar dugula euskararekiko askotan izaten dugun paternalismo nartzisista hura: ez, pribilegioa ez da gorbatarena zuk hura lepoan eramaten duzulako; pribilegioa zurea da lepotik zintzilik duzulako unibertsalagoa, dotoreagoa, interesgarriagoa, aberatsagoa -zentzu guztietan- eta libreagoa egiten zaituen oihal-zatia. Ondo gelditzen zaizu; ez duzu kendu behar.