Arduraz beteta, zalantzak nituen idazlan honi zein izenburua jarri, “Hezkuntza, garaiz gabiltza” edota “Hezkuntzak batzen gaitu”. Biak baitira egiak. Biak irrikan. Eta “Hezkuntza, garaiz gabiltza” izenburua aukeratu dut. Biak benetakoak, baina agian gaur egun azpimarratzekoa bereziki “Garaiaz gabiltza” leloa indartsuagoa dela deritzot. Guzti guztioi mezu borobila eta argia: “Garaiz gabiltza”. Horrelaxe sinetsi nahi dut behintzat. Gai serioaz ari gara, bai. Zeren Hezkuntza, terminoaren adiera zabalenean, bat etorriko gara guztiok baieztatzean ondasun komun estima-ezina dela eta, beraz, zaindu egin behar dela, eta baita, bat etorriko gara ere baieztatzean etengabe eboluziona-tzen ari dela eta zerbitzatzen duen eta kokatuta dagoen gizartean ainguratu behar dela, eta hori ahalik eta adostasun zabalenean oinarrituta. Egia esan ziurgabetasun eta konplexutasun garaiak bizi ditugu, beldurrak edota zalantzak gero eta handiagoak baitira, baina baita erronken aukerak berriak ere aurre bistan ditugu, aukerak beraz. Etorkizun konplexua dugu bai, agian aldioroko etorkizun guztiak izan diren eta izango diren bezalaxe. Eta hemen, geure Euskadin, Hezkuntza Legea jokoan dugu. Erronka. Eta ez dago erroka errazarik.
Nago Hezkuntza sistemak Herri eta Nazio egitasmo gisa hezur mamitzen gaituela, baieztapen hori sinesten dutenetakoa naiz ni neu. Herri gisa ezagutarazteko gaituena. Hezkuntza da biharko Euskadiren argazki baikorraren tresna eraginkorra. Eta horrela Eusko Jaurlaritzak geure gizartearentzat hain funtsezkoa den Hezkuntza Legea, hamarkada asko luzeren ondoren, egunera-tzeko aurrerapauso guztiz garrantzitsua emateko ardura hartu zuen bere gain. Beharra zegoen eta horri erantzun eta gauzatu nahian ausardi handia izan du Jokin Bildarratzek eta bere talde osoak zeren jakina zen ez zela, inolaz ere, gai erraza izango.
Behar gorriari ausardiaz erantzun behar. Beharraren aurrean jarrera erabakigarri tinkoa behar, ardura eta kemena. Guztiok jakitun gara une historiko baten ate sarreran gaudela. Ziur naiz, eta horrela, sineste osoa daukat guztiok arduraz eta seriotasunez arituko garela, eta alderdikeriak bazter batean geratuko direla nahiz eta hauteskundeen itzal luzea geure begi bistan izan epe motz edo erdira izan. Garaiz gabiltza oraindik bai, garaiz oraindik. Ideiak ideia, usteak uste, ideologiak ideologia, pentsaerak pentsaera begirune, guztiak errespetu eta era proaktiboan jorratuko direla, jorratuko ditugula, sinetsi nahi dut. Nahiko denbora eta aukera izango da, izango dugu, geroago, ondoren, biharko egunean, etorkizunean, beti ere ahalik eta adostasun zabalenarekin Legea onartu ondoren, han eta hemen, hortik eta handik, hainbat ñabardura eta xehetasun ezberdinetan sartzeko, eta iritziak emateko, ikuspuntu desberdinak aurkezteko eta osatzeko praktikan eta eztabaidak izateko
Erdigunean bertan ikaslea bera izango duen Hezkuntza sistema sortu eta eraikiko duen balizko Lege berria dugu begi bistan. Herritarren bizikidetzaren, aurrerabidearen eta demokraziaren beraren oinarriak bilduko dituena hain zuzen. Askotan aldarrikatu dut: Hezkuntza ez dela epe laburreko arma politikoa. Kontu seriotzat jotzen dut, zeren kalitatezko hezkuntzaren alde egiten ez duen gizarte batek garesti ordainduko baitu marrazten ari den etorkizuna. Eta hausnarketa partekatu honetan asmatzera behartuta gaude, garaiz gabiltza oraindik eta. Eta ez dezagun kategorizatu kategoria ez dena. Eta ez dezagun absolutu bihurtu absolutu ez dena.
Gehiago da batzen gaituena ezberdintzen gaituena baino. So egin dezagun, begiratu diezaiogun zubigintzan eraiki dezakegunari, izan daitekeenari. Ardura ikurra. Ni neu behintzat bat nator kategorikoki Hezkuntza Legeari aurre egiteko eman diren urratsekin eta txalotuz neureak egiten ditut. Ados nago Lege honek, eta horretara eraman gaituen bidearekin, lehen urratsetatik sexuaren araberako segregazioa, arrazoi sozioekonomikoak, kulturalak edo beste edozein motatakoak ezabatzea eta desagertzea bilatu duelako. Ados nago derrigorrezko hezkuntza osoaren doakotasuna bermatu nahi duelako. Ados nago matrikulazioetarako berrikuntzak biltzen dituelako, Udal Hezkuntza Kontseiluen sorrerarekin, hezkuntzaren beharrak identifikatu eta herriko eskaintza banatuko dutenak hain zuzen. Are gehiago, ados nago Euskal Hezkuntza euskara ardatz duen sistema eleaniztun gisa egituratzen dela ezartzen duelako bi hizkuntza ofizialen bidez egitura-tzen dena gutxienez atzerriko hizkuntza batekin, eta, irteerako hizkuntza perfilei dagokionez, derrigorrezko bigarren hezkun-tza amaitzean ikasleen irteera-profila euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila izatea eta lortzea duena helburu. Eta B1 atzerriko hizkuntzan.
Ados nago hezkuntza-proiektuez, ikastetxeen autonomiaz, irakasleen eta zuzendaritzen klaustroaren egonkortasunaz, irakasleen prestakuntzaz eta zuzendaritza-taldeez ari delako. Ados nago, hezkuntzaren berezko balioan eta modernizazioan, eguneratzean eta hobetzean sinesten dudalako. Herri proiektu baten aurrean gaudelako. Eta, gauza garrantzitsu askorengatik, txalotu egiten ditut eman diren urratsak. Ausardiaren eta erantzukizun partekatuaren garaia delako. Eta adi, gehiago da batzen gaituena, banandu gintezkeenak baino. Argi luzeen orduak dira, eta ez laburrenak. Zubigintzaren sasoia delako konfiantza ez dut galdu nahi. Zubigileen lan eta esfortzu tematian sinesten dut. Berriro diot, begiraden altuera beharrezkoa dugu. Ez dezagun etsi. Izan gaitezen baikorrak. Erantzukizun kolektiboa, kritika konstruktiboa, konponbideak bilatzeko lankidetza leial, fina eta zintzoa.
Irakaslea izan naiz, urte oso luzetan, nire bizitza laboralean. Sekulako zortea izan dut nire bizitzan, zeren sinesten dudan zerbaitetan lan egin dut buru belarri, nire onenak emanaz. Hezkuntza ezagutu ahal izan dut iskin, ardura, postu, betaurreko eta kristal ezberdinetatik. Ikuspuntu asko niregatu ahal izan ditut, bai. Eta horregatik hainbeste baloratu, gogoan eta kontuan hartzen ditut ezinbesteko subjektu aktiboa den irakasleen etengabeko prestakuntzaz hobekuntza bultza-tzeko asmo eta helburua. Horregatik baloratu, gogoan eta kontuan hartu irakaslea, erreferentziazko zutabea, hezkuntza-sistemaren engranajean funtsezko elementu dena. Bikain deritzot etengabeko ebaluazioa hobekuntzarako tresna gisa aitortzea, talde-ahaleginean eraginkortasunez inplikatzea eta konpromiso arduratsua hartzea, irakasleen baldintzak hobetzea ea.
Lana eta ausardia behar Hezkuntzak gaur egun dituen eta etorkizun motzean izango dituen ataka eta korapiloei aurre egiteko, hala nola zaurgarritasuna, segregazioa, euskararen ikaskuntza eta irakaskuntza, euskararen garrantzia ikur eta tresna erabilgarri bezala, eta bere transmisio bera. Baita hortxe ere zerrenda luze eta ez erraza: digitalizazioa, etorkinak, hiritar berriak eta euskararen erabilpena, sare sozialak, internet, metodologi berriak, kultur aniztasuna, gizartearen kohesioa, hezkuntza formala eta ez formala, gazteak, euskarekiko atxikimendua, inklusibitatea, ekitatea, ikastetxean autonomia, udalen zelai joko berria eta guztiz interesgarria eta abar oso luze bat. Argi dago edozein gairi buruz negoziatzeko eta eztabaidatzeko jarrerarik onena, akordioak, hobekuntza-akordioak eta aurrerapenak lortzeko borondatea edukitzea dela. Borondate eraikitzailea. Hezkuntzan eta gure gizartean gertatzen ari diren aldaketek euskal hezkuntza-komunitatea osatzen dugun ikuspegi desberdinen hausnarketa eta egokitzapena eskatzen dute. Asmo komun bati erantzungo dion hezkun-tzarako etorkizuneko Lege baten inguruan ahalik eta adostasun handiena lortzeko beharra. Elkarrizketa, kritika eraikitzailea, konponbideak bilatzeko lankidetza, hausnarketa eta erantzukizun partekatua dira hobekuntzarako, hezkuntzari dagokion guztiaren aurrerapenerako eta hobekuntzarako oinarriak.
Hezkuntzan eta gure gizartean gertatzen ari diren aldaketek hezkuntza-komunitatea osa-tzen dugun ikuspegi desberdinen hausnarketa eta egokitzapena eskatzen dute. Haize berrietara prest, asmatu behar. Euskadi eskuartean dugu eta berezitasun guztien gainetik ziur Hezkuntzak batuko gaituela etorkizunerantz. Onenak emateko garaiak. Ate-leihoak ireki. Zubigintza. Guztiok dugu erronka eta betebeharra. Begirada eta argi luzeak. Euskadiren etorkizuna eta euskal gizarte kohesionatuagoa esku arteko zeregina. Azken ahalegina eskuartean, saia gaitezen beraz guztiok, garaiz gabiltza oraindik eta. Hezkuntza Legea jokoan. Eutsi goiari eta zorte on. Azken ahalegina behar. Eta guzti guztioi mezua: “Garaiz gabiltza”. Bedi bada.