Hamaika aldiz pentsatu izan dut pertsona zenbat aberasten duen beste kultura batzuk ezagutzeak. Beste giro batean hazi direnekin jarduteak, bizipen ezberdinak ezagutzeak, zalantzarik gabe, norbera osatzeaz gain, besteenari balio handiagoa ematea dakar.
Horretarako, ezinbestekoa da tokian tokikoa babestea. Mundu globalizatuan, tokikoari indarra ematea. Nork bere ereduak aztertu, sakondu eta nortasunez munduratzea.
Horri, edozein hizkuntzatan, kultura aberastasuna deitzen zaio.
Estatuek ordea, aberastasun hori ez dute gogoko. Frantzia, Italia edo Espainia lirateke horren eredu, haiek beti bat eta bakarra nahi baitute. Berena. Punto. Hamaika hizkuntza eta izaerak busti ditu herrialde horietako bazterrak historian zehar, Estatuek, oilar, indarrez, lurraldeari muga ezartzeaz gain, hizkuntzei ere hesia ezarri die, bat eta bakarra inposatu arte, aberastasun hori ia osotasunean suntsituz.
Euskarak lortu du inposaketak inposaketa, nola hala bizirautea, aurrera pausoak ematea. Azken 50 urteak dira horren ispilu. Mitxelenak zioen moduan miraria ez da euskara bera, hizkuntzak bizirik irautea baizik.
Oilarraldiaren aurrean, oldarraldia da errezetako bat. Eta Bilbo izango al da horren eredu! Ziur naiz horrela izango dena. Motzera, ordea.
Etzi ez bada, etzidamu egunerokora joko dugu, ziur, nahiz guztiok, energia berriztagarriekin bezala, euskararen alde egon, gazte zein heldu.
Alde EGOTETIK, alde EGITERA, tartea dago ordea!!!
Izan du euskarak oilarretik. Edo euskaltzale askok oilarretik. Nire zilborra amets. Bestea gutxiesteraino. Ez dut hori inoiz izan gogoko. Eta askok aitzakia izan dute hamarkadetan, gurea gutxiesteko.
Eta gure hori defendatzeko errezeta eraginkorrena, ERAKARRI dela iruditzen zait edozein hizkuntzak ezinbesteko duen laguntzailea, baldin biziraun nahi badu. Bestelakoan jai.
Gure foruetan idatzita dago, ez apaizek ez abokatuek ezin zutela beren botoa eman Batzar Nagusietan. Hitzak hitz, boto eskubidea ukatuta zuten horiek guztiek, abokatu izan apaiz izan, gure kode zibila ez zutelako bere, erromatarrena baizik. Gure erabaki guneetan ez zuten botererik. Herriak zuen boterea: SU BAT, BOTO BAT.
Euskara ezagutu, balioa eman, erabili eta hizkuntzari eustea da Alderdikide orok izan behar genukeen helburua.
Lehen bezala orain ere, bada hainbat abokatu, bertako zein kanpoko, beren zilborra amets, zuzenean gure hizkuntza zapaltzea duena jomuga, hizkuntza gutxitu baten zutabeak kolokan jarri arte. Errukirik gabe.
Ez gintuzke horrek gehitxo kezkatu behar, bestean indartsu bagina: ERABILERAN, alegia. Euskara ezagutzaren baitan erabiliko bagenu.
Erabiltzeak egingo gaitu indartsu. Gainontzekoa garrantzitsua izanda ere, lege, plan, jardun edo dena delakoez gain, daukaguna erabili ezean, jai daukagu.
Politikak badu ahalmen bat Espainian. Komeni denean aireratzen dena. Amnistiaren kontua da horren eredu.
Komeni denean lege gaindiezina da Estatu espainolarentzat. Sega, lepoa zatibitzen dizuna, odolbero.
Komeni denean zurbil, epel, bestera begira, pertsona zein hizkuntza gutxitua gutxiesteraino.
Ari gara “nola” horretan lanean, eredu bila, hau erabilgarria da eta hau ez. Aldiz, “zer” horretan dago gakoa, “nola”n bainoago.
Denok gaude, gorde, lagundu, babestu behar dugunaren alde. Gutxi ordea hori azken muturrera, hau da, nornahik nahi duenean aske erabiltzearen alde. Hutsa nahikoa da erderetara pasatzeko, gureari ez eusteko. Zer pentsatua eman behar liguke.
ERABILI, erraza da, hori da oilarraldi guztien aurrean eduki genezakeen aldarterik onena. Gainontzekoa “zurbil” edo “epel” jardutea da. Gaurko guaytasuna eredu. Baditut Alderdikideak, nik diodana hitzez hitz bere egingo luketen arren, ohartu gabe, erderetara jotzen dutenak.
Eta alderdikeria guztietatik at, izatetik dator hau guztia.
Egun, Erroma baino gertuago, beren zilborra eredu duten apaiz eta abokatuak ditugu manifestaldi buru zein titular bila dabiltzan protagonista. Han-hemenka.
Egun, beren estatuan, bi hizkuntzak ofizial dituen estatuan, hizkuntza bat menderatzea behar luke izan lotsagarria.
Beren estatuan ordea, euskaldunok gera elebidun bakarrak. Beren legea, muturrera eramanda, betetzen dugun bakarrak.
Ezjakinen eskubideak urratzea dugu pekatu nonbait euskaldunok. Bejondaiela!
Bihar, zapatu, oilarraldi horren aurrean oldarkor sentitu eta goazen euskaltzale guztiok Bilbora. Eta, bihartik haratago, erabil dezagun euskara hitzetik hortzera. Entzun gaitzatela! Entzun dezatela kaleak euskara bizi duela, euskaraz bizi dela! l
Beasaingo EAJko presidentea