Gure auzokidearekin dugun harremana ona bada, haren zakurraren zaunkek ez digute hainbeste molestatuko. Baina auzokidea ez badugu batere atsegin, haren zakurraren zaunkek erabat haserretuko gaituzte, paretan kolpeak ematen hasteko beste. Hala izaten da, nork egiten duenaren arabera, era batera edo bestera baloratzen dugu egindakoa eta modu ezberdinean erreakzionatzen dugu.
Zakurraren zaunkekin bezala, bizitzako beste gauza guztiekin. Atsegin duzun norbaitek edo miresten duzun norbaitek okurrentzia bat botatzen badu, okurrentzia irudituko zaizu jenialtasun bat, baina ez baduzu atsegin eta gainera ez badiozu pertsona horri inolako baliorik ematen, haren burutazioa izango da zorakeria bat edo pailazokeria bat. Ekintza bera eta bi balorazio guztiz kontrajarriak.
Gazte bat New Yorkeko Fashion Week-eko desfilean sartu da aste honetan, zabor-poltsa eta bainu-txanoa jantzita. Lortu du aurrera egitea, modelo baten plantak eginez, segurtasun arduradunek handik indarrez atera duten arte. Baina ordura arte, munduko lehen mailako desfile horretako ikusleek ez dute pentsatu desfilearekin zerikusirik ez duen gazte bat zenik, ohituta baitaude jada lehen mailako hainbat diseinatzaileren muturreko proposamenak ikusten, eta ziurrenez, inor ez balitz konturatu iruzurraz, haren balorazioan ausardia eta orijinaltasuna bezalako hitzak entzungo genituzkeen.
Dudarik gabe, marra oso estu bat dago gauza bera bi modu oso ezberdin eta kontrajarrietan baloratzera eraman gaitzaketen arrazoien artean. Nork esaten duen, nork egiten duen, horrek gehiegi markatzen gaituela ez dago zalantzarik. Beraz, hurrengoan norbaitek gustuko ez duzun zerbait esaten edo egiten badu zure aurrean, ezer egin baino lehen, pentsatu une batez maite duzun norbaitek gauza bera eginez gero nola baloratuko zenukeen. Agian zure erreakzioa ezberdina izango da.