Uztailaren 1ean Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatuko da. Aurten, “Kooperatibak Garapen Jasangarriaren Alde” lelopean datorkigu. Asmoa da jendartean erakustea kooperatiba-eredua baliatzen duten enpresek berezkoak dituztela Garapen Jasangarriko Helburuak (GJH-ODS laburdurekin ezagu-tzen ditugunak).
Halatan, bi izan dira lelo hori aukeratzeko kontuan hartu diren arrazoiak. Batetik, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendako helburuak betetzeko zehaztu datarako 8 urte igaro dira, eta, beraz, ikuspuntu horretatik behintzat, biderdia egin da. Bestetik, une egokia da agertu edo azaleratzeko kooperatibek egiten duten ekarpena GJH-ODSak betetzeari dagokionez.
Mundu osoko kooperatibek mende bat daramate kooperatiben eguna ospatzen. Hala ere, Nazio Batuen Erakundeak ez zuen 1995era arte aldarrikatu Kooperatiben Nazioarteko Eguna, hain zuzen ere, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren mendeurrenean. Gainera, erabaki zen egun hori urtero ospatzea uztaileko lehenengo larunbatean.
Bada, egun hori ospatzen da kooperatiben gaineko ezagutza zabaltzeko. Modu horretara, nabarmendu nahi izaten dira kooperatiba-mugimenduaren ekarpenak Nazio Batuen Erakundeak aztertu behar izaten dituen arazoei dagokienez. Horregatik, egun horretako leloa elkarrekin erabakitzen dute urtero Nazioarteko Kooperatiba Aliantzak eta Nazio Batuen Erakundeak, Kooperatibak Sustatu eta Garatzeko Komitearen bidez.
Aurtengo gaiari helduz, gogoratu behar da Nazio Batuen Elkartearen Batzar Nagusiak 2015eko irailaren 25ean onetsi zuela “Gure mundua eraldatu: Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda” ebazpena.
Ekintza-plana da berau, gehienbat txiro eta zaurgarrienak diren pertsonen, planetaren eta oparotasun partekatuaren mesederako, 2000. urtean ezarritako Milurtekoaren Garapenerako Helburuak kontuan hartu eta 2015erako lortu ez zena lortzeko xedearekin.
Bertan, garapen jasangarrirako ezinbesteko betekizun moduan ezarri da txirotasuna ezabatzea, bakearen eta mundu-mailako alian-tzen bidez, horretarako herrialde garatuak nahiz garatu gabeak inplikatuz. Horregatik inor atzean ez uzteko konpromisoa hartu da. Horretarako, proposatu da txirotasuna eta gosea bukatzea, eta arreta berezia jartzea, pertsona guztiak oso-osoan gara daitezen zaintzeko, duintasunarekin nahiz berdintasunean, eta ingurumen osasuntsuan. Laburbilduz, GJH-ODSek pertsona dute oinarri.
Zehatzago, 17 helburu zehaztu dira, eta horien baitan 169 jomuga. Bada, helburu eta jomuga guztiak elkarren osagarri eta banaezinak dira, garapen jasangarriaren hiru dimentsioak batzen baitituzte: ekonomikoa, soziala eta ingurumenarena. Adierazi da herriaren Agenda dela, herriagatik eta herriarentzako sortua. Herrialde bakoitzak du GJH-ODSak erdiesteko ardura nagusia, nazioarteko kasuan kasuko arau eta konpromisoekin bat etorriz. Esparru nazionalean zein nazioartekoan oinarri berberak daude: demokrazia, gobernantza zuzena eta zuzenbideko estatua. Are gehiago, nazio-, erregio- nahiz mundu-mailan, herritarrei kontu-arrazoiak emateko eginbeharra hartu da. Era berean, bultzatu nahi dira praktikarik onenak trukatzea eta elkarren arteko ikaskuntza.
Helburu eta jomuga guztiak 2016ko urtarrilaren 1ean jarri ziren indarrean eta 2030era arte egongo dira indarrean.
Hamazazpi GJH-ODSak hiru multzo nagusitan sailka daitezke.
Lehenengo multzora iraupenerako helburuak bilduko lirateke: txirotasun-mota guztiak desagertzea mundu osoan; gosea amai-tzea, elikagai-segurtasun eta elikadura hobea lortzea, eta nekazaritza jasangarria bultza-tzea; guztiontzat eta adin guztietan bizimodu osasungarria bermatzea eta ongizatea susta-tzea; uraren erabilgarritasuna eta kudeaketa jasangarria nahiz guziontzako saneamendua bermatzea; eta energia eskuragarria, fidagarria, jasangarria eta modernoa bermatzea guztiontzat.
Bigarren multzora helburu instrumentalak bilduko lirateke: guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea; genero-berdintasuna lortzea eta emakume nahiz neskato guztiak ahalduntzea; guztiontzako hazkunde ekonomiko jarraitua, inklusiboa eta jasangarria, enplegu osoa eta produktiboa nahiz lan duina susta-tzea; azpiegitura erresilienteak eraikitzea, industrializazio inklusiboa eta jasangarria bultzatzea, eta berrikuntza sustatzea; herrialde bakoitzean eta herrialdeen artean desberdintasunak murriztea; hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzea; garapen jasangarrirako gizarte baketsuak eta inklusiboak sustatzea, guztioi justiziarako sarbidea ahalbidetzea, eta kontu-arrazoiak ematen dituzten erakunde eraginkorrak eta inklusiboak sortzea maila guztietan; eta ezarpen-baliabideak indartzea eta Garapen Jasangarrirako Munduko Aliantza suspertzea.
Hirugarren multzora erresilientziarako helburuak bilduko lirateke: kontsumo- eta ekoizpen-modalitate jasangarriak bermatzea; neurri urgenteak hartzea klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka egiteko; ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak mantentzea eta modu jasangarrian erabiltzea garapen jasangarriari begira; eta lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa inbertitzea eta biodibertsitatearen galera gelditzea.
Baina nola ahalbidetzen dute kooperatibek 17 GJH-ODS horiek gauzatzea?
Teorian, Nazioarteko Kooperatiba Aliantzaren 1995eko Kooperatiba Identitateari buruzko Manchesterreko Adierazpenak jasotako kooperatiba-balio eta -printzipioak ain-tzat hartu eta aplikatuta.
Horrenbestez, kooperatiba-balioak dira elkarlaguntza, autoardura, demokrazia, berdintasuna, ekitatea eta solidaritatea. Kooperatiba-printzipioak dira borondatezkoa eta irekia den atxikimendua izatea, kooperatibako bazkide egin eta horrek berarekin dakar-tzan ardurak onartzeko; bazkideek kudeaketa demokratikoa gauzatzea; bazkideek partaidetza ekonomikoa izatea; kooperatibek autonomia eta independentziari eustea gainerako erakundeekin izan ditzaketen harremanetan; hezkuntza eta prestakuntza eskaintzea bazkideei eta elkarlanaren onurari buruzko informazioa helaraztea gizarteari eta, batik bat, gazteei; kooperatiben arteko lankidetza gauzatzea; eta komunitatearenganako interesa izatea, kooperatiba zein komunitatetan kokatu eta komunitate horrek garapen jasangarria izan dezan.
Edonondik begira dakiola ere, balio eta prin-tzipio horiek ez dira goizetik gauera sortzen. Arizmendiarrietak zioen pertsona ez dela kooperatibista jaiotzen, ezpada kooperatibista egin egiten dela, kooperatibista bihurtzeko beharrezkoak direlako heldutasun soziala eta elkarbizitza sozialean trebatuta egotea. Ildo horretatik, esaten zuen ezinbestekoa dela nork bere norberekeriak kontrolatzeko gaitasuna izatea eta elkarlanaren esanetara egotea. Hezkuntzaren bidez eta ontasuna praktikatuz egiten da kooperatibista zioen. Hori dela bide, argi zuen, aurrena, kooperatibak berarekin dakarrela bazkide bakoitzak ardura eta konpromiso serioak hartzea, hurrena, kooperatiban norberaren gaitasunak eguneroko ogia lortzeko ez eze, helburu sozialak lortzeko ere baliatu behar direla eta, azkena, kooperatibak justizia sozialaren gotorleku izan behar dutela eta ez negozioak egiteko tresna hutsa. Labur-zurrean esanda, kooperatibak izan daitezen lehendabizi kooperatibistak behar dira.
Horren guztiorren esperientzia izan da gure artean Mondragon. Ideietatik ekintzarako jauzia, esperientzia bizi eta sentitua. Bakarra munduan.
Alabaina, posible litzateke gaur egun esperientzia hori sortzea?
Ez da kasualitatea Arizmendiarrietak Mondragon abian jartzea. Elizaren Doktrina Sozialaz zipriztindu zuen eguneroko bizi-tza, praktikan jarriz, orobat, historian zehar euskal erakundeak oinarritu izan dituzten printzipio nagusiak, alegia, askatasuna, berdintasuna, jabetza pribatua eta komunitarismoa.
Hasian hasi, dena esfortzuz, gogoz sortu behar zen, ardurak eta konpromisoak hartu behar ziren… horrek egiten duelako benetan aske pertsona eta horrek ahalbidetzen diolako pertsonari berezkoa zaion duintasunetik garatzea. Hortik sortu ziren, besteak beste, Caja Laboral Popular, Lagun Aro, Unibertsitatea eta kooperatiba-sare indartsua. Enparauek zer eman dezaketen zain egon beharrean, ekin eta jarrai.
Gaur egun, ordea, susmoa daukat kooperatiba hitza gehiegi erabiltzen dugula, horri guztiorri erreparatu gabe. Zenbat eta gehiago urrundu Arizmendiarrietak hain biziki sentitu eta sortutako esperientzia hartatik, orduan eta arrisku handiagoa izango dugu kooperatibak benetako kooperatiba ez diren beste zerbait bihurtzeko.
Zinez, zaila da toki-mailan eta mundu-mailan, aldi berean, aritzea, merkatu basatian lehiatzea…
Ziur nago GJH-ODSak ez direla beteko, Milurtekoaren Garapenerako Helburuak bete ez ziren bezala. Horretarako sinesmena behar delako. Halaber, sinesmena behar da kooperatibista izan eta kooperatiba-izaerari eusteko. Horrek bakarrik ahalbidetuko du mundua eraldatzea.
Lan-zuzenbideko irakaslea (Deustuko Unibertsitatea)