Oraingoan ere zalantzak izenburua erabakitzekotan, buruan darabilt “kronika” hitza edo zenbaki bat “29”. Baina dena dela, izenburua izenburu, hitza hitz edo zenbakia zenbaki edukia antzekoa, berdintsua litzatekeela, nago. Bitxia kanpaina. Bitxia bat-batean nola kanpainarako zirriborratutako alderdi ezberdinen asmoak eta ildo nagusiak derrepentean txiri-buelta eman eta beste bidexketatik abiatzen diren. Hau da, Bilduren zerrenda bedeinkatuek kutsatu dute, baldintzatu bai behintzat, kanpainaren hasiera eta bere bilakaera ia osoa. Legalitatea eta etika, etika eta legalitatea auzi-mauzi mahai gainean, telebista, irrati, egunkari, albiste, berri, eztabaida eta tertulietan. Zaila hotzean iritzia ematea. Pentsatu nahi dut, eta agian horrelaxe izango da, zerrendak osatu ziren horrela erabaki zelako erabakitzeko ahalmena zuten eskuetatik. Baina zinez uste dut ez zela beharrezkoa horrelako ezaugarriak zituzten zerrendak horrela osatzea. Agian hainbat barne orekak jokoan, agian. Baina nago norbaitek erratu egin zuela bere gogoeta eta asmotan. Eta lehergailu politikoak eztanda egin zuen hasiera hasieratik. Kaltetuetan PSOE alderdi bera. Bazka, neurrigabeko eta uste-gabeko bazka Espainiako eskuinari eta eskuin muturrari. ETAren mamua ostera. Norbaitek, bere etxean, erabaki zuen, bere kabuz ala ez hori besterik, zerrenda horiek goxatzea, leuntzea, berrantolatzea, egokitzea. Batzuentzat berdin. Demokraziarekiko auzo-lotsa. Bai.
Eta Madrileko zelai jokoan gehiengo zabalena atera dezakeen Ayusok hura eta bi esaten, inolako neurri gaberik, lotsagabeki gezurretan gomitatzen. Berdin zaio bere Alderdi barruan teorian agintzen duenak epelago jokatu nahia, Semper halatsu. Berdin, bost axola, Fiskaltza eta epaileen iritzi eta erabakiak. Gutxiegi eztabaidatu da Espainiako joko zelaian alderdien egitasmoetan proposatzen diren neurri zehatzez. Eta, irakurle estimatua, gaurko Aznarrenak eta bere atzoko hemerotekak? Arduragabekeri populismo itolarria nagusi, garaile. Aurpegia ez, mutur gotorra. Gurean, euskaldungoan, mami garrantzitsuak jokoan, Udalak (bereziki hiriburuak: Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñea), BBNNk eta Nafarroako Gobernuaren osaketa. Askotxo jokoan. Gu geu geurera. Ordu gutxi barru hasiko gara bozkatzen, ikustear abstentzioa zenbaterainokoa eta nor kaltetua bereziki. Igandeko arratseko zortzietan itxiko da bozkatzeko aukera. Hautestontziak itxiko dira. Kontaketari ekingo zaio. Urduritasunak nabari. Lehen ikaratxoak begi bistan. Eta horrela gauerdi-arte gutxi gora behera. Pozak, penak, tristurak eta aurpegi irribarretsuak. Aitzakiak eta argibideak. Ikustear maiatzaren 29an ze tenorearekin esnatzen garen. Ikustear lehen mugimenduak nondik nora abiatzen diren. Nor, non, norekin eta zeren truke lehian. Eta zenbakiak kontuan hartuz hilabete gutxi barru gertatuko diren beste hauteskundeei buruz lehen gogoetak. Han, hemen eta haratago, ohi lez, demokraziaren istorioak. ”29”a, “kronika”, “Alea iacta est”. Gora bihotzak!