Ez litzateke egia esango banu lehen aldiz pertsona honi buruz lerro batzuk idazten ditudala. Beste aurreko batean ekin nion gizon honen atzean dagoen hezkuntzari dagokion pentsamoldeari. Agian besteren batean etorkizun hurbil edo luzean gauza bera egingo dut. Atsegin baitut Giner. Oraingoan gogora eta burura etorri zait ostera, garai aproposak horretarako, hezkuntza pil-pilean. Askotxo gabiltza egunotan, garai luzetxo batean hobeto esan, hezkuntzaren inguruan gogoetak gora eta gogoetak behera. Gogoeta bakoitzak badu sarri bere aitarik eta amarik, ordezkaritza, alderdi politiko edo sindikatu. Iritziak iritzi guztiek badutela bere arrazoitxo zatiren bat nago. Giner de los Rios izan dut aspalditxo hain zuzen mintzagai edo idatzi-gai hobeto esan.
Beti iruditu zait pertsonai bitxia, zeren inongo estupendismotan, edo adanismotan, erori gabe onartu beharra dago gu baino lehen izan direla hezkuntza gogoeta gai izan dutenak. Interesgarria deritzot beraz oraingoan berriro Giner de los Ríosi buruz aritzea.
Ondo legoke, batzuetan behintzat, beste hainbat pertsonaiarengan begi bista jartzea. Egon zen bere garaian katedradun talde batek –Francisco Giner de los Ríos, Gumersindo de Azcárate eta Nicolás Salmerón, besteak beste– INLE (Institución Libre de Enseñanza) sortu zutela 1876an, orain dela 146 urte beraz Unibertsitateetik bereizi zutenak “katedra askatasuna” aldezteagatik eta euren irakaskuntza erlijio, politika edo moral dogma ofizialetara ez egokitzeagatik. Bazeuden beraz beste garaitan koherentziaren aginduz bere erabaki zailak, edo behintzat ez errazak, hartu zituztenak
Hori dela eta, eta halaz ere, ez zuten amore eman eta euren lanari eutsi zioten estatuko unibertsitate zentroetatik kanpo, eta horretarako, hezkuntza establezimendu pribatua sortu zuten. Lehenengo esperientziak unibertsitate irakaskuntzara bideratu ziren eta gero, lehen eta bigarren hezkuntzara. 1876tik 1936ra, INLE Espainiako kulturaren garai oso baten grabitate zentro bihurtu zen eta estatuko mugatatik kanpo garatzen ari ziren teoria pedagogiko eta zientifiko berriak sartzearen alde egin zuen. INLEko agerkarian nazioarteko sona handiko izen asko agertzen dira, alegia: Bertrand Russel, Henri Bergson, Charles Darwin, Unamuno, Maria Montessori, Leon Tolstoi, Rabindranath Tagore, Juan Ramón Jiménez, Gabriela Mistral, Benito Pérez Galdós, Emilia Pardo Bazán, Azorín, Eugenio D’Ors, Ramón Pérez de Ayala, Antonio eta Manuel Machado, besteak beste. Persona garrantzitsuak alajaina.
Giner de los Rios eta INLEren eraginpean, organismo publikoek erreforma juridiko, hezkuntzako eta sozial garrantzitsuak egin zituzten, eta organismo batzuk sortu, besteak beste: Museo Pedagogikoa eta Ikasketak Zabaltzeko Batzarra, horren menpeko Ikasketa Historikoen Zentroa, Zientzia Fisiko eta Naturalen Institutu Nazionala edo Ikasleen Egoitza. Batzarraren eta Museoaren inguruan 1907tik 19636ra zientzia eta hezkuntza erreformako saiakera batzuk egin ziren, eta ekimen aitzindariak sortu. Atzerritik ikasketak osatzeko diru-laguntzaak iritsi ziren: udalekuak, udako nazioarteko unibertsitatea edo bigarren errepublikan bitartean jardun zuten misio pedagogikoak aurrera eramateko.
1915ean hil zen Francisco Giner de los Ríos, institutuaren sortzailea, eta ondoren, laster batean, Francisco Giner fundazioa sortu zen. Fundazioaren helburuak ILEren ondarea zaintzea eta maisuak hasitako hezkuntza atazari eustea ziren. 1936ko gerra zibila eta ILE legez kanpo uzteak jardueren etenaldia ekarri zuten, baina halaz ere zenbait herritan erbesteratutako instituzionalistek proiektua bultzatu zuten. Prestaketa.
1978an, Konstituzioan indarrean jarri zenean, Fundazioak ondarea eta ekintzarako gaitasun osoa berreskuratu zuen, jarduerei berriz ekin zien eta Buletina jarri zuen martxan ideiak eta kultura zabaltzeko, liburutegia berreraiki zuen, izan ere, ezinbestekoak ziren kuestio hauek XX. mendeko Espainian berrikuntza pedagogikoa aztertzeko eta bultzatzeko. Halaber beste zenbait ekimen jarri ziren abian, alegia: irakasleen prestakuntza, ikastaroak, mintegiak, konferentziak, erakusketak, proiekzioak eta hezkuntza sistemaren modernizazioan murgiltzeko zenbait ekimen. Modernizazioa.
Askoren ustez, Francisco Giner de los Ríos Espainia garaikidearen hezle nagusia da. Atzerritik ekarritako joera kultural berriak bertakotu eta irensteko ahalegina egin zuen intelektual eta pedagogo horrek. Ronda herrian jaio zen dirudun familia batean, beraz, unibertsitatera joan ahal izan zuen. Filosofia Bartzelonan eta Granadan ikasi zuen, 1863an Madrilera joan zen, eta bertan Sanz del Río irakaslearekin jarri zen harremanetan, eta berorren ideiek eta eraginak betiko markatu zituzten Giner jaunaren pentsamenduak eta lanak. Madrileko Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofia eta Nazioarteko Zuzenbidearen katedra eskuratu zuen. Izaera kritikoari, irakasteko erari eta mugagabeko irakaste ilusioari esker, Madril unibertsitarioaren beharrezko figura bihurtu zen Giner de los Ríos.
Katedra askatasunaren kontrako agindu jakin batzuen aurka gogor egin zuen zalantzarik gabe, argi eta garbi zuen. Katedra askatasuna.
Gobernuaren xedapenen kontrako iritziak plazaratzeagatik, katedratik bota zuten, lagun eta dizipuluekin batera, eta horietatik asko eta askok bat egin zuten Giner de los Ríosen amets eraldatzaileekin: Jendartearentzat baliagarri ziren eta ideal bat sortzeko gai ziren emakumeak eta gizonak prestatzea. Emakumearen hezkidetzaren eta aintzatespenaren alde egin zuen gizonaren parean jarrita, katedra eta ikerketa askatasunaren alde egin zuen, testu askatasunaren eta buruz ikasteko azterketak desagertzearen alde egin zuen. Nahi zuen eskola eredua ondokoa zen: aktibo eta ez dogmatikoa, metodo zientifikoan oinarritua, bizitza osokoa eta pertsona osoak –giza jakinduriaren eremu guztietara zabalik- prestatu nahi zituen eskola. Bidegabeko agintzaren aurrean, askatasuna. Prestakuntza egokia duten pertsona libreek zuzenduriko pertsona librez osatutako jendartea sortzen lagundu zuen. 1881ean, katedra itzuli zioten. Hezkidetza.
Aurten, 2023hasieran, bi urtemuga ospatzen dira, alegia, INLE sortzearen 144. urtemuga eta Giner de los Ríos fundazioa sortzearen 104. urteurrena. Ona da, garai hauetan bereziki, pertsonak, erakundeak, jendartea hobetzeko saiakerak, ilusioak eta sakrifizioak gogora ekartzea, eta nahiz eta oso aspaldikoak izan ez, memoria kolektibotik desagertzeko arriskuan egon daitezke ere, edo daude.
Komenigarria da jakitea beste garai batzuetan pedagogian, irakaskuntzan eta hezkuntzan, pertsona batzuek euren jardun ona eta jakinduria erabili zutela pertsonen eta jendarteen garapen eta etorkizunerako euren ustez funtsezkoa zen diziplina garatzeko. Onestasunez eta konpromisoz sinesten zutenaren eta zintzotasunez pentsatzen zutenaren alde jardun zuten eta. Konpromisoa.
Orain, gaur egun, euskaldunok dugun desafioa hezkuntza sistemaren hobekuntzaren, modernizazioaren bide onetik aurrera jarraitzea da, eta ibilbide honetan aurrerago irakaskuntzaren eta hezkuntzaren zelatan izango diren arazo eta zailtasunen aurrean etsi ez eta konponbideak aurkitzea da erronka eta desafioa. Eta horrela hezkuntzaren inguruko hitzarmen berria beharrezkoa, ezinbestekoa, zaigu, desberdinen arteko akordioa, zeren adostasuna eraikitzeko ordua dugu. Izan gaitezen ausartak Hezkuntza Legerantz doan bidean.
Saia gaitezen hezkuntza gaurkotzen, egokitzen eta modernizatzen. Etorkizuna dugu jokoan, biharko Euskadi auzian. Ardura, zuhurtzia, jakituria eta ekina.
Hezkuntza Legeari bai. Eta bai. Bedi bada.
* Irakasle ohia