Goizero ikusten ditut, lehen orduan, aitona eta iloba. Aitonak ikastolara laguntzen du mutikoa goizero. Askotan gelditzen gara elkarren alboan, espaloian zain, semaforoa oinezkoentzat noiz irekiko. Eta bitartean, ni adi, haien elkarrizketa entzun nahian. Izan ere, ikusten ditudan bakoitzean egiaztatu nahi izaten baitut egun horretan ere betiko gaiaz ariko diren: futbola. Eta bai, haiengana gerturatzen naizen bakoitzean, entzuten dut mutikoa futbolari baten izena aitatzen, edo talde batena… Eta aitona erantzuten, bai, talde ona da hori, ez dakit noren kontra jokatu behar dute asteburuan… Beti-beti ari dira futbolaz. Eta elkarrizketa bizi-bizia izaten dute.

Askotan pentsatu dut, mutiko horri iltzatuta geratuko zaizkiola betirako bere aitonarekin ikastolarako bidean dituen futbolari buruzko elkarrizketak. Eta nagusitan elkarrizketa haien falta sentituko duela. Ez hainbeste futbolaz hitz egiteko beharra izango duelako, futbolak elkarren artean sortzen zuen lotura ederraren beharra izango duelako baizik. Izan ere, ziur naiz haientzat aurrelari, atezain edo selekzio bati buruz hitz egitea, sakonean, elkarri maitasuna adierazteko modu bat dela, agian adierazteko kapaz diren modu bakarra, askotan ez baita erraza izaten sentitzen duguna bestelako hitzez adieraztea. Gol bat elkarrekin gogoratzea izan daiteke elkarri muxu bat edo besarkada bat emateko modu bat.

Horregatik, futbolak aitona-iloba hauen kasuan hain gauza ederra sortzen duela ikustean, oraindik gehiago gorrotatzen dut futbolak duen beste aurpegi hori, Qatarreko mundialean inoiz baino ageriago geratzen ari dena: dirua, negozioa, ustelkeria, boterea…, kirolaren benetako balioen kontrakoak diren ia guztiak. Non dago elkartasuna, kiroltasuna, taldea… Mundiala gora eta behera gabiltza egunotan, eta nik partidarik ikusten ez badut ere, esan behar dut futbolak eman dezakeen ikuskizun baliotsuenetako bat ikusten dudala ia goizero. Aitona eta iloba maitasunaz hitz egiten, futbolaz ari direlakoan. Hori bai mundiala.