Bere bizitzaren egunsentitik, gizakia badoa, aurrera, lan egiten, barre eta ilusioa pizten, sufritzen eta negar egiten, kontraesanekin, bertuteekin eta akatsekin bizi da, bizi behar. Azken aldian hainbat oroitzapen eta urteurren data izan ditugu gogoan, eta bihotzean, nik behintzat. Adibidez, egunotan 40 urte bete-tzen dira ETApmk desagertzea erabaki zuela, orain dela hiru hilabete gogoan izan dugu Migel Angel Blanco hil zuela ETAk era guztiz makur eta oso miserablean. Gogoan nola 2011ko urriko 17an, Aieteko Bake Konferen-tzia gauzatu zela politiko, sindikatu eta eragile sozialen aurrean eta Kofi Annan, Bertie Ahern, Gro Harlem, Pierre Joxe, Gerry Adams, Jonatahan Powelsen laguntza eta itzal pean, eta hiru egun barru, urriak 20ean hain zuzen, ETAk bere jardun armatu eta militarrari amaiera ematen ziola. ETAk Baionako agerraldian armak entregatu zituen 2017ean Baionan eta bere disoluzioa aditzera eman 2.018ko maiatzak 5ean. Aurreko urteko Urriaren 17an, ospatuz hamar urte lehenago Bake Konferentzia gertatu zela, Arkaitz Rodriguez eta Arnaldo Otegik esan zituzten esan zituztenak.

Indarkeria, datak, gogoetak

Ermuako Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrenaren baitan, testuinguruaz hausnarketa eginaz, oroitzapen hauen aurrean argi eta garbi mintzatu zen EBBko presidentea den Andoni Ortúzar Maeztun Uztailaren 9an IV. Alderdikide Egunean: “25 urte geroago, egindako bidegabeko mina ez aitortzeko, eztabaida faltsuekin eta adierazpen orokorrekin ihes egiten dutenei buruz ari naiz, ez dute barkamenik eskatzen eragindako kalteagatik. Gauzei beren izenez deitu behar zaie. Hortik aurrera bakarrik eraiki zezakeen etorkizuna Herri honentzat. Proiektu abertzale osasuntsu bat izateko, Herri honek ezin ditu iraganeko zauriak irekita izan, eta zeregin horretan EAJ inplikatu egingo da. Hor konformatuko gara une oro, baina beti esango dugu esan beharrekoa, euskal gizartearen gehiengoa dela: hiltzea gaizki egon zela, ETA ez zela inoiz existitu behar, atentatu eta indarkeria guztiak gaitzesten ditugula”. Nireak egiten ditut Ortuzarren baieztapen argi hauek.

Era berean nireak egiten ditut, goitik behera, Urkullu Lehendakariak Uztailaren 10ean Ermuan, Miguel Angel Blancoren hilketaren 25. urteurrenean bertan egindako adierazpenekin: hausnarketa ausarta eta indarkeria terrorista egin eta onartzen zuten autokritika zintzoa... ETAren indarkeria bidegabea izan zen...memoriaz etorkizuna eraiki behar dugu... ez dugu, ez dugu nahi, arbela garbitu inoiz ezer gertatu ez balitz bezala...egia argituz, sendatzea, eraldatzailea eta adiskidetzea indarkeriaren deslegitimazio erradikaletik eta elkarrizketaren eta giza eskubideen errespetutik bizikidetza eraiki-tzeko...bakean dagoen Euskadi, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan eraikia, memoriarekin elkarbizitza eraikitzen duena... ETAren amaierak aske sentiarazi zuen, baina oraindik orbaintzeke zeuden zauriekin kolpatutako Herri bat utzi zuen “. Azkenik nireak egiten ditut baita ere 1991-1998 bitartean Barne Saileko Sailburua izan zen Juan Mari Atutxaren hitzak: “Humanismoa alde batera uzteak, enpatia ahazteak, bestea gauzatzeak, kontzientziaren goranzko bide bakartian tranpa egiteak porrotak baino ez ditu eragiten”. Nire iritzi partikularraz (bai partikular eta pertsonalaz, berriro diot): lehenengo ETA non nik militatu nuen, gerraoste errepresibo luzearen garaikoa antifrankista zen (nire sentimendu propioz behintzat), Errepublikaren legezkotasunaren eta gobernu legitimoaren aurkako kolpe militar faxistaren oinordeko zuzena zen gobernu diktatorial eta totalitario baten aurka armak hartu zituena hain zuzen. Horrelaxe bizitu izan nuen. Nire hitza ematen dut. Zintzoki. Ez da eskusarik.

Garapen ustekabe itzal eta itzelak.

Eta ostera azpimarratu nahiko nuke: nik militatu izan nuen lehen ETA antifrankistak (halaxe bizitu izan nuen nik neuk behintzat, zin-tzoki diot, oso zintzoki) armak hartu zituen, bai, askatasunak, demokrazia, giza eskubideak, autogobernua, Euskadi, euskara eta euskal kultura edozein adierazpidetan uka-tzen zituen gobernu faxista baten aurka, horrela bizi nuen behintzat nik neuk, berriro diot. Gazteak, antifrankistak, demokratak eta abertzale sutsuak ginen. Gure eginbeharra zela uste genuelako egin genuen egin genuena. Baina ez genekien zoritxarrez, bizitzako beste kasu askotan bezala, gauzak nola hasten diren ondo dakigula, baina ez dakigu, ez, erabat ez dakigu, zein diren haien ondorengo garapen ustekabe itzal eta itzelak.

Orduko ETA 1974ko amaieran banatu egin zen ETA (pm) eta ETA (m)n. Kide izan nin-tzen ETA(pm), egun hauetan duela 40, urte desegin zen. Negar egin nuen, eta egiten dut gaur egun ere, diktaduraren morroiak fusilatuaren nire burkide eta lagunaren oroitzapenaren aurrean: Jon Paredes Manot Txiki, azken hatsa eman arte Eusko Gudariak abesten, 1975eko irailaren 27batean Frankok fusilatu zuena. Ni neu kide nintzen ETA(pm)n Eduardo Moreno Bergaretxerena, Pertur, desagerpenaren atsekabetasun mingots eta latzak nigan jarraitzen du, estatuko estolden, sasikoen edo sektario inbezilen eskutik burututako espantuzko desagerpena gogoratuz, 1976ko uztailaren 23an gertatu zena hain zuzen.

Baina ETA(m) ez zen desegin, egiaren gordailu omen, “Euskadi eta Askatasuna” akronimoa prostituitu eta akats historiko eta etiko izugarrian bilakatu zen, tresna helburu bihurtuz, etorkizunari eraso eginez, demokraziaren eta autogobernuaren aurka arituz. ETA(m) sektario, zoro eta sektarioa bilakatu zen, etikaren, demokraziaren, askatasunen eta autogobernuaren erasotzaile odolzale bihurtu zen. ETA(m)k jendearen bizitza eta duintasunaren aurretik helburu politikoak jarri zituen aurretik. Baina amaitu egin zen, porrot egin zuen, errenditu egin zen historiaren eta etorkizunaren aurrean. Indarkeria terroristak bere bukaera ezagutu zuen, adierazpen guzti eta ezberdinetan, hots, jazarpen politikoa, intolerantzia sektarioa, makurkeria eta giza ergelkeria.

Ondarea eta itxaropena

Odola isuri izan du, arazoak desitxuratu, familiak ankerki hautsi, gorroto bizia eta mendeku nahia sortu, biktimak probokatu, herritarren elkarbizitza larriki okertu eta gainjarri. Bukatu espantua, alferrikako diskurtsoa. Berandu. Biktimak, ehunka erail, bortxatu, bahitu, xantaia jasan, mehatxatu, zauritu eta ihes egindakoak oroimenean. Iragana idatzita dago, deskriba daiteke, ezin aldatua da, etorkizuna, berriz, gure bilobei egin diezaiekegun oparirik onena da, idaztear dagoena. Ondarea eta itxaropen onena da.

Bai, egia, oker nengoen, nenbilen eta aritu nintzen, oker geunden eta aritu ginen hasiera hasieratik... Abestiak esaten duen bezala hasieran bertan erratu eta ekibokatu ginen. Akats etiko eta politiko handia. Sentitzen dut bihotzez, dagokionari barkamen sentituena zintzoki. Tamalez geure historiaren ez zen inoiz gertatu behar izan. Ez gehiago. Hiltzea ez zen inoiz ondo egon. Biktimak bihotzean. Eta, azken gogoeta: norberak pentsatuko eta erabakiko oraintxe, gaur egun, non eta zertan zegoen, zebilen. Atzo, eta gaur. Gaur, bai, biharko egunari etorkizunari eta bizikidetzari so. Baina, benetan, hain zaila al da esatea oker bidea zela hura, etikaren aurkako jarrera zela, gizakiaren dignitatean gauza guztien gainetik zegoela eta sortutako mina bidegabeko jarduna izan zela, ez dagoela inolako justifikaziorik inor hiltzeko, edo ETA mátalos disparate bat zela esatea eta onartzea?

Badu ezker independentista deritzoneko hainbat arduradun politikok, oraindik, urrats ausartak eman behar larria. Aditz gaiztoaren sujetoa ETA du izena. Kontua ez da adostasun itxurazko distantziakidetasun bat lortzea, baizik eta ozen eta argi hitz egitea: bizikidetzaren konpromisoa beste belaunaldi batera atzeratzeak herritar gisa dugun erantzukizunari uko egitea ekarriko luke. Saia gaitezen guztiok. Lor dezagun erronka. Zorte onena. Goazen beraz. Bedi bada.