Hamabi urte oraindik bete gabeak zituen haur txiki hark (ni orain dela 56 urte) ongi bezain ongi zekien bere egin beharra ondo bezain ondo bete behar zuela nahiz eta urduritasuna nagusi izan. Gizontxoa sentitu nahian bere urduritasuna menperatu nahian etxeko Kaiku izena zuen txakurtxoari kalea ateratzeko sokatxoa lotu eta igogailuan jaisten ditu lau pisuak. Portaletik atera bezain laster eskuinera jo eta Ramón Maria de Lilira abiatzen da gaueroko pasioa txakurrari ematera afal ondoren. Oraingoan atzera begiratzen du Kursaalerantz abiatu baino lehen presari gabe. Atzetik inor ez dabilela ohartu esku ezkerra galtzetako poltsikoan sartu eta disimulu ia ia profesional batez konfeti tamaina txiki txikia duten paper txikitu mordoa hartu eta Urumea ibaira botatzen ditu ilunpea lagun duelarik. Behin eta berriro. Kursaaleko zubia igaro eta Maria Cristina Hotelerantz abiatzean errepikatzen ditu mugimendu berdintsuak poltsikoa erabat hustu arte. Lasai, orain bai, eta harro etxerantz. Aitak: dena ondo Joxemanuel?, nik: bai aita, dena ondo.

La txalupa

Arratsalde partean Osaba Gerardoren bisita izan du aitatxok, bere logelan egon dira ordu pare bat edo, bitartean ni eta nire arreba Arantxa eta anai txikiena Juanramon etxeko beste puntara abiatzen gara. Jakin bezain ongi dakigu isiltasuna bete beharrekoa dela ezinbestez osaba eta aita, bi anaiak, gelan dauden bitartean. Olivetti idazteko makina beltz zaharraren teklak entzuten dira etxe osoan zehar, idazten ari dira zerbait, teklak behin eta berriro, luze, etengabe. Azkenik osaba Gerardo gelatik atera, folio pare bat kontu handiz poltsikoan gordez “Agur Inosen” esaten dio aitari, “Bai, agur Gerardo, goraintziak etxean”.

Aita gelara sartzen da berriro, guraize hots leunak entzuten dira. Ondoren aitatxok 12 urte oraindik bete ez dituen seme zaharrenari, niri, paper zati oso oso txikiz betetako plastikozko poltsatxo bat ematen dio. Haurrak ongi daki zer egin behar duen. Kaiku txakurtxoa kalera atera, nik: “Kaiku! goaxen goaxen kalera”, txakurra saltoka, zaunkaka, pozik, guztiz pozik. Hor doa 12 urte bete gabe dituen mutikotxoa kalera bere eginkizuna burutzera.

1965 urtea zen, “Radio Euskadi” Venezuelatik hasi zen emititzen: “Hemen Euzkadi Irratia, Euzko Erresistentziko Gudarien Deia; aquí Radio Euzkadi la Voz de la Resistencia Vasca; This is Radio Euzkadi, the Voice of the Basque Underground; Ici Radio Euzkadi, la Voix de la Résisten Basque”.

Nire aita Felix Inocencio, “Inosen” eta osaba Gerardo “Jon de Igeldo” horretan zeuden ere, baita ere, kolaboratzaile gisa, txostenak eta informazioa biltzen, jasotzen, idazten eta beste jende asko konprometitu eta ausarten laguntzaz Venezuelarantz bidaltzen nola edo hala. Hamabi urte inguru iraun zuen, 1977 arte hain zuzen, Franco diktadore makurra hila zen eta demokraziaren lehen argi izpiak laino artean azaltzen hasi ziren. Ondoren jakina da, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta ETB eta abar luze sakon eta aberats bat. Hamabi urteko ibilaldiak, pasadizoak, erabakiak, buruhausteak, ilusioak, kezkak, zailtasunak, etorkizunarekiko itxaropen irmoak, eredu izan ziren eta diren emakume eta gizon demokrata eta abertzale askoren sentipenak biltzen dira “La CLANDESTINA – Radio Euzkadi, un irrintzi desde Venezuela” liburu eder eta hunkigarrian.

Liburua, “Círculo Rojo editorialak argitaratua EITBren laguntzaz, aurreko ekainaren 30ean aurkeztu zen EITBko egoitzan, hortxe bertan baitaude Euskadi Irratia eta Radio Euskadi jasotzen dituen bulego eta paretak. Liburuaren egilea Koldo Anasagasti da, liburua erraz irakurtzen da, atsegina da, “engantxatzen” duten horietakoa. Esan beharra dago liburu hau ez dela Koldo Anasagastik idatzi duen lehena, laugarrena baizik, lehenengoa “El último fotograma” izan zen 2019 urtean argitaratua, “Maldito caballo” izan zen bigarrena, 2020 argia ikusi zuena eta “Llegaron las galernas” 2011ean. Belaunaldi paregabe eta guztiz eredugarri baten isla paregabea. Aipamen berezia Ixaka Atutxa izan zen gizonari, Jagi Jagiko gudariari, 13 urte luzetan Venezuelako Oihanean irrati emisora zaintzen igaro zuen gizonari.

Aurkezpena hunkigarria izan zen EITBko Maite Goñi Audio eta Digitaleko zuzendariaren esku guztiz atseginaren laguntzaz eta konpainiaz hain zuzen, Koldok aldamenean Iñaki bere anaia zuen eta han bildutako jende multzoren aurrean hitz batzuk luzatu zituzten, baita ere Jon Gomezek hartu zuen hitza eta adierazi nola konpontzen zituen irratiaren antenak tximino baten antzera lanean, aipatu zituen ere Eusko Jaurlaritzako Lehendakari ordea zen Rezolarekin izan zituen harremanak. Nik neuk ere aukera izan nuen orain dela 56 urte nola mutiko gaztetxo hark botatzen zituen urduri papertxo horiek Urumea ibaira (eta egia esan ni neu ohartu gabe, hunkituta amaitu nituen nire hitzak). Hatxe zeuden Alberto Elósegi bere 95 urtez klandestinitate garai haietan EAJren propaganda arduraduna, hantxe ere Jotajota Azurzaren alaba, Domeka Etxearten alaba, ingelesezko ahotsa jartzen zuen Guillermo Ramosen alaba, diru kontuak eramaten zituen Aranguren eta Josu Legarreta, Ramón Sota, Anzolatarrak Eduardo González eta Mirari, Lidia, Imanol, Iñaki Garcia, Rafa Agirre eta abar luze bat.

Liburuan ongi bezain ongi azaltzen dira “Txalupa”, “Makuto”, “Talo” eta horrelako hitzak zertarako erabiltzen zituzten klandestinitate zorrotza zaintzearren. Bere hitzetan: ”Clandestina, el texto que tienes ahora en tus manos narra de forma novelada un hecho real ocurrido en los años 1965 y 1977 en venezuela, desde donde un grupo de hombres y mujeres emitieron un programa radiofónico diario que tenía como intención hacer llegar a Euzkadi y al mundo la voz de la Resistencia Vasca”, “Es una gesta real, narrada de forma novelada”.

Amaitzen dut, inoiz baino gehiago egi berdaderoa eta borobila den esaldi batekin, horrelaxe hasi bainintzen nire hitzalditxoa EITBko egoitzan aurkezpenean: “Izan zirelako gara”. Gure konpromisoa bete dezagun:” Garelako, eta nahi dugulako, izango dira”. Agur eta ohore guztioi. Herri txiki eta Aberri askatuen egun handirarte!. Ez adiorik, beti arte baizik bihotz bihotzeko arbaso eredugarriak zareten zuok! l