rokorrean ez da marka onekoa zerbait beti bezala gertatzea. Errepikapen etengabearen asperdura, horra zer soinu harrapatzen dion belarriak beti bezalakoari. Beti-berdinarekin nahasten delako du fama txarra beti bezalakoak. Ordea, Sanfermin bat baino gehiago bizi izan duenak ederki daki ez direla inoiz beti berdinak izaten, beti bezala(tsu) iraganik ere. Sanferminek zirritu estua irekitzen diete asmakizun berri eta iraultzaileei. Beti bezalakoak izateak -beti bezain zaratatsuak, koloretsuak, neurrigabeak, ikonoklastak- ematen dizkie xarma eta erakarmena festa nonbait paregabe hauei. Ideia hori idurikatu nahirik gauzatu du Olaia Merinok aurtengo Sanferminak iragarriko dituen kartela. Ez zezenik, ez erraldoirik, beti bezalakotasun zorioneko eta alai bat baizik, pandemiaren ondoko Sanfermin berpiztuetarako. XX. mendeko 30eko hamarkadako kartelen bertsio eguneratu eta dinamikoa proposatuz irabazi du diseinatzaile gazteak Iruñeko Udalak horretarako antolatu duen lehiaketa. Bazen jakin-mina sariketaren emaitzaren gainean: aurten iruzur informatikoa gehitu zaio prozeduraren egokitasunaz eta kartelen kalitateaz urtero sortzen den polemika zahar-berriari. Zer eta ziber-erasoak, hiriko Udalaren webgunean, lehiaketako parte-hartzaile baten fabore. Ziber-erasoak, bai, Estatu Batuetako lehendakaritzarako hauteskundeetan edo Ukrainako gerlan bagina bezala. Ez dezaten erran, gero, Sanferminak mundutik at daudenik. Damurik, ez dugu jakinen noren aldekoak ziren boto manipulatuak. Oraingoz, behinik-behin hemen dena jakiten baita azkenean. Izenburuak bertzerik adierazita ere, 2022ko Sanferminetarako kartelen lehiaketa ez da, beraz, beti bezala joan. Aspaldiko partez lan irabazlearen izenburua euskaraz izateak ere desberdin egin du aurtengo hautapena. Orain pena dut Olaia Merinoren lanaren aldeko botoa eman ez izana. Baita batere botorik eman ez izana ere. l
- Multimedia
- Servicios
- Participación