ahai baten inguruan gauza asko gertatzen dira. Mahaiak altzari sinbolikoak dira. Aste honetan bi mahai egin zaizkit bereziki deigarri. Bat, noski, Putin eta Macronen arteko distantzia sinbolizatzen zuen mahai errusiar erraldoia. Zenbat barre, portzierto, mahaiarekin egindako meme batzuekin. Beste mahaia Georgina dokumentalean ikusi dut. Ez dut telesail osoa ikusi, ez pentsa, baina halako produktu baten estiloa, tonua eta edukia ezagutzeko jakinmina nuen. Horrela, lehen atalaren zati bat baino ez nuen ikusi, nahikoa haren etxeko mahai erraldoi bat ikusteko.
Bi kasuetan mahai erraldoia botere erakusgarri bat da. Botere politiko eta militarrarena, botere ekonomikoarena. Azkenean, boterea dutenek erakusteko beharra sentitzen dute. Eta zertan geratzen da batzuetan botere hori? Mahai erraldoi batean, besterik ez, zeren Georginaren kasuan, adibidez, han ez zegoen beste botererik ekonomikoaz gain. Bere deklarazioetan dena baitzen azalekoa, dena erositako gauzei buruzkoa: jet pribatua, kotxeak, luxuzko artikuluak... Pornografikoa iruditu zitzaidan halako erakustaldia kontuan izanda munduko biztanleriaren gehiengoaren egoera ekonomiko larria.
Zenbat gauza ezberdin sinbolizatu ditzake mahai batek. Izan ere, iruditzen zait haren bueltan lagunak eta familia elkartzea dela mahai batek duen sinbologia indartsuena. Eta aipatutako bi mahaien kasuan, bi mahai huts ikusi ditut. Bi mahai hotz. Diruak eta botereak ezin baitute bete mahai bat barrez, algaraz, abestiz, kontu zaharrez, elkarri kontatutako amets eta sekretuez...
Bakoitzak bere mahaira begiratu eta neurri handi batean han ikusiko du bere bizitza. Nor esertzen da zurekin mahaian egunero? Urrun ala gertu esertzen zarete? Nor gonbidatzen duzu zure mahaira? Inor gonbidatzen al duzu?
Botereak badu arkitektura bat, maitasunak eta adiskidetasunak ere bai. Nik nahiago dut sitsak janda dagoen mahai ziztrin eta zahar bat, baina lagunak izatea haren inguruan. Botere hori baino indartsuagorik ez dago.