“2020an ez genuen amore eman HIGA - Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa antolatzeko aukera on bat topatzeko ahaleginean, baina ez zen posible izan. Hilabeteak igaro ahala, konturatu ginen 2021ean ere zaila izango zela; hala ere, nahiz eta HIGAren bi edizioen formatuaz bestelakoa izan, bada gazte jendea hizkuntza gutxiagotuen gainean gogoeta egiteko eta elkartzeko beste modu bat... Hartara, e-GA sortu zen”. Hitz horiekin aurkeztu dute Gasteizko Udaletik gasteiztarren arteko hizkuntza-lankidetza sustatu nahi duen lehiaketa berria.

Hala, proiektu honen arduraduna Beñat Garaiok egunkari honetan azaldu duen bezala, proiektu-lehiaketa honek bi helburu ditu: batetik, hizkuntza-lankidetza sustatzea eta, bestetik, ekainaren 11n streaming bidez egingo den topaketa birtuala egitea. “Munduan hizkuntza asko daude, baina guztiek ez dute biziraupena ziurtatuta. Politika instituzionalez gain, funtsezkoa da gizarte zibiletik sortutako aktibismoa ere sustatzea. Zentzu horretan, gazteria izango da hizkuntza biziberritzea bultzatuko duen gizarte taldea. Testuinguru globalizatu honetan, eta erronka horri erantzuteko, hizkuntza-komunitateetako gazteen arteko elkartasuna eta lankidetza funtsezkoak izango dira hizkuntzen etorkizunerako”, azaltzen dute Udaletik. Ildo horretatik, proposatzen duten proiektua komunitate desberdinen edo beste hizkuntza komunitate baten arteko lankidetza proiektu bat sortzea da. Parte hartzeko baldintzak, batez ere, adinari dagozkionak dira. Izan ere, 35 urte bitarteko gazteek parte har dezakete. Ahal bada, gainera, proiektu hau beste hizkuntza komunitate bateko beste gazte batekin lankidetzan egitea eskatzen da. “Erakundea kontaktuak errazten saiatuko da, beharrezkoa izanez gero”, gaineratu du.

Lanaren formatuari dagokionez, guztiz askea da: hizkuntza biografia (5 orrialde, gehienez), abestia, artelana (2 orrialdeko azalpena gehienez), elkarrizketa edo ikus-entzunezkoa (5 minutu, gehienez), besteak beste. Bestalde, hizkuntza gutxitu batean idatzita, diseinatuta, kantatuta... egon behar du; eta horretaz gain, eGA-ko hizkuntza ofizialetako batean (euskara, ingelesa edo gaztelania). Gainera, “lan originalak izan beharko dira, beste inon argitaratu gabeak”. Batzorde batek baloratuko ditu proiektuak eta, horretarako, irizpide batzuk hartuko dira kontutan, besteak beste, originaltasuna, kalitate teknikoa, hizkuntzen biziberritzera bideratuta, hizkuntza-lankidetza eta genero-berdintasuna.

Epea hilaren 23ra arte dago irekita proiektu-lehiaketa. Bestalde, “topaketa Oihaneder Euskararen Etxean egingo da 2021eko ekainaren 11n, ostirala, eta streaming bidez zabalduko da kontuan hartuta munduko hainbat kokapenetako ordurik egokiena. Topaketa honetan, Kike Amonarrizen hitzaldi interesgarria izango dugu, proiektuen sariak banatuko dira eta Ibil Bedi taldearen kontzertu batekin amaituko da. Batez ere euskara erabiliko da, baina gaztelaniara eta ingelesera itzuliko da aldi bereko interpretazio-zerbitzuaren bidez, baita Espainiako zeinu-hizkuntzara ere”, azaldu du Beñat Garaiok. Gainera, hiru irabazle egongo dira. Haientzat, saria 700, 500 eta 300 eurokoa izango da. “Jendea parte hartzera animatzen dugu, oso proiektu polita da, eta gogo handia genuen hori egiteko eta gozatzen jarraitzeko, nahiz eta beste berrikuntza batzuekin eta beste era batera izan, koronabirusaren pandemiagatik”, dio eta gehitzen du: “Oraindik badago denbora, beraz, nahi duten guztiak animatzen ditugu parte hartzera”.

Esaldia. “Iaz ez genuen amore eman Hizkuntza Gutxituetako Hiztun Gazteen Topaketa antolatzeko aukera on bat topatzeko ahaleginean, baina ez zen posible izan. Konturatu ginen aurten ere zaila izango zela; hala ere, nahiz eta HIGAren bi edizioen formatuaz bestelakoa izan, bada gazte jendea hizkuntza gutxiagotuen gainean gogoeta egiteko beste modu bat... Hartara, e-GA sortu zen”.