- Mirari Ayerbe irakaslea Farmazia Fakultateko dekano berria izendatu dute. Kimika Zientzietan lizentziatua, Kimika Organikoan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Irakasle izateaz gain, beste kargu administratibo batzuk ere izan ditu Farmazia Fakultatean eta Arabako Campusean.

Zeintzuk dira Farmazia Fakultateko dekano berri gisa aurre egin behar diozun erronka nagusiak?

-Batetik, Farmaziako eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradu bikoitzaren ezarpenarekin aurrera egin behar dugu. Dagoeneko lehenengo eta bigarren maila abian dira, eta ikasturtez ikasturte maila bat gehiago ezartzen joango gara 2025-26 ikasturtean ezarpen osoa lortu arte. Bestetik, Eusko Jaurlaritzak Euskal Unibertsitate Sistemaren ikasketen kategorizaziorako ezarritako irizpideen araberako azterketa egin behar dugu titulazio guztietan. Eta datorren ikasturteari begira, irakaskuntza garatzeko modurik egokienak bilatzen eta ezartzen jarraitzea. Izan ere, aldaketa handiak egin behar izan ditugu ikasturte honetan, eta horien azterketatik ondorioak aterata, hobetzen jarraitzeko konpromisoa dugu.

Zure kargu berrian, zer helburu dituzu betetzeko?

-Ikaskuntza-irakaskuntza eta ikerketaren arteko lotura sendotu behar dugu, irakaskuntza metodologien artean ikerketan oinarritutako ikaskuntza txertatuz. Hau lortzeko, ikertzaile eta ikasle gehiago elkarrengana hurbildu behar ditugu, eta gehiagotan. Ikerketa eta bere emaitzak gizarteratzea ere helburu nagusietako bat da. Ikertzea zer den eta ikertzaileek zer egiten duten dakien gizarte batek hobeto ulertzen ditu gaur egungo arazoak, irtenbide posibleak modu kritikoan baloratuz, ezagutzaren bilakaera azkarra barnera dezake, eta egoera berrietara moldatzeko gaitasun handiagoa du. Aurretik irakasleei aholkularitza pedagogikoa ematen eta berrikuntzan lan egiten aritu naiz. Horri esker ondo dakit zein balio handikoak diren fakultate honetako irakasle talde asko eta asko. Metodologia berritzaileak erabiltzen dituzte beren eskoletan, ikasleen engaiamendua lortzeko baliogarriak direnak eta etekin onak ematen dituztenak. Horiek hedatzeko ahaleginak egiten jarraituko dut.

Farmazia Fakultateak bere aintzatespena handitu du azken hilabeteetan, koronabirusaren pandemiaren ondorioz; gizartean zuen lana gehiago baloratzen dela uste duzu?

-Baietz esango nuke, zalantzarik gabe. Gure irakasle batzuen presentzia areagotu da hedabideetan, ezagutza sendoan oinarritutako iritziak eman dituzte pertsona adituak direnekotik. Sekulako gaitasuna erakutsi dute hitz apaletara itzultzeko punta-puntako ikerketek diotena, adibidez. Osasun arloko profesional guztienganako errespetuarekin batera, ingurumenaz arduratzen direnekikoak ere gora egin du. Eta irakaskuntzan dihardutenen lana, maila guztietan, eskertzekoa izan dela esan beharrik ez dago. Horietakoen artean gaude fakultate honetako langile guztiak.

Zer ondorio ekarri ditu pandemiaren etorrerak eta aldaketa-aro berri honek Farmazia Fakultatera?

-Zalantzarik gabe, irakasteko modua aldarazi du. Ez dauzkagu aurrez aurre ikasgelan ikasle guztiak irakasgai guztietan, aforo murriztuek behartuta. Teknologiak laguntzen duen arren, eskolak etxetik jarraitzen dituen ikasleari beste zerbait eskaini behar zaio, eta horrek aldaketa metodologikoak eragin ditu. Aldaketak positiboak izan direla esan dezakegu, orokorrean. Bestalde, gizarteak ikasi du arazo honi diziplinarteko elkarlanarekin soilik egin dakiokeela aurre, eta gure fakultatean diziplinen arteko mugak gainditzen ohituta gaude. Gure ikasleek hasiera-hasieratik ikusten dute behar hori, eta azken urte honetan bizitakoaren arabera, bide onetik doazela ohartu dira.

Zer lan aukera dituzte graduatu berriek ikasketak bukatu eta gero?

-Orain artekoan, behintzat, Lanbidek ematen dizkigun datuen arabera, langabezi tasak nahiko txikiak dira. Agian guztiek ez dute lortzen amestu zuten horretan lan egitea, baina Elikagaien Zientzia eta Teknologia ikasten dutenen artean, esaterako ez dago langaberik. Baliorik txarrena Ingurumen Zientzietan dugu %13-ko tasarekin.

Zer eskaintzen du EHUko Farmazia Fakultateak?

-Fakultate honetan bost gradu ikasten dira: Farmazia, Giza Nutrizioa eta Dietetika, bi hauek batzen dituen Gradu bikoitza, Elikagaien Zientzia eta Teknologia eta Ingurumen Zientziak. Gradu hauek guztiak gaztelaniaz eta euskaraz ikas daitezke, irakasgai gutxi batzuk kenduta, eta ingelesez eskaintzen diren irakasgai batzuk ere badaude. Gainera, lau master ofizial ematen ditugu: Enologia Berritzailea, Bordeleko Unibertsitatean titulu bikoitza lortzeko aukera ematen duena, Elikadura eta Osasuna, Elikadura-Kalitatea eta Segurtasuna eta Analisi Forentsea, guztiak gaztelaniaz. Ikasketa hauek burutzen dituzten ikasleek, oro har, balorazio ona ematen diote beren ikasketa ibilbideari, eta baita irakaslegoari ere. Alderdi praktikoak zama handia du. Horretarako 50 laborategitik gora, lau ordenagailu gela, Novaltia- UPV/EHU enpresa gela - farmazia-bulego bat simulatzen duena - eta elikagaiak prozesatzeko instalazio pilotua dauzkagu. Oso ikasketa aplikatuak dira, eta hala ere, gehiago sakontzeko eta ikasten jarraitzeko formakuntza egokia ematen dute, hau da, doktoradutza programetan sartzekoa. Fakultatean beren doktoretza tesia egiten ari diren ikasle-ikertzaile asko dugu. Urtero 10-16 tesi inguru defendatzen da hemen.

Interes handiagoa al dago orain karrera profesional honekiko lehen baino?

-Farmaziari buruz galdetzen badidazu, baietz esan behar dizut. Garai honetan egiten dute batxillergoko ikasleek aurre-izenematea, eta aurtengoa oraindik itxi gabe badago ere, aurreko urtekoarekin alderatuta % 8 igo da ikaslegai kopurua. Iaz 2019-koarekiko % 12 igo zen guztira. Jakin dugu estatu mailan Farmaziako ikasketen inguruko interneteko kontsultak %168 ugaritu direla azken urtean.

Maila pertsonalean, nola jaso zenuen izendapenaren berri?

-Bada, Hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuko zuzendaritza utzi berri nuen, eta bitarte horretan, fakultateko dekanorako huateskundeak deituta zeuden. Inork ez zuen hautagaitzarik aurkeztu. Gauzak horrela, hauteskunde legeak dio Errektoreak proposatzen duela dekanoa ikastegiko irakasle doktore iraunkorren artean. Eta niri dei egin zidan, bere izenean, campuseko errektoreorde Manoli Igartuak. Bera izan da aurretik gure dekanoa. Ezustekoa izan zen, baina ohorea ere, aurreko ibilbidearen errekonozimendu gisara hartu nuen. Eta ardura, ardura handia. 48 ordu baino gutxiagoan kargua hartzea erabaki nuen. Eskerrak lankide bikainak nireganatzea lortu nuela taldea osatzeko.